Barakaldok, Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioarekin batera, XXI. mendeko lehenengo Ikastun Eskola jarri du martxan - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok, Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioarekin batera, XXI. mendeko lehenengo Ikastun Eskola jarri du martxan

Barakaldok, Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioarekin batera, XXI. mendeko lehenengo Ikastun Eskola jarri du martxan

2017/06/30


Barakaldoko Udalak eta Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak hilabeteak daramatzate udalerriaren historiaren zati bat berreskuratuko duen XXI. mendeko lehen Ikastun Eskola sortzeko proiektua martxan jartzeko lanean, Bizkaiko Labe Garaiak martxan jarri zuen prestakuntza-eredura itzuliz, eta “Alondegia”, hiriko eraikin historikoetako bat birgaituz.

Gaurko prentsaurrekoan, Barakaldoko alkate Amaia del Campok eta Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioko lehendakariorde Francisco Aranak aurkeztutako esparru-akordioa sinatu ondoren, udalerriko alondegi zaharraren eraikina erabat birgaituko dute prestakuntza dualeko erreferentzia zentro bilaka dadin, edo beste era batera esanda, egungo enpresen egoera eta eskarietara egokitutako Ikastun Eskola berria.


“Azken hilabeteotan asko landu dugun proiektua da. Ikastunen eskola zaharreko ikasle ohi baten alaba naiz, beraz, oso hunkigarria da XXI. mendean eredu bera sortzen dela ikustea” azaldu du Barakaldoko alkateak. “Uste dut Barakaldorako azken urteotako proiekturik garrantzitsuenetako bat jarri dugula abian, ekimen berean lotu ditugulako gure herritarrentzako lan-etorkizunerako aukerak eta hirigintzako esku-hartzea behar zuen eraikin historikoa berreskuratzea” zehaztu du.


Ekimena gauzatu ahal izateko, Udalak akordio bat lortu du Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioarekin, beraz, eraikina 60 urtez lagako du, eta fundazioak egin beharko ditu instalazioen erabateko birgaitze lanak. “Guztiz beharrezkoa izan da, bai Udaleko arlo desberdinen koordinazioa, bai Siderurgiako Langileen Fundazioak egindako lana, beraz, eskerrak eman nahi dizkiet azken hilabeteotan egindako ahalegina proiektu polit hau errealitate bihur dadin” azpimarratu du alkateak.


IRAGANETIK IKASI ETORKIZUNERA BEGIRATUZ
Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioko zuzendari Astrid Lopez de la Sernak adierazi duenez, “aspalditik ari gara proiektu garrantzitsu hau lantzen, ilusio handiko proiektua da, garai batean, Bizkaiko Labe Garaietako Ikastun Eskolako prestakuntza-jarduerak eta prestakuntza-eredua berreskuratzeko erronka egin dugu. Gaur egun, inolako jarduerarik ez duten instalazioak dira, eta guztion arreta-gune bilakatu dira, bai enpresa-ehunarentzat, bai lan-merkatuarentzat”.


Ikasketa zentroetako prestakuntza eta lan-zentroetako esperientzia txandakatzeko estrategia bilakatzen ari da prestakuntza duala, produkzio-sistemak eskatzen dituen ezagutza teorikoak eta praktikoak hobeto txertatuz. Gauzak horrela, langabeek trebakuntza eta esperientzia lortu ahal izateko Prestakuntza Zentro bat sustatzea da asmoa, Ikastun Eskolako ikasle langileek prestakuntza lortzen zuten metodologia bera erabiliz.


“Eskola honek etorkizunari begiratzen dio gure iraganeko erreferentzia argia izanik, eta proiektu berritzailea eta bakarra edukitzeko aukera eskaintzen digu, eta Barakaldo, Ezkerraldeko hiriburu kokatzen du” zehaztu du Del Campok.


Astrid López de la Sernak azpimarratu duenez, Langileen Fundazioak proiektuari ematen dion balio erantsia bertako kideen esperientzia da dudarik gabe; guk ditugun boluntarioak BLGko Ikastun Eskola zaharrean trebatu ziren, beraz, belaunaldi berriei helaraziko diete beraien esperientzia, baita ilusioa ere, gaurko enpresen egoera eta eskariei egokitutako prestakuntza ereduaren bitartez”.


Izan ere, prestakuntza arloak eta lan-merkatuak gero eta enfasi handiagoa jartzen dute learning by doing edo “eginez ikasi” metodologiaren bidez lortutako espezializazioan eta esperientzian, nahitaezkoa baita lan-merkatu berrirako.


EPEAK ETA TITULAZIOAK


Barakaldoko Ikastun Eskola berria 2018-2019 ikasturterako martxan egotea espero da. Lehenengo, Julio Touza arkitektoak bideratuko du eraikinaren erabateko birgaiketa, adostutako akordioaren xedea betetzeko egokitu dezaten. Eraikinak 3.800 metro karratu ditu, horietako 3.100 eskolarako izango dira, eta besteak, egun dagoen Helduen Hezkuntza Iraunkorrerako. Instalazioetan beheko solairu bat dago, patio estalia eta goiko bi solairu, “nahiz eta eraikinak zati handi batean solairu altu bakarra duen, eta horrela, garaiko ordena eta simetriak dituen joko bolumetrikoa ageri zaigu” azaldu du proiektuaren arkitekto Julio Touzak.


Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak egingo dituen eraberritze lanetan 3 milioi euro inguru inbertituko ditu.


Zentroaren ikasketa proiektua eta planak urtero landuko dira eta prestakuntza-eskaintza malgua eta enpresek eskatutakoari egokitua hartuko dute kontuan, momentuko aldaketa teknologikoak, ekonomikoak eta sozialak aintzat hartuta. Lehenengo azterketa egindakoan, jarduera-sektore desberdinetan komunak diren zeharkako prestakuntza beharrak antzeman dira, eta zenbait prestakuntza alorrek eta profesionalek sektorek aurretiko hautaketa abiarazi dute.


SIDERURGIA INTEGRALEKO LANGILEEN FUNDAZIOA


Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioa garai batean Espainiako ekonomian hain garrantzitsua izan zen siderurgiaren munduarekin loturik sortu zen, batez ere, Euskadin, Asturiasen eta Valentzian.


Fundazioa erakunde bizia da, 8 urteko historia du eta senior boluntarioek parte hartzeko bide garrantzitsu bilakatu da, laguntza aktiboa emanez, bereziki, gazteei eta kolektibo ahulei zuzendutako gizarteratze eta laneratze proiektuetan.


Horrela bada, Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak aktiboki dihardu elkartasuna sendotzen duten lan-ekimenak eta esperientziak martxan jartzen, prestakuntza profesionala, laneratzea eta enplegua sortzen bereziki, eta horretarako, presentzia duen herrialdeko hiru puntu geografikoetan abiarazten ditu ekimen zehatzak: Euskal Herrian (egoitza nagusia), Asturiaseko Printzerrian eta Valentziako Komunitatean.

 

Partekatu:
Twitter Facebook