Amaia del Campo alkatea eta Javier Santurtún modu parte-hartzailean Arteagabeitian margotu diren horma irudiak bisitatzera joan dira - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Amaia del Campo alkatea eta Javier Santurtún modu parte-hartzailean Arteagabeitian margotu diren horma irudiak bisitatzera joan dira

Amaia del Campo alkatea eta Javier Santurtún modu parte-hartzailean Arteagabeitian margotu diren horma irudiak bisitatzera joan dira

2022/02/07


Arteagabeitia auzoko sei hormek itxura ezberdina dute gaur, duela hilabete batzuetan zutenarekin alderatuta. Besteak beste, Juan Gris, Kandinski edo Delaunay artisten obrek espazio horiek hartu dituzte eta auzoari bizi berri bat eman diote. Proiektua Javier Santurtúni esker burutu da eta dagoeneko amaituta dago. Gaur proiektua bisitatzera joan dira Amaia del Campo alkatea, Barakaldoko artista eta artelan bakoitzari kolorea eman dioten pertsona boluntario guztiak. "Oso proiektu polita da, eta auzoan oso harrera ona izan du. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet proiektua gauzatzen lagundu duten pertsona guztiei", nabarmendu du alkateak. "Auzoan jaio eta gauzatu den proiektua da, eta horrek egiten du berezi", adierazi du.

Kasu honetan, Santurtún artistak proposatu du ekimena. Izan ere, bera izan zen Arteagabeitia auzoan hainbat horma margotzeko aukera proposatu zuena, horretarako inguruko hainbat auzokideren partaidetza izanik. Hamabost bat pertsona batu dira ekimenera aintzatetsitako artisten koadroak birsortzeko. Aukeratutako artistek protagonismo nabarmena izan zuten XX. mendearen hasierako abangoardien zabalkundean, eta abiarazitako mugimendu artistikoei esker, artea berritu zuten, ordutik gaurdaino.

Margoketa lanak gaur hasi dira, eta hurrengo asteetan izango dute jarraipena, auzoko sei tokitan. "Auzoko hainbat artistak denbora generaman ideia honi bueltaka, bai baikenekien horma irudi sinple batzuekin bizi handia eman geniezaiokeela auzoari. Azkenik, proiektuarekin gauzatu ahal izan dugu ideia hori. Gainera, auzokideen jakin mina piztu du", azaldu du Santurtúnek.

Hormak honako kale hauetan daude: Aragoi kalea, Landabeko eta Landaberriren gurutzagunea, Landeta eta Astarloa 13ren gurutzagunea, Pablo Picasso kalea (z.g.) eta Arteagabeitia eta Euskadi etorbidearen gurutzagunea. Van Gogh, Cezanne, Delaunay, Juan gris edo Kandinsky artisten obrak berregin dira.

"Pasa den urtearen amaieran proiektu bati ekin genion gure hiriari itxura modernoagoa eta garbiagoa emateko. Horretarako, erabiltzen ez ziren hormei bizitza berri bat eman diegu. Orain, guztion artean zaindu behar dugu, izan ere, auzoan jaio eta gauzatu den proiektu bat da", adierazi du alkateak bukatzeko.

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

 

Partekatu:
Twitter Facebook