Barakaldok dolu-eguna ezarri du biharko, osteguna, hirian lan-istripu batean hil den langilearen heriotza salatzeko - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok dolu-eguna ezarri du biharko, osteguna, hirian lan-istripu batean hil den langilearen heriotza salatzeko

Barakaldok dolu-eguna ezarri du biharko, osteguna, hirian lan-istripu batean hil den langilearen heriotza salatzeko

2022/02/09


Barakaldoko Udalak dolu-eguna ezarri du biharko (osteguna, otsailaren 10a) Barakaldon atzo arratsaldean gertatu zen lan-istripu batean hil zen langilearen heriotza salatzeko. 2015eko urrian onetsitako mozioa betetze aldera, gaur goizean Bozeramaileen Batzarra egin da eta horren bidez erakunde-adierazpen bat onestea, dolu-egun bat ezartzea eta Udaletxeko banderak haga erdian jartzea erabaki da.

Istripua atzo arratsaldean gertatu zen, tamaina handiko makina bat biktimaren gainera jausi zenean. Segurtasun-kaskoa zeraman arren, gizona ia instantean hil zen.

Istripuaren berri eman zenean, Amaia del Campo alkateak Udalean ordezkaritza duten gainerako talde politikoen bozeramaileei deia egin zien gaur goizean egin den batzarra egiteko.

Horrela, Udalbatzak doluminik sentituenak helarazi nahi dizkio hildakoaren familiari eta jakinarazi nahi dio behar dituzten udal-baliabideak eskainiko dizkiela. Bestalde, Udalak gertatutakoa argitzeko beharrezko baliabideak jartzeko konpromisoa hartu du, bai eta, bide judiziala irekitzen bada, bertan herri-akusazio gisa agertzeko konpromisoa ere.

Barakaldoko Udala, era berean, istripua saltzeko deitzen diren mobilizazioekin bat egingo du eta herritarrei horietan parte hartzeko deia egiten die.

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Barakaldoko Udalak 2022ko otsailaren 9ko bozeramaileen bileran egindako adierazpen instituzional hau argitaratu nahi du, Barakaldon lan-istripu baten ondorioz zendutako langile bat dela eta:

Barakaldoko Udalak elkartasuna adierazi nahi die atzo lan-istripu hilgarrian zendutako pertsonaren familiari eta lagunei, eta behar duten laguntza eskaintzen die (juridikoa, ekonomikoa, psikologikoa, etab.).
Barakaldoko Udalak konpromisoa hartzen du beste agintari batzuen eskumenekoak ez diren beharrezko bitartekoak jartzeko, atzoko istripuan gertatutakoa argitzeko.
Lan-istripua argitzeko bide judiziala irekitzen bada, Udal honek konpromisoa hartzen du bertan herri-akusazio gisa aurkezteko.
Barakaldoko Udalak dolu-egun izendatu du biharko eguna, 2022ko otsailaren 10a, eta udaletxeko banderak haga erdian jarriko dira.
Era berean, Barakaldoko Udalak bat egingo du lan-istripua salatzeko egin litezkeen mobilizazioekin, eta, aldi berean, mobilizazioetan parte hartzeko deia egingo die barakaldarrei, komunikabideen eta Udaleko sare sozialen bidez.

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook