San Juan kaleak ez ditu kalea oinezkoentzat egiteko izan beharreko ezaugarriak betetzen - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > San Juan kaleak ez ditu kalea oinezkoentzat egiteko izan beharreko ezaugarriak betetzen

San Juan kaleak ez ditu kalea oinezkoentzat egiteko izan beharreko ezaugarriak betetzen

2022/05/26


Gaur arratsaldean egin den Barakaldoko osoko bilkuran Alderdi Popularrak egindako eskari bat jorratu da, zeinaren bidez San Juan kalea oinezkoentzat egiteko eskatu baitzuen. Jon Andoni Uriak, Auzoetarako eta Hirirako Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak, azaldu du ez dela proposamen berria, eta arloko teknikariek dagoeneko aztertu dutela. "Inguruko ostalaritzak aspalditik egiten digun eskaerari aldeko erantzuna ematen saiatu gara. Alabaina, ez da irisgarritasun unibertsala errespetatzen duen eta dauden lokalak suspertzen nahiz herritarren paseoa ahalbidetzen duen konponbide orekaturik aurkitu. Izan ere, tarte horrek, oinezkoentzat izango balitz ere, ez luke zuzenean eta modu naturalean loturarik izango hurbileko beste oinezkoentzako tarte batzuekin, hala nola Zaballarekin, Foruekin edo Herriko Plazarekin; aitzitik, tartea isolatuta geratuko litzateke eta ezin izango litzaioke jarraipenik eman", azaldu du.

Batetik, tarte hori oinezkoentzat egitearen ondorioz, gaur egun 100 metrotan egiten den ibilbidea, Nafarroa kaletik Aldapa kalera doana eta udalerriko irteera-sarera iristen dena, luzatuko litzateke eta kilometro batekoa izango litzateke; hortaz, trafikoaren alternatiba ez da horren bideragarria. Bestetik, San Juan kaleko tarteak honako neurri hauek ditu: 8,5 metroko zabalera du fatxaden artean, 3,5 metroko erdiko galtzada, eta 2,50 metroko bi espaloi alde bakoitzean.

Tarte horretan ostalaritzako sei lokal daude. Berdintasun-printzipioaren arabera, guztiek eskatu ahalko lukete terraza jartzeko baimena; hala, aintzat hartuta fatxadetatik irisgarritasuneko 2 metroko distantzia errespetatu behar dela, eta erdigunean beste 3 metro utzi behar direla larrialdietarako ibilgailuetarako eta udal zerbitzuak, 1,5 metro kenduko lirateke, hau da, 0,75 metro kalearen alde banatan terrazak jarri ahal izateko. "Kontuan hartuta mahai batek eta lau aulkik gutxienez metro karratu bat hartzen dutela, ez da aukera bideragarria", nabarmendu du Uriak.

Teknikariek aztertutako beste kasu batean, zenbaki bakoitien aldean dauden ostalaritzako lokalak soilik hartu dira kontuan, non lokal bakarra baitago. Kasu horretan, erdiko aldearen ardatza mugitu ahalko litzateke eta 3 metroko tartea utzi; hala, 1,5 metroko gunea geratuko litzateke terrazetarako. Hala eta guztiz ere, aukera hori gauzatu ahal izateko, hiriko altzari batzuez gain farolen, zuhaitzen eta bankuen lerrokadura osoa aldatu beharko litzateke kalearen tarte osoan, eta berrurbanizazioko gutxieneko kostua 70.000 euro baino gehiagokoa izango litzateke.

"Terrazen, oinezkoen gunearen, irisgarritasunaren eta hiriko altzarien artean lortu beharreko oreka ez da erraza, inondik inora ere", ziurtatu du Uriak. "Zerbitzu teknikoek hizpide dugun tartea oinezkoentzat egiteko hainbat txosten egin dituzte, azaldutako alderdi guztiak aintzat hartzen dituztenak, eta bat ere ez da egokia ikuspuntu guztietatik", amaitu du.

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook