Barakaldarrek gaurtik aurrera Barakaldoko banderaren aldeko botoa eman dezakete, modu telematikoan zein aurrez aurre - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldarrek gaurtik aurrera Barakaldoko banderaren aldeko botoa eman dezakete, modu telematikoan zein aurrez aurre

Barakaldarrek gaurtik aurrera Barakaldoko banderaren aldeko botoa eman dezakete, modu telematikoan zein aurrez aurre

2022/02/07


Barakaldarrek Barakaldo irudikatzeko gustukoen duten banderaren aldeko botoa eman dezakete gaurtik aurrera. Hiriak ez du bandera ofizialik, eta, hainbestez, Udalak joan den urtearen amaieran ekin zion Barakaldori bandera emateko prozesuari. Horretarako, Espainiako Bexilologia Elkarteari kontsulta egin dio, eta hark 5 proposamenen azterketa bat egin du kolore horia eta beltza konbinatzeko; izan ere, bexilologoek diotenez, kolore horiek dira Barakaldoko biztanleak hobekien identifikatzen dituztenak. Bozketa gaur goizean hasi da eta eguerdian 210 boto baino gehiago zenbatu dira. Parte hartzeko epea otsailaren 13ra arte dago zabalik.

Adituek bost bandera eredu bidali dizkiote Barakaldoko Udalari, horia eta beltza hainbat modutan banatuta, Barakaldok orain arte existitzen ez zen udal bandera ofiziala izan zezan iaz abian jarritako ekimenari erantzute aldera. Udalean granate koloreko estandarte bat baino ez dago, udalbatza soilik irudikatzen duena, ez baitu hiria bera irudikatzen. Bexilologia Elkarteak azterketa egin ondoren, barakaldarrek aukeratuko dute zein bandera nahi duten Barakaldorako.

Horretarako, bi bide jarri dira abian: aurrez aurrekoa eta telematikoa, parte-hartzea bultzatzeko. Aurrez aurre eginez gero, Udalak Infobarakaldoko (udal egunkaria) zenbaki berri bat helaraziko du etxeetara, eta, bertan, udal baliabideak aprobetxatzeko xedez, bozketan parte hartzeko orri bat sartu da. Orri horretan, banderen bost proposamenak erakutsiko dira, eta parte-hartzaileek aukera bakarra hautatu beharko dute.

Botoa baliozkoa izan dadin, boto-emaileak 16 urte baino gehiago izan beharko ditu eta Barakaldon erroldatuta dagoen biztanlea izan beharko da. Horrezaz gainera, betetzen den orria Udalak auzoetan jarriko dituen parte hartzeko postontzietan utzi beharko da, honako leku hauetan:

Barakaldoko Udala
Clara Campoamor Gizarte Etxea
Gurutzeta Kultur Etxea
Errekaortuko Kultur Etxea
Zuhatzuko Kultur Etxea
Burtzeñako plaza
Lutxanako plaza
Kastrexana plaza
Santa Teresa plaza
Lasesarreko kiroldegia
Barakaldoko Historia eta Ingurumena Interpretatzeko Zentroa (Mezpelerreka)
Arrontegiko osasun-zentroa
Llanoko Haur Eskola
Kareagako eskola zaharrak
Botoa telematikoki emateko, Barakaldoko webgunean eta Barakaldo aplikazioan sartu behar da, eta proposamenik gogokoena hautatu.

Udalaren Osoko Bilkurak berretsi behar du herritarrek aukeratzen duten eredua. Udalak onesten badu, Bizkaiko Batzar Nagusietara bidaliko da udal banderaren eredua, eta han berretsiko da. Bandera ofizialak hiriko armarria ere izango du itsatsita.

(FUENTE: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook