Lehenengo aldiz izango du Barakaldoko Udalak etika eta gobernu onaren kode bat. Gobernu Batzordearen gaur goizeko saioan onartu du gobernu taldeak udal arduradunek jarduteko konpromiso publikoa jasotzen duen dokumentua.
Dokumentua prestatzeko erreferentzia modura hartu dira: Eudelek 2013an prestatutako Eusko Jaurlaritzaren Etika eta Jokabide Kodea, 2015eko martxoaren 24an (FEMP) Udalerri eta Probintzia Espainiarren Federazioak onartutako Tokiko Gobernu Onaren Kodea eta 2015eko azaroaren 24an Bilboko Udalak prestatutako Etika, Gobernu On eta Konpromiso Instituzionalaren Kodea.
“Kargu publiko eta herritarren artean konfiantza sortzeko tresna bat da, eta haren bidez gobernu taldeak konpromiso publikoa hartzen du herritarrekin arau etiko batzuk aintzat hartuz hautesleen mandatua bermatzeko, hori ezinbestekoa baita gure eginbeharrak eraginkortasunez bete ditzagun” azaldu du Barakaldoko alkate Amaia del Campok.
Gobernu talde osoak bat egin du kode zabal bat izan nahi duen dokumentuarekin, “gure asmoa aldiro berrikustea eta edukiak hobetzea baita, gizartearen bilakaera eta eskakizunak kontuan hartuz" erantsi du.
Gobernu taldeak egin nahi duen kudeaketa garden, eraginkor eta partaidetzazkoarekin du lotura zuzena dokumentua onartzeak, eta horregatik hartu da kontuan abenduaren 9ko Gardentasunari, Informazio Publikoa eskuratzeko bideari eta Gobernu onari buruzko 19/2013 Legea. “Herritarrei kontuak emateko konpromisoa bermatzen du Gobernu Batzordeak onartu eta idatziz jaso duen kodeak, dokumentuaren bidez, barakaldarrek eskura izango dituztelako zein diren gobernu taldeak bere gain hartu dituen betebeharrak” argitu du Del Campok.
Etika eta jokabideari buruzko arauak biltzen ditu kodeak: esate baterako, ekintza nahiz ez-egite batean eroritakoei egindako ohartarazpena, arau etikoak, jokabideak, baloreak edo printzipiok hautsi dituztenean edo horiei eragin dietenean; edo kargua berehala lagatzea edo hari uko egitea, ekintza edo ez-egite batean arau etikoak urratu dituztenean.
Toki gobernuko kide bakoitzaren jokabidearen orotariko printzipioak ere biltzen ditu: osotasuna, eredugarritasuna, interes subjektibo eza, inpartzialtasuna, kontu ematea, zintzotasuna, errespetua edo erantzukizuna.
Herritarrek eskura izango dute dokumentua Udalaren www.barakaldo.org web orriko Parte-hartzea eta Gardentasuna atal berezian.
Partekatu: