Barakaldok aurrekontuetako 3 milioi erabiliko ditu gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan daudenentzako zerbitzu eta baliabideetan - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok aurrekontuetako 3 milioi erabiliko ditu gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan daudenentzako zerbitzu eta baliabideetan

Barakaldok aurrekontuetako 3 milioi erabiliko ditu gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan daudenentzako zerbitzu eta baliabideetan

2018/05/02


Azken urteotan, Barakaldok handitu egin ditu gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dagoen jendeari Udalak ematen dizkion arreta zerbitzuak eta diru-kopurua. Gaur egun, udal aurrekontuko 3 milioi euro inguru erabiltzen dira gizarte-egoera ahulak prebenitzeko eta etxerik gabekoei arreta emateko baliabide eta zerbitzuetan.

Barakaldoko Udalak etxerik gabeko pertsonentzako euskal estrategia garatzeko erakundearteko ituna sinatu du; bertan, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek, Eudelek eta Euskadiko beste udal batzuek ere parte hartzen dute. Itunak xede du EAEko udalerri handietako kaleetan lo egiten duen pertsonen kopurua nabarmen jaistea -% 20 gutxienez-. 2016an Barakaldon egin zen azken azterketan, etxerik gabe 12-16 pertsona bizi zirela agertzen zen.


“Barakaldok 2016tik aurrera aipatu estrategia hori lantzeko prozesuan parte hartu du” azaldu du Mikel Antizarrek. “Eta ekimen horretan parte hartu aurretik, kolektibo horri arreta hobea emateko urratsak ere egin ditugu, Barakaldon ez dugulako aterpetxe egonkorrik eduki orain arte” azpimarratu du.


Orain, hiriak erronka berri bat du, gizarte eta hezkuntzako esku-hartzea sendotuko duen zerbitzu berri bat sortzea. Zerbitzu horri esker, hainbat gai eta egoera artatu ahal izango dira, hala nola laguntza, autonomo izateko lagungarri izan daitezkeen ezagutza eta teknikak eskuratzea...

ETXERIK GABEKOENTZAKO ZERBITZUAK


Amaia del Campo alkatetzara heldu zenetik etxerik gabekoentzako bizileku-baliabidea etengabe egon da zabalik (2015eko azarotik). Halaber, gizarte hezitzaileak, afariak eta garbitegi zerbitzua ere sartu dira zerbitzua hobetzeko. 2018ko hasieran, eskualdeko lehen aterpetxe iraunkorra jarri zen martxan, duela bi hilabete zabaldu zen eta 28 lagunentzako lekua du. Goiztirik kudeatzen duen ekipamendu horrek orientazio zerbitzua eta gizarte arreta eskaintzen du, bai eta afaria, gosaria, higienea eta garbitegia ere. Udalak 272.401,42 euroko inbertsioa egin du ekipamendua martxan jartzeko. Zerbitzua martxan mantentzeko, urtean 216.000 euro inguru inbertitu beharko dira.


Gainera, Barakaldok eguneko zentro bat ere badu etxerik gabekoentzat. Zerbitzu hori Goiztirik kudeatzen du eta 235.000 euroko udal-partidari esker, arreta-ordutegia handitu egin da, 8:00etatik 19:00etara, bai eta asteko zerbitzu-egunak ere, orain urteko egun guztietan dago zabalik. Gune horretan gosaria eta askaria eskaintzeaz gain, dutxak, garbitegia eta gauzak gordetzeko gordelekua erabiltzeko aukera ere badago.
Barakaldon tutoretzapeko etxebizitza bi daude, 5-7 lagunentzat, eta Goiztirik kudeatuta. “Iaz arte, Barakaldok horrelako etxebizitza bakarra zuen, eta iaz bikoiztu egin zuen eskaintza” baloratu du zinegotziak.


Udalak hirugarren sektoreko erakundeek egindako lana babesten du eta hirian egiten duten jarduera sustatzeko diru-laguntzak ematen ditu. Adibide gisa Cáritas aipa dezakegu, gizarte jantokiaren kudeatzailea da eta 25.000 euroko udal laguntza du. 2017an, Gurutze Gorriarekin sinatu zen lankidetza-hitzarmenari esker, erakundea berriro itzul daiteke Barakaldora, 20 urte kanpoan egin ondoren. Egoitza Karranzairun izango du. “Zerbitzu berri hau martxan jartzeak hiriko gizarte arreta handitzea eta pertsona gehiago artatzea ekarriko du” azaldu du Antizarrek. Hirian Elikagaien Bankuaren zerbitzua ere martxan dago, Nuestra Señora del Carmen Erakunde Solidarioak kudeatzen du, eta iragan urtean (2017), Barakaldoko Udalak egokitutako lokal handiago eta erosoago bat estreinatu zuen Zorrilla kalean.

PREBENTZIOZKO LANA


Prebentzio arloan, etxerik gabeko egoera ekiditeko, Udalak baliabideak eskaintzen ditu, hala nola Gizarte larrialdietarako laguntzak, eta horietako ehuneko handi bat alokairua ordaintzeko izaten da. Gauzak horrela, Barakaldok 2,3 milioi euro inbertitzen ditu gizarte laguntzetan. Azken bi urteotan, gizarte laguntzetan pertsona eta eskabide kopurua mantendu egin da; guztira 2.650 espediente jaso ditugu, 2016tik aurrera alokairua ordaintzeko ematen diren laguntza osagarriak barne.


Etxerik gabeko egoera ekiditeko prebentziozko beste neurri bat etxegabetzeen aurkako zerbitzua da, eta horren barruan, hipoteka bitartekaritzarako zerbitzua eta hiri errentamenduen (alokairua) bitartekotasunerako zerbitzua ere badaude.


6 LANGILE GEHIAGO ARLOAN


Gobernu taldeak Gizarte Ekintza Arloa sendotzeko ahalegina ere egin, eta langile gehiago jarri ditu. Horrela bada, 2016. urtetik hona 6 langile gehiago daude arloko plantillan. Langile berriak honela daude sailkatuta: 3 gizarte-langile (2 oinarrizko gizarte zentroetan, eta bat, Adinekoen zerbitzuan), administrari bat eta 2 zerbitzuburu, urteetan hutsik egon diren Esku-hartze Komunitarioko zerbitzua eta Adinekoen zerbitzua betetzeko. Horrela, Gizarte Ekintza Arloko plantilla ehuneko ehunean beteta dago.


“Ahalegin horrek inbertsio handiagoa egitea dakar gizarte-egoera ahulak prebenitzeko eta artatzeko orduan. Badakigu lanean jarraitu behar dugula, eta gobernu taldeak honako zeregina izango du xede: oso zorrotz eta kontrol handiz jardutea, hirian ditugun zerbitzuak eta laguntzak benetan behar dituztenengana heldu daitezen” esan du amaitzeko zinegotziak.

 

Partekatu:
Twitter Facebook