Barakaldok bat egiten du gazte langabeen kontratazioak sustatzen dituen Lehen Aukera programarekin - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok bat egiten du gazte langabeen kontratazioak sustatzen dituen Lehen Aukera programarekin

Barakaldok bat egiten du gazte langabeen kontratazioak sustatzen dituen Lehen Aukera programarekin

2017/09/04


Barakaldoko Udalak bat egin du gazteak kontratatzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatutako Lehen Aukera programarekin. Inguralde-garapen agentzia ari da inguruko enpresei jakinarazten laguntzen deialdia zabalik dagoela; izan ere, laguntzetarako 3,8 milioi euroko diru kopurua dago.

Lanbideren erakunde laguntzailea den Inguralde agentzia ari da hiriko enpresei laguntzen berri ematen eta kudeaketa egiten. Laguntzek xede dute “ Barakaldoko gazteei beraien ikasketekin bat datorren lehen lan-esperientzia ematea, bai eta laneratze prozesua finkatzea ere” azaldu du Inguraldeko lehendakari Danel Solak.


Horrela bada, deialdira biltzen diren enpresek 30 urtetik beherako gazte langabeak kontratu beharko dituzte, eta daukaten titulazioarekin lotutako lan esperientziarik gabekoak edo esperientzia urrikoak. Interesatuek eguneratuta eduki beharko dituzte Lanbiden lan-eskatzaile gisa dituzten datuak.


Lehen lan-esperientzia errazteko asmoz, Lehen aukera 2017 programak kontratu modalitate bi (kontratu mugagabea eta praktiketakoa, gutxienez sei hilabetekoa) finantzatzeko diru-laguntza jarri du deialdian adierazitako euskal enpresen eta beste erakunde batzuen eskura.


Kontratazioak abendura arte egin daitezke, eta enpresak jasoko duen diru-laguntza 2.800-4.500 eurokoa izango da praktiketako kontratuetarako, eta 5.200-7.600 eurokoa, kontratu mugagabeetarako.

ZABALIK DAGO ENPRESEK ESKAERA EGITEKO EPEA


Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 10ean amaituko da. Laguntzen deialdira biltzeko interesa duten Barakaldoko enpresek Inguraldeko enplegu departamentuarekin jar daitezke harremanetan 944.78.93.55 telefono zenbakira deituz. Bertako teknikariek azalduko dizkiete deialdiaren ezaugarriak eta betekizunak, eta gainera, aholkua ere emango diete, bai laguntza tramitatzeko prozesuan, bai lan-eskaintzaren kudeaketan, bai hautagaien aukeraketan.

Partekatu:
Twitter Facebook