Barakaldo kezkatuta eta haserre agertu da euskararen normalizazioaren eta erabileraren alde egindako lana alderantzikatu daitekeelako - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldo kezkatuta eta haserre agertu da euskararen normalizazioaren eta erabileraren alde egindako lana alderantzikatu daitekeelako

Barakaldo kezkatuta eta haserre agertu da euskararen normalizazioaren eta erabileraren alde egindako lana alderantzikatu daitekeelako

2023/01/12


Barakaldoko Udala kezkatuta eta haserre agertu da gaur goizean, Barakaldoko kultur zerbitzuen azpikontratazioetan euskararen ezagutzaren eskakizuna baliogabetzen duen epaiak hainbat udalerrik eta herritarren zati handi batek euskararen normalizazioaren eta erabileraren alde urteetan egin duten lana leheneratu dezakeelako. Hala jaso da EH-Bilduk eskatuta onartu den adierazpen instituzional batean. Testuak ahalik eta adostasun handiena lortu nahi zuen, Udaleko langile juridikoek ez baitzuten legezko oinarririk ikusi epaiaren aurrean errekurtsoa aurkezteko. Hala, adierazpen instituzionalak EAJ-PNVren eta EH-Bilduren aldeko botoa jaso du, Elkarrekin Barakaldoren kontrako botoa, eta PSE-EEren bozketan parte hartzeari uko egin dio. PPk ez du Bozeramaileen Batzordean parte hartu nahi izan, baina kontrako jarrera agertu du.

Barakaldoko Udalak ez du epaiaren aurkako errekurtsorik aurkeztuko, baina gobernu-taldeak une oro azpimarratu du kultur etxeetako langileen lana bermatuta zegoela, eta, aldi berean, Barakaldoko herritarren hizkuntza-eskubideetan aurrera egiteko lanean ari direla, gaur egun 26.000 pertsona baitira euskara hitz egiteko eta ulertzeko gai.

Testuan jasotzen denez, Barakaldoko Udalak bat egiten du EAEko erakunde publiko guztiak euskararen normalizazioan egiten ari diren lan eskergarekin, horrela, euskarak bere lekua izan dezan herritarren egunerokoan eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak berma daitezen.

Azkenik, Udalak herritarrei dei egiten die bihar, ostirala 13, Barakaldoko euskal-mugimenduak deitu duen eta 19:00etan Bide Oneran egingo den elkarretaratzean parte har dezaten.

Adierazpen instituzionala:
Barakaldoko kultur zerbitzuetako azpikontratazioetan euskara eskatzea baliogabetu duen ebazpenari buruzko adierazpena

EAEko Auzitegi Nagusiak Barakaldoko gertuko kultur zerbitzuak kudeatzeko lehiaketa publikoan gutxieneko euskara maila eskatzea baliogabetu duen ebazpenak kezka eta egoneza sortu ditu herritarrak ordezkatzen dituen Udal honetan.

Barakaldoko Udalak bat egiten du EAEko herri erakunde guztiek euskara normalizatzeko egiten ari diren lan eskergarekin, euskarak herritarren egunerokoan dagokion lekua har dezan eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu daitezen.

Hori helburu hartuta, EAEko herri-administrazio orok lanpostu publikoen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasunak ezartzeko duen legezko zilegitasuna eta eskumena aitortzen dugu, herritarren hizkuntza eskubideak erdigunean jarrita.

Azken ia 25 urteotan indarrean egon den Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua giltzarri izan da sektore publikoan euskararen normalizazioa sustatzeko eta herri-langileen hizkuntza gaitasunean nabarmen aurrera egiteko.

Kezka eragin digu Auzitegi Nagusiaren epaiak, kolokan jar dezakeelako azken hamarkadetan EAEko sektore publikoan euskararen normalizazioan aurrera egiteko izan dugun marko juridikoa, euskal gizartean eredugarria eta babes handikoa izan dena.

Kezka eta haserrea, hainbat eta hainbat udalerrik eta herritarrek urteetan egindako lana hankaz gora jar dezakeelako. Horregatik, ostirala honetan Barakaldoko euskaltzale mugimenduak deitu duen elkarrateratzean parte hartzeko deialdia egiten dugu. Bide Onera plazan izango da, arratseko 19:00etan.


Barakaldo, 2023ko urtarrilaren 12a

(FUENTE: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook