Barakaldoko lehenengo aurrekontu parte-hartzaileek 16 urtetik gorako herritarren %3 mugiarazi dute - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldoko lehenengo aurrekontu parte-hartzaileek 16 urtetik gorako herritarren %3 mugiarazi dute

Barakaldoko lehenengo aurrekontu parte-hartzaileek 16 urtetik gorako herritarren %3 mugiarazi dute

2017/03/22


Gaur astebete itxi zen lehenengo aurrekontu parte-hartzaileetarako botoak emateko epea; 16 urtetik gorako barakaldarren %3tik gora mugiaraztea lortu duen ekimena. Udalak gaur goizean argitaratu dituen prozesu parte-hartzaile honetako datuak kontuan hartuta, ondorengo lau proiektu hauek hautatu ditugu: etxerik gabeko jendearentzako zerbitzuak abiaraztea; kirol instalazioak hobetzea; Munoa Finkaren erabilera publikoa sustatzea eta umeen eta gazteen jarduerak eta ekipamenduak handitzea.

15 eguneko botazio-epean 2.923 boto bildu dira, horietako 265 boto baliogabeak izan dira –botoa bikoizteagatik, Barakaldon erroldatu gabe egoteagatik edo baimendutako aukerak baino gehiago aukeratzeagatik-. Beraz, 2.658 boto izan dira baliodunak, %3,06k hartu dute parte.

Botoa emateko aukeratutako bideari dagokionez, barakaldarrek aurrez aurrekoaren alde agertu dira gehienbat, 1.359 boto, `on line´ aukeratu dutenek berriz, 1.299 boto baliodunak eman dituzte. Lehenengo modalitatean, auzoetan jarritako ontzien bidez jaso dira gehien, 946 formulario. Boto-emaileen sexua kontuan hartuta, emakumeak izan dira nagusi, 1.516 emakumek eman baitituzte botoak, eta 1.142 gizonek.

Prozesu honetako parte-hartzaileak batez ere 36 urtetik 45era arteko barakaldarrak izan dira -843 boto-, ondoren 50 urtetik 64ra artekoak - 578 boto-. Auzoka aztertuz gero, San Bizente auzoak eta dorreek lortu dute parte-hartzaileen kopururik handiena (502), eta ondoren, Lasesarre-Desertu eta Foruen inguruak (459).

“Oso pozik gaude aurrekontu parte-hartzaileen ekimenak izan duen arrakasta ikusita. Hiri handietan, Madrilen esaterako, 3.000 lagun mugiaraztea lortu dute (%1,3), hortaz, lortu dugun emaitza ona izan dela esan dezakegu” azaldu du Barakaldoko alkate Amaia del Campok.
“Lan ildo hori jarraitu nahi dugu, herritarrak ere kontuan izatea hiriaren garapenari dagokionean". Aurrekontuak direla eta, herritarrei lehen aldiz kontsultatu zaie, eta espero dezagun, urtero parte-hartzaile gehiago egotea, barakaldarrek zer esan badute eta” azpimarratu du.

BOTO GEHIEN JASO DUTEN PROPOSAMENAK


Aurrekontu parte-hartzaileek 1,1 milioi euroko partida dute barakaldarrek hautatzen dituzten lehentasunezko proiektuak garatzeko: ekimenaren lehenengo fasean herritarren 460 proposamen jaso ziren, eta talde teknikoak 22 proposamen zehatzetan bildu zituen. Barakaldarrek aurrekontuetan ezarritako partidarekin bat datozen ondorengo proposamenak aukeratu dituzte botoen bidez:
-Etxerik ez dutenentzako zerbitzuak abian jartzea.
-Kirol instalazioak hobetzea.
-Munoa Finkaren erabilera sustatzea.
-Haurrentzako eta gazteentzako jarduerak eta ekipamendua handitzea.

Aipatu atal horietan, herritarrek aurkeztutako ekimen zehatzak daude; dena den, talde teknikoak lehentasunak ezarriko ditu aurkeztutako proposamenen artean, eta horretarako zenbait kontzeptu hartuko ditu kontuan, hala nola lurraldetasuna, “herritarrek hautatutako proposamenak auzo guztietara iritsi daitezen batean zentralizatu gabe” azaldu du Del Campok.


“Barakaldok hitz egin du eta etxerik gabeko jendearentzako baliabide gehiago nahi dituela erabaki du, bai eta umeentzako parke gehiago eta hobeak edukitzea, kirol instalazio berrituak eta Munoa Finka hiriko kultur erreferente bilakatzea ere. Orain, gobernu taldekideoi dagokigu barakaldarren eskariei erantzutea eta beraiek emandako botoak ez direla kutxa batean geratuko erakustea urtean zehar” zehaztu du alkateak.


“Eskerrak eman nahi dizkiet prozesu parte-hartzaile honetan parte hartu duten herritarrei. Eskerrik asko ekimenean izandako konfiantzagatik eta emandako laguntzagatik, hori izan baita gure helburua, elkarrekin eraikitzea biharko Barakaldo” esan du amaitzeko.

 

Partekatu:
Twitter Facebook