Barakaldok abenduaren 1ean piztuko ditu gabonetako argiak - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok abenduaren 1ean piztuko ditu gabonetako argiak

Barakaldok abenduaren 1ean piztuko ditu gabonetako argiak

2017/11/23


Gabon-jaiak abenduaren 1ean etorriko zaizkigu Barakaldora. Barakaldoko Udalak kaleak argiz eta kolorez beteko dituen Gabon garaiari ongi etorria emateko ekitaldi bat antolatu du datorren asteko ostiralerako. Aurten, Barakaldo Futbol Klubak sakatuko du hiria magiaz argituko duen botoia. Klubarentzat pribilegio bat da ardura hori izatea, eta aurten ospatzen ari den mendeurrenari amaiera emateko ekintzatzat hartuko dute.


Jaia 18:00etan hasiko da Herriko Plazan. Kontserbatorioko abesbatza txikiak eta Schola Cantorum abesbatza izango dira gabonetako argiak pizteko unean soinu-banda jartzeko arduradunak. Barakaldo Futbol Klubak onartu du Barakaldoko Udalak egindako gonbidapena, beraz, kategoria desberdinetako jokalariek sakatuko dute hirian gabonetako argiak pizteko botoia. “Argiak pizteko ekitaldia oso gauza sinplea da, baina hunkigarria eta ilusioz beterikoa, eszenatokitik oso irudi polita ikusten baita hiria argitzen hasten denean. Gainera, txikiei ilusio handia egiten dien momentu berezia ere bada, hiria aldatu, eta edozein amets errealitate bihur daitekeela ematen duelako” azpimarratu du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok.


Hiria argitu ondoren, 1.000 baso txokolate bero eta bizkotxoak banatuko dira Atarrabi Taldearen laguntzari esker. “Gabonetako lehenengo arratsaldean giro berezia sortzea da asmoa, bai eta une horretatik aurrera, gure herriko saltoki txikiek onura izatea ere” azpimarratu du Canterok.


Iaztik, Udalak abenduko zubiaren bezperako egunetara aurreratu du argiak pizteko ekitaldia. “Udalerriko ostalarien eta merkatarien elkarteek egindako eskariaren erantzuna da, gabonetako kanpainan aukera handia ikusten baitute” gogorarazi du Canterok.


Aurten, Gabonetako argiak hiriko beste leku batzuetara ere zabaldu dira eta ohiko leku batzuetan gehiago ere jarri dira. Askatasunaren etorbidean esaterako, kaleko zuhaitz guztiak apaindu dira. “Joan den urtean, kale horretako argia eskasa zela konturatu ginen -hiriko kale nagusietako bat-, beraz, konponbide bat eskatu genuen” azaldu du zinegotziak.


Aurten, Gabonetako apainketa Landeta kaleko biribilgunean, BECen ondoan, edo La Florida eta Arrandi kaleen elkargunean ere ikus daiteke. Larreatik Barakaldora sartzeko bidean zorionak kartela jarri da, eta La Florida kaleko 11 zuhaitz eta Gurutzetako plazako pergolak ere apaindu dira.

 

Partekatu:
Twitter Facebook