Barakaldoko artistek eta elkarteek euskarari omenaldia egingo diote Gabriel Arestiren eskutik - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ

 

Hasiera > Albisteak > Barakaldoko artistek eta elkarteek euskarari omenaldia egingo diote Gabriel Arestiren eskutik

Barakaldoko artistek eta elkarteek euskarari omenaldia egingo diote Gabriel Arestiren eskutik

2016/11/25


Euskara barakaldar guztion hizkuntza da, euskara dakiten eta ez dakiten barakaldarren kultura-ondarea da; beraz, zergatik ez inplikatu ahalik eta barakaldar gehien ospakizunean?, zergatik ez eman haiei protagonismo osoa? Horixe da Barakaldoko Udalak datorren abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatzeko egin duen hausnarketa.

Gero eta euskara gehiago entzuten da gure kaleetan; baina oraindik zaila da gure udalerrian euskaraz bizitzea. “Horrexegatik uste dugu guztion indarrak batu behar ditugula barakaldarrei erakusteko Barakaldon euskararen alde lan ikaragarria egiten duen jende asko, elkarte asko daudela eta beraz, Barakaldon oso harro egon gaitezkeela” adierazi du Nerea Canterok, Kultura, hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunen prebentzio arloko zinegotziak.
Horixe transmititu nahi da datorren abenduaren 1ean Barakaldo Antzokian taularatuko den musika eta kultur ikuskizunaren bitartez: “Ilusioa, euskaren alde asko ari garelako lanean; harrotasuna agertokian azalduko diren guztiak barakaldarrak direlako eta itxaropena, indarrak batzea lortzen badugu, sekulako aurrerapausoa emango dugulako” nabarmendu du Canterok.
Horretarako Hala Dzipo kultur elkartearekin batera ikuskizun bat sortu da eta honen bitartez udalerriko artistek eta elkarteek Gabriel Arestiren “Euskal Harria” “Euskara herria” bilakatuko dute. “Ikuskizunak ardatz nagusi bat izango du: Gabriel Aresti idazle ospetsuaren irudia, alegia. Honen bizitza eta obra modu berezian ezagutzeko aukera izango dugu, ordubeteko musika saio atseginaz gozatzen dugun bitartean”, adierazi du Hala Dziporen kide Eider Zenarrutzabeitiak.

Arestiren poemak dantzarekin nahastuko dira eta bere irudiek berak hainbeste maite zuen hiriaren irudiekin bat egingo dute proiekzioetan. Zeinu-dantza, antzerkia, herri kultura eta euskara oholtza gainera igoko dira. Harria eta burnia, zaharra eta modernoa, hizkuntza eta herria. “Barakaldon Arestiren “Euskal harria” jasota, euskara herriarekin lotzea lortuko dugu”, gaineratu du Canterok.

"Agertokia adin eta diziplina ezberdinetako artistek beteko dute, euskararen alde indarrak batuz. Espero dezagun oraingoa lehenengo urratsa besterik ez izatea, eta hurrengo urteotan beste euskal idazle bati ondo merezitako omenaldia eskaini ahal izatea, asko baitira gure hizkuntzaren alde lan egin eta lan egiten duten idazleak”, azaldu du Eider Zenarrutzabeitiak.

Ekimen honen helburua herritar guztien inplikazioa lortzea da eta, horretarako, ikuskizuna baino lehenago, Barakaldo Antzokitik abiatuko den bertso-kalejira bat ere programatu da, “barakaldar guztiak parte hartzera gonbidatuta daude”. Egunari amaiera emateko, Barakaldo Antzokiaren ondoko taberna batean musika, kantak eta pintxo batzuk ere egongo dira.
Barakaldok abenduaren 1ean, 20:00etan, ospatuko du Euskaren Eguna, abenduaren 2an eta 3an Barakaldo Antzokian Ibarra-kaldu kultur elkarteak Herrien arteko 20. Folklore jaialdia ospatuko duelako.
“Euskarak guztion bultzada behar duelako, eskaini diezaiogun merezi duen omenaldia barakaldar guztiak elkartuta”, adierazi dute bukatzeko Canterok eta Zenarrutzabeitiak.

 

Partekatu:
Menéame Twitter Facebook




KEXA ZAITEZ!

Adiera zaitez! Bidali zure kexa. Zerk kezkatzen zaituen jakin nahi dugu.

Izena:

Posta elektronikoa:

Testua:

Barakaldoko EAJren Facebook profila Barakaldoko EAJren Google + profila Barakaldoko EAJren Twitter profila Barakaldoko EAJren Youtube kanala Barakaldoko EAJren Flickr kanala Barakaldoko EAJren Instagram kanala