Arrontegi auzoko Gaztela-Mantxa kalean bildu dira auzotarrak, Barakaldoko adinekoen zentro berriari ongietorria egiteko. Barakaldoko alkate Amaia del Campo eta Arrontegiko Nagusiak elkarteko Jose Gormedinok ebaki dute zinta. 400dik gora kide dauzka zentroak. “Elkarte-mugimendua indartsua da Arrontegin, eta leku honek aisia eta topa egiteko aukera ugari eskainiko dizkie bertako adinekoei” adierazi du Alkateak. Gizarte Ekintzako diputatu Isabel Sanchez Roblesek eta hiriko eta auzoko
elkarte-sareko ordezkariek ere parte hartu dute inaugurazio ekitaldian.
Arrontegiko Nagusiak elkarteak kudeatuko du adinekoen zentroa. Astebete eskas igaro da izen-ematea zabaldu zenetik, eta dagoeneko 400dik lagun bildu ditu, Arrontegi bertakoak eta inguruko auzoetakoak. 304 metroko lokalak solairu bakarra du. Erabilera anitzeko areto bat dauka jarduera fisikoak egiteko (Pilates, TaiChi eta abar), kafetegidun gune soziala, jarduerak (eskulanak, ikastaroak edo mintzaldiak) egiteko areto balioaniztun bat, sukaldea, egokitutako komunak, bai eta ile-apainketa, estetika, podologia eta masaje zerbitzuak eskaintzeko guneak ere.
Oraingoz, kafetegi zerbitzua eta ile-apaindegia baino ez dira eskainiko; bazkideen nahien arabera erabakiko baia zein jarduera abiarazi. "Betidanik jarraiki zaio Barakaldo eredu horri: adinekoek beraiek kudeatzen dituzte instalazioak, bai eta erabakitzen ere zer, noiz eta nola egin gauzak” adierazi du Del Campok. “Inork ez du haiek baino hobeto ezagutzen zer behar dauzkaten”.
Lokaleko lanak egiten ari ziren bitartean, nabaria zen irrika, asko baitziren noiz zen zabaltzekoa galdetzera hurbiltzen zirenak. “Garrantzi handikoa da elkarte-ehuna auzo honetan. Auzotarrak zeharo inplikaturik daude auzoaren proiektuan, elkarbizitzan eta kaleko jardueretan, eta uste osoa dute, adinekoen zentro honek zahartze aktiboa eta belaunaldi arteko jarduerak bultzatuko dituela” nabarmendu du.
Barakaldoko bederatzigarren zentroa da Arrontegiko Nagusiak hartuko dituena. Duela urtebete zabaldu zen zortzigarrena Retuertoko auzoan, “eta, aurrera egiten jarraituko dugu ildo horretatik, gure adinekoek erabili eta gozatzeko moduko ekipamendu berriak egokituz” esan du Del Campok.
Elkarri lotuta dauden zentrook ia 6.000 adinekori ematen diote zerbitzua.