Auzoak onbideratzeko Partaidetzazko Aurrekontuak ia 3 milioi eurora arte hazi dira - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Auzoak onbideratzeko Partaidetzazko Aurrekontuak ia 3 milioi eurora arte hazi dira

Auzoak onbideratzeko Partaidetzazko Aurrekontuak ia 3 milioi eurora arte hazi dira

2022/05/25


Abian dira dagoeneko Partaidetzazko Aurrekontuak. Finkatua du Barakaldoko Udalak barakaldarrek auzoetarako nahien dituzten proposamenak bozkatzeko egunak. Horrez gainera, Udalak inbertsioa handiagoa egingo du herritarrek aukeratutako proposamenak errealitate bihurtzeko, lehengo 600.000 euroko partida ia 3 milioi eurora zabalduz "Proiektu txikiak egiteko eskaintzaren erantzuna hain izan da oparoa, Udalak maila berean erantzutea merezi zuen", azaldu du Gobernu Irekia, Turismoa eta Berrikuntza arloko zinegotzi Gorka Zubiaurrek.

2020an egin zuen Barakaldoko Udalak Partaidetzazko Aurrekontuen azken edizioa, zeinetan, pandemiaren karietara, biurteko ekimenaren 2,2 milioietatik 1,6 milioi Covidak familiengan eta enpresetan eragindako ondorioak apaltzeko neurrietara bideratu baitzituen. Gainerako 600.000 euroak auzoetara bideratutako lehenengo Partaidetzazko Aurrekontuetarako izan ziren. "Proposamen aitzindaria izan zen hura, lehen eta bigarren mailako auzoak desagerrarazteko helburuz egina, auzo barakaldar guztiek izan zitzaten auzotarrek bozkatutako erreforma eta mantentze-lan txikiak egiteko aukera", azaldu du Zubiaurrek.

2021eko irailean zabaldu zen proposamenak jasotzeko epealdia. "Egia esan, barakaldarren erantzunak gainezkatu egin gintuen. Proiektu saldoa jaso genuen, eta formulario bakoitza aztertu ondoren, auzoetarako 1.530 obra-proposameneko uzta bildu genuen auzotarrengandik", gogoratu du.

Horietatik, 407k jaso du teknikarien bermea, eta bozketa prozesua arintzeko 212 obra txikitarako proiektutara bildu dira guztiak.

"Herritarren proposamen oparoak maila bereko erantzuna merezi du udalarengandik, ahalik eta proposamen gehien gauzatu daitezen. Horrela uste baitugu bideratu behar dela udal politika, alegia, herritarren eskutik, udal erabakietan hitza eta botoa emanez", azpimarratu du zinegotziak. Alde horretatik, hasierako 600.000 euroei hurrengo biurteko aurrekontuen partidari dagozkion 2,2 milioiak eranstea erabaki da, ahalik eta proposamen hiritar gehienetara heltzeko. Beraz 2,8 milioi horietatik: 1,7 milioi 2022ko aurrekontuaren kargura joango dira, eta 1,1 milioi, berriz, 2023koarenera.

BOZKETA PROZESUA

Ekainaren 6an zabalduko da bozketa prozesua, ekainaren 19 amaituko da. Prozesua aurrera eramateko, hamabi auzotan banatu da hiria, proposamenen aurkezpenean egin zen moduan: Erdialdea-Arrontegi, Beurko-Bagatza-Santa Teresa, Lasesarre-Desertu Urban, San Bizente, Zuhatzu-Arteagabeitia, Retuerto, Errekatxo-Gorostitza, Gurutzeta, Lutxana, Llano, Burtzeña, Kastrexana. Auzotarrek nahien dituzten hiruna proposamen aukeratuko dituzte beren auzorako. Ez badira hiru aukeratzen, botoak ez du baliorik izango. Horretarako, hurrengo egunotan gutun galde-sortadun bat jasoko dute barakaldarrek beren etxeetako postontzietan botoa paperean emateko auzoetan banatutako hautetsontzietan, karpa ibiltarietan eta adinekoentzako bederatzi zentroetan. Udal webgunean eta BarakaldoApp-n (doan deskargatuta) ere eman daiteke botoa.

Beurko da bozkatzeko proiektu-proposamen kopuru handiena duen auzoa (28); ondoren datoz Arrontegi eta Zuhatzu (27), Lasesarre (26), Gurutzeta eta San Bizente (25). Obra txikiko auzoen artean, Errekatxo (18), Retuerto (10), Burtzeña, (8), Lutxana (7), Kastrexana (6) eta Llano (5). Udalak hartuta dauka auzo bakoitzean gutxienez proposamenen % 25 garatzeko konpromisoa.

PROZESU GARDEN-GARDENA

Udalak hasieratik hartu du prozesuan zeharo garden jarduteko konpromisoa. Alde horretatik, herritarrek onartu diren eta ez diren proposamenei buruzko informazio guztia kontsulta dezakete Gobernu Irekia, Herritarren Parte-hartzea, Partaidetzazko Aurrekontuak Non da nire proposamena? atalean. Bozketa-prozesua amaitu ondoren, udalak kontuak emango dizkie herritarrei. Horretarako, proiektu irabazleei buruzko informazioa argitaratuko du udalaren webgunean (www.barakaldo.eus), obra-proiektu bakoitzak lortutako boto-kopurua adierazita.

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook