Barakaldok 880.000 euro inguru inbertituko ditu 14 ikastetxe eraberritzeko - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok 880.000 euro inguru inbertituko ditu 14 ikastetxe eraberritzeko

Barakaldok 880.000 euro inguru inbertituko ditu 14 ikastetxe eraberritzeko

2017/06/26


Barakaldoko Udalak 880.000 euro inguru inbertituko ditu aurtengo udan hiriko ikastetxeen instalazioak hobetzeko. Iaz inbertitutako diru-kopurua baino bi aldiz gehiago. Gurutzetako eta Arteagabeitiako aterpe berriak, fatxadak pintatzea, leiho berriak, berokuntza-sistema... Lanak udan abiaraziko dira, ikaslerik ez dagoen aste horietan ahalik eta gehien aprobetxatzeko.

Gobernu taldeak kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzea du helburu, eta horregatik, hiriko ikastetxeetan hobekuntza lanak egiten ditu urtero. 2015. urtean, Udalak 310.000 euro erabili zituen Barakaldoko 14 ikastetxeetako eraberritze-lanak egiteko. 2016an berriz, 346.000 euro erabili zituen 13 ikastetxeetako lanetarako. Aurten, 878.687,60 euroko inbertsioa egingo du hiriko 14 ikastetxe hauetako lanak egiteko: Arteagabeitia, Bagatza, Santa Teresa-Bagatzako eskolaurrea, El Pilar, Gurutzeta, Beteluri-Gurutzetako eskolaurrea, Ibaibe, Juan Ramón Jiménez, Larrea, Mukusuluba, Munoa, Zuhatzu, Bituritxa eta Musika Kontserbatorioa.


Azpiegitura eta Hezkuntza arloek batera jardungo dute hobekuntzarako 35 jarduketatan. Jarduketa horien artean, aurrekontuari dagokionez, aterpeetako lanak dira garrantzitsuenak.

Amaia del Camporen ekipoak herritarrekin hartutako konpromisoetako bat betetze aldera, euria egiten duen egunetan jolastu ahal izateko gune bat jarriko du, bai Gurutzetako patioan, bai Arteagabeitiakoan. Arteagabeitian, umeentzako jolas guneko zoladura eta txorkoak berritu, eta Lehen Hezkuntzako eraikineko lau ikasgela pintatuko dira.


LANAK IKASTETXEKA
Gurutzetan, fatxada konponduko da, bai eta transformatzaileak aldatu, markesinako isurbidea kanalizatu eta gimnasioko larrialdi-irteeran arrapala ere egingo da.


Bagatza ikastetxean, aurrealdeko fatxada pintatu, aurreko patioa berrasfaltatu, eta berogailuetako giltzak aldatuko dira. Bagatzako eskolaurreko eraikinean, 16 atetan atzamar-babesgarriak jarriko dira.


El Pilar ikastetxean, pasabideetako berokuntza-sistema berrituko da, eta Beteluriko eskolaurrean, komun berriak, jantokiko larrialdi-irteeran arrapala, sartzeko beste ate bat eta ortua eta arboladia mugatzeko hesi bat jarriko dira.


Juan Ramon Jimenez ikastetxean, teilatua iragazgaiztu, aldageletako sabaiak berritu eta berokuntza-sistemako mantentze-lanak egingo dira.


Larrean, irisgarritasuna hobetzeko lana egingo da, patiorako irteera eta sarrera maila beheratuz. Gainera, askak jarriko dira beheko solairuko komunetan.


Mukusuluban, galdara berria jarriko da, bai eta haurren jolasetako langak eta patioko zutabeetako babesgarriak konpondu, eta aldageletako mantentze-lanak ere egingo dira. Munoan, patioko kanpoaldeko horma konpondu, eta iragarki-taula beste leku batean jarriko da.


Zuhatzun, teilatu-hodiak eta frontoiko zorrotenak konpondu, eta frontoiko kanpoaldeko hormak pintatu egingo dira. Bituritxan, eraikinaren fatxada nagusiko leihoak aldatu, eta zenbait iturgintza lan egingo dira.


Ibaiben, nesken aldageletako alikatatuak konpondu, eta gimnasioan, hobekuntza lanak egingo dira. Amaitzeko, Udal Musika Kontserbatorioko kanpoaldeko sarbidea asfaltatuko da.
Udalak egingo dituen jarduera txikiek Eusko Jaurlaritzaren % 60ko diru-laguntza dute.

 

Partekatu:
Twitter Facebook