Barakaldo Antzokian egingo da Parkinson Nervión Ibaizabal elkartearen 10. urteurrena ospatzeko ekitaldia - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldo Antzokian egingo da Parkinson Nervión Ibaizabal elkartearen 10. urteurrena ospatzeko ekitaldia

Barakaldo Antzokian egingo da Parkinson Nervión Ibaizabal elkartearen 10. urteurrena ospatzeko ekitaldia

2018/06/06


Dagoeneko 10 urte igaro dira ACAPK Parkinson Nervión Ibaizabal Elkartea Parkinsonak jotako gaixoei eta beraien senitartekoei laguntzeko eta gaixotasuna ikusgarri egiteko martxan jarri zenetik. Barakaldo Antzokian datorren ostegunean, ekainak 14, egingo da 10. urteurrena ospatzeko ekitaldia. Ekitaldi solidarioa izango da. Sarrera 6 euro ordaindu beharko da eta elkarteak antolatzen dituen jarduerak eta terapiak finantzatzeko erabiliko da lortzen den diru guztia.


Ekitaldian Alicia Romero eta Kepa Gallego izango dira aurkezleak, eta Rakel R.R.-k zuzendutako Arymux Dantza eta Antzerki konpainiaren antzerkia izango da eszenatokian, dantzaren ikuskera bereziaz. Ekitaldian Sol Magunagoikoetxearen eskutik izango dugu umorea, eta Fabrica de Magos-eko Valen Magoaren eskutik magia. Bestalde, Barakaldoko Udal Musika Kontserbatorio Profesionaleko ikasle bikainek parte hartuko dute, eta Iñaki Urangaren abestiak ere entzungo ditugu. Parkinson Nervión Ibaizabal Elkarteko abesbatzak (2008an elkartean sortua) emango dio amaiera ekitaldiari.


“Nahiz eta datorren ostegunean aukera izango dugun, momentu hau ere aprobetxatu nahi dut Parkinson Nervión Ibaizabal Elkarteari zorionak emateko azken 10 urte hauetan egin duen lanagatik" adierazi du Amaia del Campo alkateak. “Lehenengo, Barakaldoko bizilagun gisa ezagutu nuen elkartea, orain berriz, alkate gisa, eta egiten duen lanaren berri sakonago ezagutzeko aukera izan dudanez, parkinsonak jotako gaixoei eta senitarteko eta zaintzaileei laguntzeko, martxan jartzen dituen ekimenetan elkarteari laguntza ematea Udalarentzat ohorea dela esan behar dut” ziurtatu du.


Omenaldirako eta eskertzeko jaia


Parkinson Nervión Ibaizabal Elkartearen jarduera-ardatzetan honako hauek aipa ditzakegu: parkinsonak jotako kideen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko errehabilitazio terapiak, dibulgazioko eta sentsibilizazioko jarduerak, beste elkarte batzuekiko lankidetza eta ikerketarako laguntza.


“Hamar urte hauetan, ehun bat ekitaldi garatu eta burutu ditugu. Uste dut hamar urte hauetarako eskarmentu ona dela, baina gure ustez, garrantzitsuena osasun falta duten gaixoek aukera-berdintasuna edukitzea da, bai eta estereotipoek desberdintasunak markatzen dituzten gizartean diskriminaziorik gabe onartuak izatea ere” baloratu du elkarteko lehendakari Marisol Díazek.


Barakaldo Antzokian egingo den ekitaldiak hiru xede ditu: Lehenengo eta behin, gozatzea eta elkartearen urteurrena ospatzea. Bigarrena, elkarteari laguntza eman dioten enpresa, erakunde, elkarte eta pertsona guztiei eskerrak ematea, eta hirugarrena, omenaldi txiki bat egitea zoritxarrez bidean geratu diren guztiei.


“Nire ustez, ekitaldi honek barakaldarrok konturatzeko eta parkinsonak jotakoen alde egiten duten lana elkarteari eskertzeko ere balio behar du; beraz, herritar guztiak animatu nahi ditut datorren ostegunean Antzokira joan daitezen, oso jai polita eta dibertigarria izango delako, eta elkarteari beste hamar urte gehiago betetzeko bultzada emateko modu bat izango delako” esan du amaitzeko Del Campok.

 

Partekatu:
Twitter Facebook