Asteazkenean hasiko ditu Arteagabeitiak kulturarteko jardunaldiak auzoko kolektibo eta zerbitzuak ikusgai bilakatzeko - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Asteazkenean hasiko ditu Arteagabeitiak kulturarteko jardunaldiak auzoko kolektibo eta zerbitzuak ikusgai bilakatzeko

Asteazkenean hasiko ditu Arteagabeitiak kulturarteko jardunaldiak auzoko kolektibo eta zerbitzuak ikusgai bilakatzeko

2018/09/17


Zuhatzu-Arteagabeitia auzo barakaldarrak aste berezi bat bizituko du asteazkenetik aurrera, kultur jardueraz blai. Kulturarte ekimena sortu dute auzoko kolektiboek Barakaldoko Udalaren laguntzaz: Zuhatzu-Arteagabeitiak dauzkan kolektibo eta zerbitzuak ikusgai bilakatu nahi dituzte kulturarteko jardunaldiotan, auzotarrak elkarrekin topo egiteko guneak sortuz.


Hainbat kolektibo eta elkarteren babesa izan du Kulturartek: Bertoko auzotarren elkartearena, bai eta Ilazki Aisialdi Talde, ostalari eta merkatari, Ongi etorri errefuxiatuak elkarte, Sumandu-Gehituz plataforma, zentro galiziar, Kale Dor Kayikko kolektibo, Hala Dzipo, Os Recunchos das Pontes, Lutxanako gaitero, Orfeoi barakaldar, Zuhatzuko albokari, Ibarrakaldo, Barakaldo Sahararen alde, Agharas, Doces Lebranzas, Chile Lindo, Sapali, Euskadi eta Angola DJ eta auzoko ikastetxeetako IGEena ere, besteak beste.

“Elkarte eta kultur munduaren babes zabalean eta helburuan datza, hain zuzen ere, ekimenaren arrakastaren handia, auzoko gizarte eta kultur eragile guztien arteko lankidetza eta euren arteko sinergia-harremanak bultzatu asmoz sortu baita”, adierazi du Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Droga-menpekotasunen Prebentzio Arloko Nerea Cantero zinegotziak, erakundeko ordezkari Txiki Castaños eta Lourdes Durán alboan zituela.


2016an sortu zituzten Zuhatzu-Arteagabeitia auzoko kolektiboek Euskal Herria-Galiza Kultur Festa; arrakasta handia izan zuten orduan euskal eta galiziar kultura uztartzeko prestatutako jardunaldietan. Hirugarren ekimen hau Kulturarte izenez berrizendatu dute. “Aurrekoetako emaitza oparoa ikusita, ekimena antzeko eredu batez sustraitzea komeni zela iruditu zitzaigun, baina bestelako gizarte-kultur errealitateei bide emanez", azaldu dute antolatzaileek.


Hogei bat jarduera


Hogei bat jarduera prestatu dira; guztien artean nabarmentzekoak dira: mintzaldi eta dokumentalak, haur-jolasak, musika kalejirak, tailerrak, dastaketak, kontzertuak, feriak, erromeriak... Auzoko kaleetan nork bere txokoa aurkitzea, eta, batez ere, gure hiriko kultur aberastasuna ezagutaraztea da helburua”, adierazi du zinegotziak. Zuatzuberri elkarteko ostalarikideak modu berezian murgilduko dira Kulturarte honetan, Mundopotea martxan jarriz. “Ostalaritzako saltoki bakoitzak bost kontinenteetako bat aukeratu, eta musika, dekorazio eta pintxo egokia prestatzean datza ekimena. Aldi berean, pasaporteak banatuko dira parte hartu nahi duten guztien artean. Zozketa egingo da bost kontinenteetako zigiluak dauzkaten entregatutako pasaporteen artean, eta nekazaritza azokako produktu sorta bat eramango dute irabazleek”, azaldu dute antolatzaileek.

 

 

Partekatu:
Twitter Facebook