Barakaldok autobus geltoki berria jarriko du Bakea kalean eskola-autobusen zirkulazioa arintzeko - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok autobus geltoki berria jarriko du Bakea kalean eskola-autobusen zirkulazioa arintzeko

Barakaldok autobus geltoki berria jarriko du Bakea kalean eskola-autobusen zirkulazioa arintzeko

2017/03/10


 Barakaldoko Udala herritarren segurtasuna hobetzeko jarduketa bat burutzen ari da. Labrostegi eta San Inazio kaleetan abiarazitako lanetan autobus geltoki bi egokitzen dihardute ibilgailuen eta eskola-autobusen zirkulazioa arindu eta erabiltzaileen segurtasuna handitzeko asmoz.


Gobernu taldeak Alazne eta Gurutzeta ikastetxeek eta batez ere gurasoek egindako zenbait eskari jaso izan ditu. Ikastetxeetara sartzeko orduan, eskola-autobusek errepidean traba egin eta ilara luzeak eragiten dituzte umeak jaisten diren bitartean.


Egoera arintzearren, Labrostegi kaleko espaloiaren zabalgune txiki bat egokitu da, plaza txiki baten antzera, Gurutzeta ikastetxeko eskola-autobusa errepidea okupatu gabe gelditu ahal izateko. “Jarduketa horri esker, zirkulazioari ez dio eragingo eta espaloiaren zabalera kale osoan dagoen tamainakoa izango da” azaldu du Hirigintza, Azpiegitura eta Udal Zerbitzu Arloko zinegotzi Jon Andoni Uriak.
San Inazio kalean oraingo autobus geltokia metro batzuk aurrerago jarriko da. Orain arte, Bizkaibusa N-634 errepidearen eta aparkatzeko gune baten arteko eremuan gelditu izan da “baina erabiltzeko arazoak zeuden erabiltzaileek aparkalekuan eta errepidearen erreian sartu behar izaten dutelako geltokira iritsi ahal izateko” azaldu du Uriak.


Jarduketa horri esker, geltokia aldatu, eta metro batzuk aurrerago jarriko da, oso espaloi zabala dagoen lekura hain zuzen, horrela, “errepideko zirkulazioari trabarik egin gabe gelditu ahal izango dira autobusak eta erabiltzaileak ere, askoz seguruago, espaloitik ibilgailuen bidean sartu gabe joan ahal izango dira” azpimarratu du zinegotziak.


Bizkaibusi ere geltokian markesina bat jartzeko eskaria egin diogu “orain ez dagoelako eta horrela geltokia hobetu egingo da”.


GURUTZETA IKASTETXEAREN ATZEALDEKO BIDEA HOBETZEKO LANAK


Bakea kalearekin (15. zenbakiaren parean) lotzen den Gurutzeta ikastetxearen atzealdeko bidea hobetzeko jarduketa bat ere sartu du Udalak. “Inguruko herritarrentzat bide garrantzitsua da merkatu txikia jartzen den aparkaleku gunera edota umeen jolas-parkera joateko erabiltzen baitute" azaldu du Uriak. “Zoladura oso txarto dago, batez ere euria egiten zuenean, beraz, dauden bigunguneak konpontzea eta bidean zoladura jartzea ez ezik, euri urak biltzeko sarea egitea, erregistro putzu zati batzuk eta isurbideak konpontzea ere erabaki dugu” zehaztu du zinegotziak.

 

Partekatu:
Twitter Facebook