Barakaldok, Euskadiko kontratazio publikoaren plataformaren barnean, lizitazio elektronikoarekin bat egingo du. - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok, Euskadiko kontratazio publikoaren plataformaren barnean, lizitazio elektronikoarekin bat egingo du.

Barakaldok, Euskadiko kontratazio publikoaren plataformaren barnean, lizitazio elektronikoarekin bat egingo du.

2017/02/09


Barakaldoko Udalak bere zerbitzuak hobetu eta modernizatu nahi ditu. Horretarako, hemendik aurrera erakundeak, Euskadiko kontratazio publikoaren plataformara atxikituta, kontratazio elektronikoak egin ahal izango ditu eta honek lizitazio prozesuaren gardentasun maila hobetzeaz gain, espedienteen kudeaketa eraginkorragoa eta kostuen merkatzea ere eragingo ditu.


Orain arte, Udalak kontratazio publikoarekin lotutako prozesu guztiak paperean burutzen zituenez, honek, besteak beste, lizitazioan parte hartu nahi zuten enpresek dokumentazio guztia Udaletxera ekarri behar izatea zekarren. Kontratazio elektronikoari esker, berriz, lanak, zerbitzuak eta hornidurak lizitatzeko kanal elektroniko edo telematikoak erabili ahal izango dira. Horrela, eskaintzen erregistroa edo kontratazio-mahaia bera, esate baterako, bide elektronikoen bitartez egingo dira.


Udalak, Euskadiko kontratazio publikoaren plataformara atxikituta, Estatuko plataformarekin batera arituko dena –www.contratacionpublica.euskadi.eus- elektronikoki ere kontratatu ahal izango du. “Bide elektronikoak kontratazio prozesuaren gardentasuna areagotzeaz gain, espedienteen jarraipen eraginkorragoa ahalbidetuko du. Gainera, prozesua bera erraztuko da, prozedura estandarizatu eta kudeaketaren kostuak murriztuko direlako” azaldu du Ogasun, Ondare eta Kontratazio arloko zinegotzi Danel Solak.


Digitalizazioak enpresek eskaintzak aurkezteko egin beharreko lana ere erraztuko du, "prozedurak arindu eta kostuak gutxitu egingo baitira"; horrez gain, lehiaketa publikoetan parte-hartze handiagoa eragingo duenez, “Udalari kostuetan aurrezteko mesedegarria ere izan dakioke kontratuak esleitzeko orduan” zehaztu du Solak. Azkenik, sistema hau energia kontsumoa eta isuriak murrizteko ere lagungarria izango da, paper gutxiago erabiliko baita.


Barakaldoko Udalak, Euskadiko plataforma digitalera atxikituta, urtebete aurreratu du legeak kontratazio elektronikoa ezartzeko markatzen duen derrigorrezko epea.


KONTRATUGILEAREN PERFILA


Kontratazioak bide elektronikoaren bitartez egiteaz gain, plataforma honek Kontratugilearen Perfil gisa ere funtzionatuko du. Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Legea beteko da, Udalak kudeatzen dituen lizitazioak eta kontratuak gardentasun osoz argitaratuko baitira.


Euskadiko plataformaren atxikimenduarekin batera, Kontratugilearen Perfilean “Revasco” baliabidea ere txertatuko da, alegia, Kontratuen Euskal Erregistroa. Tresna honi esker, uneoro, kontratuen esleipen eta garapenari buruzko informazio egokia jaso ahal izango da eta bide batez, kontratazio publikoaren eta gardentasunaren inguruko betebehar nazional eta internazional guztiak beteko dira” adierazi du Solak.

 

Partekatu:
Twitter Facebook