Barakaldok Euskararen Nazioarteko Eguna euskaldun berriei omenaldia eginez ospatuko du - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok Euskararen Nazioarteko Eguna euskaldun berriei omenaldia eginez ospatuko du

Barakaldok Euskararen Nazioarteko Eguna euskaldun berriei omenaldia eginez ospatuko du

2015/11/30


Datorren abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dela aintzat hartuta, Barakaldoko Udalak aukera aprobetxatu nahi du udalerriko euskaldun berriei omenaldia egiteko. Horretarako, aurreko egunean, abenduak 2, abiarazi eta abenduaren 4an etxeko txikienei zuzendutako festa batekin bukatuko den jarduera-programa bat antolatu du.

Udalak gainerako alderdi politikoekin batera manifestu bat adostu du Euskararen Nazioarteko Egunean irakur dadin. Adierazpen honen bitartez, azken urteotan euskararen aldeko apustua eginda euskara ikastea erabaki duten barakaldar guztien lana eta ahalegina goraipatu nahi da. Izan ere, hauxe izango da aurtengo Euskararen Egunaren ardatza, alegia, euskaldun berriei eta, nola ez, euskalduntze-prozesuan egunero-egunero lanean irmo aritzen diren profesionalei eta gizarte eragileei eskerrak ematea, euren lan eta ahaleginari esker gure udalerrian euskararen ezagutza-maila gero eta altuagoa baita eta gure kaleetan ere euskararen presentzia areagotzen ari baita.


Horretarako, abenduaren 3an, Clara Campoamor zentro zibikoan jendaurreko aitorpena egingo da. Ekitaldi apala izango da: arratsaldeko 18:30ean Barakaldoko udal euskaltegiko ikasle edo irakasle batek eskerrak emateko adierazpen instituzionala irakurriko du; irakurketaren ostean, Andoni Egaña, Idoia Anzorandia eta Asier Alcedo bertsolariek bertso saioa eskainiko dute eta ekitaldiari amaiera emateko “Nortasuna” kontzertuaz gozatu ahal izango da; bertan, Joseba Gotzon, Pedro Hoyuelos, Arturo Garcia eta Jone Elordui arituko dira guztion gozamenerako.


Edonola ere, Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuna aurreko egunean, abenduak 2, abiaraziko da “Ametsen Bila” erakusketaren bitartez. Euskal Futbol Selekzioaren mendeurrenari buruzko erakusketa hau arratsaldeko 16,00etatik aurrera izango da ikusgai Clara Campoamor kultur etxeko areto nagusian. Abenduaren 2an, halaber, Sasiburu euskara elkarteak egindako lanari esker, espazio berean “Erdaldun berrien kluba” antzezlana ikusi ahal izango da arratsaldeko 19,30ean. Antzezlana bukatu ondoren, azken asteotan Sasiburu elkarteak burutu duen “Euskararen Ginkana”ren sari banaketa ere egingo da.


Azkenik, abenduaren 4an, Barakaldoko txikienen txanda helduko da eta horretarako Paco DJ-k dinamizatuko duen “Euskararen disko-festa” ospatuko da. Musika arratsaldeko 17:30ean jarriko da abian Clara Campoamor zentro zibikoaren areto nagusian.


EUSKARAREN AHOLKU BATZORDEA


Barakaldoko Udalak aurrerapauso garrantzitsua eman du euskararen normalizazioa bermatze aldera. Izan ere, joan den astean, Barakaldon sortu berri den Euskararen Aholku Batzordearen lehendabiziko bilera egin zen. Euskararekin harreman zuzena duten gizarte eragileak, elkarteak, hezkuntza eta euskalduntze alorretako ordezkariak, 20 batzordekide inguru, elkartu ziren Clara Campoamor kultur etxean, euskarak gure gizartearen hainbat alorretan (familia, hezkuntza, aisia, kirola, kultura…) bizi duen egoera aztertzeko.


Batzorde honen helburu nagusia Barakaldon euskararen ezagutza eta erabilera sendotzea izanik, bilera hauek baliogarriak izango dira proposamenak aurkeztu eta eztabaidatzeko, Barakaldoko hizkuntza politika ahalik eta eraginkorrena izan dadin.


Batzorde hau 2014ko abenduan onetsi zen 2015-2018 Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren tresna ezin hobea izango da euskararen biziberritze prozesuak etengabe aurrera egiten jarrai dezan eta gure udalerriko kaleetan ere sendotu eta errealitate bihur dadin.

 

Partekatu:
Twitter Facebook