Barakaldoko Udala lanean ari da hiriko natura ingurunean turismo aktiboa bultzatzea lagunduko duten bideen sare bat sortzeko. Zazpi ibilbide izango dira eta oinez edo BTT bizikletaz egin ahal izango dira. Ibilbide horien bidez naturan kirola egitea gustuko dutenek aukera izango dute Barakaldo herrikoiaz gozatzeko eta ezagutzeko. Gorka Zubiaurrek, Alkatetza, Gobernu Irekia eta Berrikuntza Arloko zinegotziak, gaur goizean aurkeztu du zazpi ibilbide naturalen ekimena. Ibilbideak Visit Barakaldo webgunean egongo dira eskuragarri, mapa birtual batean, bizikletazaleek beti eskura izan dezaten.
Barakaldoren azaleraren % 65 baino gehiago natura ingurunea da, eta hortaz, naturan murgiltzeko atari ezin hobea da. "BTT, trail-running edo mendiko ibilaldiak egiteko bide birtualen sare bat diseinatzeak ohitura osasungarriak bultza ditzake, eta aldi berean, turismo aktiboaren bidez hiria dinamizatuko da. Hori dela eta, ekimen horren aldeko apustua egin dugu", adierazi du Zubiaurrek. "Gainera, pandemiaren hasieratik turismo aktiboak gora egin du, beraz, hiriaren beste motor ekonomiko bat bihur daiteke. Berriz ere esan nahi dut Barakaldo oso ondo kokatuta dagoela arlo horretan: natura inguru oso handia du, eta kirolarientzat abiapuntu eta helmuga izan daitezkeen zerbitzuen katalogo zabala ere badu, kirol instalazioei eta bisitariei eskaintzeko", azpimarratu du.
Bideen sarea mapa birtual batean islatuko da, modu birtualean ere, ibilbideak adierazteko eta horietatik ibiltzea errazteko. "Dagoeneko horretan ari gara, kirolariek munduko edozein txokotatik ibilbide horiek ezagutu ditzaten: ibilbideen jarraipena egin eta horien zailtasuna ezagutzeko, besteak beste. Horrela, behar bezala antolatu ahal izango dute bisita", adierazi du Zubiaurrek.
Ibilbideak Gorostizako kiroldegian hasten eta amaitzen dira. Bertan hainbat zerbitzu daude eskuragarri: aldagelak, dutxak, bizikletak garbitzeko gunea, norberak bere bizikletak konpontzeko gune mekaniko txikia, etab.
HONAKO HAUEK DIRA IBILBIDEAK:
Track Burdinola: Oinezko ibilbidea da eta irteera eta helmuga Errekatxo da. Track honetan Etxebarriako urtegi zaharra inguratzen da, PR-210 erreferentzia hartuta, Urdandekietako burdinola zaharrera iristeko. Zortzi kilometro dituen ibilbidea da, malda txikiak ditu eta horren bidez Barakaldoko baso sakonetan murgilduko gara.
Bi-Haran: Trail ibilbide hori Barakaldotik doa hasieratik amaierara. Errekatxo auzoko bi haranak hartzen ditu eta auzo hori da ibilbidearen erdiko puntua. Ibilbidea 22 kilometro luze da eta paisaia ikaragarriak zeharkatzen ditu pisten, bideen eta bidezidorren bidez.
Errekatxo Track BTT Zirkularra: Distantzia laburreko BTT ibilbide zirkularra da. Errekatxo auzoa inguratzen du Barakaldotik irten gabe. Ibilbideak 26 kilometro ditu eta askotariko bideak ditu: pista zabaletatik baso sakonetan murgiltzen diren bidezidor estuetara.
Track BTT Errekatxo: Distantzia ertaineko BTT ibilbide zirkularra da. Edozein zalek egiteko track bat da, tarte zailagoren bat egon arren. Ibilbideak 34,5 kilometro ditu eta askotariko bideak ditu: pista zabaletatik baso sakonetan murgiltzen diren bidezidor estuetara.
Track BTT Tojo: Ibilbideak Altzairuzko Birika mountainbike martxa famatua zeharkatzen du neurri handi batean, maratoi erdia. Track hau ez da zaila gaitasun fisikoari dagokionez, baina teknikoki nahiko zorrotza da erdigunetik aurrera, bertan dago ibilbidearen atalik garrantzitsuena. 39,5 kilometroko jaitsiera dibertigarria Tojotik Errekatxoraino, enduroaren zale amorratuek gozatzeko.
Track BTT Aliron Barakaldo: Distantzia luzeko ibilbidea da eta Barakaldoko udalerriarekin muga egiten duen ingurune naturala barne hartzen du. Ibilbidearen 56 kilometroetan zehar kalitate handiko paisaiak, pista nagusiak eta askotariko bideak daude.
Track BTT Altzairuzko Birika: Ibilbideak Altzairuzko Birika mountainbike martxa famatua zeharkatzen du. Track honek 61 kilometroko ditu beraz, fisikoki prest egotea eskatzen du. Askotariko paisaiak ere baditu.
Ibilbideak osatzeko, Gorostizako Kiroldegiaren ondoan dagoen XC zirkuitua dago; Euskadin bakarra da eta gaitasun handia du.
(ITURRIA: Barakaldoko Udala)
Partekatu: