Barakaldok Gurutzeta eta Burtzeņa auzoetara bosgarren edukiontzia eramateko proiektua aurkeztu du - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok Gurutzeta eta Burtzeņa auzoetara bosgarren edukiontzia eramateko proiektua aurkeztu du

Barakaldok Gurutzeta eta Burtzeņa auzoetara bosgarren edukiontzia eramateko proiektua aurkeztu du

2017/03/13


Barakaldoko Udalak Europako helburua lortzeko lanean dihardu, xedea 2020. urterako hondakin organikoen %50 biltzea baita. Gauzak horrela, eta herritarrekin hartutako konpromisoa betetzeko asmoz, Gurutzeta eta Burtzeña auzoetan bosgarren edukiontzia jartzeko plan bat egin da.


Ingurumen eta Udal Zerbitzu Arloak Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztu du egindako proiektua, Ingurumen Sailaren bidez eskaintzen duen diru-laguntzetako bat jaso ahal izateko.


Diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako ekimenak jasotzen duenez, 17 edukiontzi marroi jarriko dira Bakean, 21 Gurutzetan eta 5 Burtzeñan. Hortaz, hirian herritarrek erabiltzeko 43 edukiontzi berri egongo dira, “gero eta kontzientziatuago baitaude hondakinak banatzeak duen garrantziaz” adierazi du Ingurumen Arloko zinegotzi Gorka Zubiaurrek.


Proiektuak barne du 9 edukiontzi marroi gehiago ere erostea biltegian eduki ahal izateko, kalean dagoen edukiontziren bat aldatu behar denerako. Bestalde haizearen kontrako 44 finkagailu ere erosiko dira.


EHUN EDUKIONTZI BAINO GEHIAGO URTEBETEAN


Diru-laguntza onartuz gero, Barakaldon orain Urban-Galindo eta San Bartolome auzoetan dauden 23 edukiontzi marroiak ugaritu eta 104 edukiontzi egongo lirateke; izan ere, horrela, Ekologistak Martxan elkartearen bidez herritarrek egindako eskaera, osoko bilkuran onartua izan zena, beteko litzateke. “Gobernu taldean Barakaldoren onerako eta hiriaren garapenerako lagungarri diren laguntza ekonomikoak lortzeko eman behar diren pausu guztiak emango ditugu. Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza hori lortuko bagenu, bosgarren edukiontzia beste bi auzotara iritsiko litzateke kanpoko funtsei esker” azpimarratu du zinegotziak.


Urte hasieran Lutxanan, Llanon eta Retuerton jarri ziren edukiontzi marroi berriak. Udalak komunikazio kanpaina bat abiarazi zuen Ekologistak Martxan elkartearekin eta oso emaitza onak jasotzen ari gara. “Gutxi barru, ekimenaren balantzea egingo dugu, horren xedea gaikako bilketari buruzko informazioa ematea baita auzoz auzo” esan du Zubiaurrek.


2016ko otsailean, Urban-Galindo eta San Bartolome auzoetan 1.960 kilo biltzea lortu zen bilketa organikoan. 2017ko otsailean, hiru auzo horietan gaikako bilketa martxan dagoela, 2.600 kilo bildu dira. “Proiektua oraindik martxan jartzen ari da, baina badakigu herritarrak zerbitzu horren zain egon direla” esan du amaitzeko Zubiaurrek.

 

Partekatu:
Twitter Facebook