Barakaldok proiektu aitzindaria jarri du martxan txakurren jabe gizalegezkoak saritzeko - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok proiektu aitzindaria jarri du martxan txakurren jabe gizalegezkoak saritzeko

Barakaldok proiektu aitzindaria jarri du martxan txakurren jabe gizalegezkoak saritzeko

2017/04/26


Barakaldok hirian erroldatutako 8.500 txakur inguru ditu. Horrek esan nahi du barakaldarren % 8,5k maskota daukala. Barakaldoko Udalak proiektu esperimentala, aitzindaria eta berritzailea jarri du martxan, hirian txakurrekiko bizikidetza hobetzeko eta errazteko. ´Barakaldo City Dog´ ekimenak txakurren jabe gizalegezkoak sarituko ditu, eta esklusiboki eta dohainik eskainiko die haien txakurren inguruan gehien kezkatzen zaizkien gauzen inguruko informazioa eta aholkularitza.

Barakaldoko Udalak, hala, auzokideen erkidego bat sortu nahi du, maskoten jabe gisa dituzten balore gizalegezkoengatik nabarmenduko dena. Erkidego horren parte izateak ahalbidetuko die kideei haien txakurren zainketaren eta jarreraren inguruko hainbat hitzaldi eta tailerretan parte hartzea.


Erkidegoan sartzeko beharrezkoa izango da pertsona bakoitzak konpromisoa hartzea ´Barakaldo City Dog Project Akordioa´ izenekoa betetzeko. Txakurraren ongizate fisiko, mental eta soziala sustatzea; txakurrak bere beharrak leku egokietan egiteaz arduratzea eta sortzen dituen gorozkiak jasotzea; txakurra lotuta eramatea eta beste pertsona edo txakurrak molestatzea ekiditea, eta jarrera begirunetsua eta jasanbera izatea sor daitezkeen egoera gatazkatsuetan, txakurren presentzia dela eta.


Proiektuaren parte izateko, informazio-hitzaldiak burutuko dira. Horietan, proiektua sakonean azalduko da eta erkidegoan alta emango dute. Ekimen horretan parte hartzeko izena ematen duen pertsona bakoitzak ´Barakaldo City Dog´ txakurrarentzako lepokoa jasoko du plastiko gogor batean eta txakurrengan ikusgai egoteko diseinatuta, txakurren tamaina eta ilajea edozein dela ere.
¨Txakurrak identifikagarria eramatearen xedea da herritarrek ezagutu ahal izatea animalia hori zaintzen duen pertsona gizalegezkoa dela, bere txakurraren ekintzak bere gain hartzen dituela, eta esfortzua egiten duela egiaztagiri hori lortzeko eta mantentzeko¨, azaldu du Gorka Zubiaurrek, Hirigintza Diziplina, Ingurumen eta Osasun Arloko zinegotziak.


Halaber, jabe gizalegezkoek ´Barakaldo City Dog´ txartela jasoko dute. Horrekin, partaideentzat bakarrik egindako ekimenetan parte hartu ahal izango dute.


PRAKTIKA ONEN AITORPENA
Esfortzu horren truke, udal kanpainak jabeak sarituko ditu ´Barakaldo City Dog´eko adituek eskainitako doako informazio-hitzaldiak antolatuz eta orientabide etologiakoak emanez. ¨Gustatuko litzaiguke maskotak dituztenei sortzen zaizkien kezkak eta zalantzak ezagutzea eta gai horietan sakondu ahal izatea. Hasieran, proiektuak hitzaldiak planteatzen ditu txakurraren jarrera ulertzearen inguruan, nola antzeman eta konpondu antsietate edo oldarkortasun arazoak; nola bukatu txakurren beldurrekin edo aholku edo teknikak animaliaren ongizatea lortzeko eta jarrera-arazoei aurrea hartzeko¨, iragarri du Zubiaurrek. ¨Orientabide etologiakoak ere emango dira. Jabeei orientazioa emango zaie jarraitu beharreko ibilbideaz, haien txakurrekin arazorik izatekotan¨.
Proiektu aitzindari horrek ´Theyellowdog´ programa martxan jartzea jasotzen du. Programa hori kolore-kode batean oinarritutako teknika da, maskoten gizartekoitasun-maila antzemateko. Kolore gorriko, horiko eta berdeko lazoak banatuko dira. Jabeek erabakiko dute zein lazo lotu haien txakurren lepokora, txakurrengana hurbiltzea komeni den edo ez kontuan izanik.


¨Haiengana hurbiltzeko arazorik duten txakurrek lazo gorria izango dute. Beraz, kontuz ibiltzea komeni da eta hurbildu baino lehen galdetzea. Lazo horia eta berdea jarriko zaie haiengana hurbiltzeko arazorik ez duten txakurrei¨, azaldu du zinegotziak. ¨Adituek esaten digutenaren arabera, seinaleztapen-sistema arrunt horrek lasaitasuna ematen die txakurren jabeei, haiengana hurbiltzen direnei eta txakurrei beraiei¨.


GIZALEGEAREN KONTRAKO JARRERAK MURRIZTEA


´Barakaldo Big City´ urtebetez hedatuko da hirian, eta hilero hitzaldiak edo tailerrak egingo dira. Proiektu berritzailea da, zeren eta ikaskuntza positiboko tekniketan eta animaliaren eta gizakiaren jarreraren funtsetan oinarritzen baita. ¨Holako kanpainekin beti seinalatzen dira gizalegearen kontrako jabeak, eta uste dugu badela garaia egoerari buelta emateko eta haien maskotekin jarrera zuzena eta egokia dutenengan erreparatzeko. Haiek dira nabarmentzea merezi dutenak, ziur gaudelako gehiengoa direla¨, azpimarratu du Zubiaurrek.


Kanpaina horrek xede du bide publikoan txakurren gorozkien presentzia murriztea; gizalegearen kontrako txakurren jabeen jarrera gizalegezkoa eta erantzukizuna handitzea, eta Barakaldoko herritarrek txakurrei eta haien jabeei buruz daukaten irudia hobetzea.


Partekatu:
Twitter Facebook