Barakaldok Larrialdi Plana eguneratuko du, hiriko enpresei eta poligonoei buruzko informazioa erantsiz - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok Larrialdi Plana eguneratuko du, hiriko enpresei eta poligonoei buruzko informazioa erantsiz

Barakaldok Larrialdi Plana eguneratuko du, hiriko enpresei eta poligonoei buruzko informazioa erantsiz

2017/02/10


Barakaldoko Udalak Larrialdi Plana eguneratzeari ekingo dio, herritarrak eta enpresa-sarea inplikatzeko xedez. Ekimenaren barruan, teknikarien eta kargu publikoen prestakuntza ere badago, alor horretan dagoen gaur egungo legeriaren eta larrialdi-egoeretan gara dezaketen eginkizunei buruzko informazioa ere eman dezaten.


Piboteak kentzeko plana martxan jarri zuenean Udalak bertako eta Bizkaiko Foru Aldundiko larrialdi-zerbitzuekin jardun zuen lanean, eta orduan ikusi zuen egungo Larrialdi Planak eguneratu beharra duela. “Larrialdi-zerbitzukoekin egin genituen bileretan plana aztertu, eta esku-hartzeak egin behar dituztenean baliagarriak izango zaien informazioa sartzea, bai eta egokitzea ere beharrezkoa dela ikusi genuen” azaldu du Herritarren Segurtasun Arloko zinegotzi Yolanda Fikak.


Gauzak horrela, esparru guztiak hartuko dituen azterketa bat egingo da, baina batez ere prebentzioan, herritarren parte-hartzean eta enpresa-sarean eragin nahi dugu. “Legeriak orain arte larrialdia kudeatzeko plan bat izatea azpimarratzen zuen. Baina orain, prebentzioa eta herritarren partaidetza ere oso garrantzitsuak dira, eta sakonago aztertu beharko ditugun esparruak dira” azaldu du Fikak. “Orain Larrialdi Plan bat daukagu eta, aurrera begira, udalerriko larrialdi-egoeretan herritarren segurtasunaren ikuspegi orokorra bilduko duen Babes Zibileko Plana sortzea dugu helburu" laburbildu du.


Egun, hirian larrialdi-egoeraren bat sor dezaketen enpresen izenak dauzkagu. “Informazioa zabaldu, eta Udalaren eta hiriko industrialde desberdinen arteko komunikazio-sistema bat ezarriko da. Oso garrantzitsua da larrialdi-zerbitzuek, hala nola suhiltzaileek, industrialdeetan nolako materialak dauzkaten jakitea, zeren eta horien inguruan jardun behar izatekotan, kontuan hartuko beharko baitute material sukoiak edo arriskutsuak dauden.


HERRITARREN PARTAIDETZA ETA PRESTAKUNTZA

Larrialdi-plan on batek ez du zentzurik nahasita daudenek ez badakite zer egin behar duten edo ez badu prestatutako eta inplikatutako herritarrik. Beraz, orain egingo dugun planaren eguneratzeak Udalak dituen baliabideak eta komunikazio-bideak aztertuko ditu zehatz-mehatz, herritarrei larrialdietan jarraitu beharreko gomendioak ez ezik, prebentzio arlotik har daitezkeen neurriak ere adierazteko.

“Gaur egun, zenbait baliabide ditugu: gizarte-sareak, komunikabideak, su-itzalgailuak erabiltzen ikasteko ikastaroak, informazio-kanpainak... Oso garrantzitsua da dauzkagun aukerak identifikatzea eta nola eta noiz erabili behar diren zehaztea, zeren eta herritarraren segurtasuna bermatzeko, jakinaren jartzea baita lehentasunezkoa” esan du Fikak.


Ekimenak beste xede bat ere badauka, udaleko teknikarien eta kargu publikoen prestakuntza hain zuzen. “Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak egindako kanpainan oinarritutako prestakuntza emango zaie, eta horren helburu nagusia Babes Zibileko egungo legerian trebatzea da, bai eta planaren barruan dauden prebentzio nahiz larrialdi egoera desberdinetan egin beharreko eginkizunetan ere” azaldu du.
Eguneratze-lana egiteko udaleko teknikariek parte hartuko dute eta 21.755 euroko kostua izango du.

 

Partekatu:
Twitter Facebook