Barakaldok Taper Solidarioa jarriko du martxan - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok Taper Solidarioa jarriko du martxan

Barakaldok Taper Solidarioa jarriko du martxan

2017/03/28


Barakaldoko Udalak martxan jarriko du Taper Solidarioaren zerbitzua; sukalde kolektibo eta profesionaletan sortzen den janari soberakinaren kudeaketa iraunkorra egiteko ekimena. Ekimenak xede du prestatutako janari xahuketa ekiditea eta kontsumoaren zirkuitura itzultzea modu seguruan, bai eta baztertuta geratzeko arriskuan daudenen nutrizio-ahultasuna murriztea ere.

Udal teknikariek behin baino gehiagotan azpimarratu dute ez dagoela haurren desnutrizio egoerarik. Dena den, zenbait arazo dela medio, badaude elikadura egokia eta kalitatezkoa izateko aukera egonkorrik ez dutenak eta instituzioei laguntza eskatzen dietenak. Familia horiek udalerrian dauden zenbait erakunde eta programen bitartez jasotzen dute laguntza. Beraz, Udalak berriro abiaraziko du 2016an esperientzia pilotua izan zen Taper Solidarioa. Ekimena apirilaren 1ean jarriko da martxan. “Horrela, zenbait arrazoi tarteko direla, hala nola Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta galtzeagatik, larrialdi-egoeran dauden familiei eskaintzeko baliabide bat gehiago daukagu” azaldu du Gizarte Ekintza Arloko zinegotzi Mikel Antizarrek.

Elikagaien Bankuaz edo Caritasen jantokiaz gain, beste baliabide bat gehiago izango dugu abenduaren amaierara arte, Taper Solidarioa. Proiektu honek duen lan sistemari esker, jatetxeetako sektore profesionaletan, ostalaritzan eta sukalde kolektiboetan sortzen den prestatutako janari soberakina aprobetxatzea eta kontsumoaren zirkuitura era seguruan bidaltzea lortuko da. Trazabilitatea bermatuko duen identifikazio prozesua egindakoan, familia eskatzaileei ematen zaie prestatutako janaria, izoztua, “beti entregatzen da ontzi batean, poltsa isotermikoetan eta astebeteri aurre egiteko janari-kopurua” azaldu du zinegotziak.

ONURADUNAK IZAN DAITEZKEENAK

Gizarte-langileek egingo dute hautaketa eta beharra dutela deritzoten kasuak bideratuko dituzte, baina beti larrialdi-egoeran daudenak izango dira. “Gure ustez, Udalak nutrizio, kontsumo eta ingurumen-kudeaketari buruzko arazoen inguruan ematen duen zerbitzua martxan jartzeko modu ona da. Larrialdi-egoeretan elikadura bermatzeaz gain, ekimenak jatetxeetako janari soberakina aprobetxatu eta xahuketaren kontrako sentsibilizazioa ere lantzen du” esan du Antizarrek.

Gobernu taldeak iaz abiarazitako Taper Solidarioaren ekimenak 23 familia artatu (65 pertsona), eta 2.800 anoa inguru banatu zituen. “Gizarte-langileek ekimenaren balantze positiboa egin zuten, berehalako arreta eskaini eta tratu ona ematen duelako, gainera, zerbitzuko langileen eta udaleko langileen arteko koordinazioa ere ona delako” aztertu du zinegotziak. “Hori guztia kontuan hartuta, zerbitzuarekin aurrera egitea eta egon daitezkeen gizarte-ahultasun egoerak artatzea ere erabaki da” esan du amaitzeko.

 

Partekatu:
Twitter Facebook