Barakaldoko Udalak gaur goizean aurkeztu du 2026ko ekitaldirako ordenantza fiskalen eta prezio publikoen aldaketa-proposamena, eta horrek %2,2ko eguneraketa orokorra jasotzen du, 2025eko ekaineko urte arteko KPIaren arabera. Neurri horren helburua da herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoen kalitatea mantentzea eta haien iraunkortasun ekonomikoa bermatzea, kostuen gorakada orokorraren testuinguruan; gorakada hori, nagusiki, hainbat sektoretako azken lan-hitzarmenetan lortutako hobekuntzek eragin dute. Proposamenak, gainera, guraso bakarreko familientzako hobariak, enplegua sortzeko neurriak eta mugikortasun jasangarria sustatzeko ekimenak jasotzen ditu, baita kontzeptu berri batzuk sortzea eta tasa eta prezio publikoak araudi berrietara egokitzea ere.
“Jakitun gara arlo fiskalean hartzen dugun erabaki bakoitzak eragin zuzena duela herritarrengan, eta horregatik jokatzen dugu arduraz”, azaldu du Ogasun zinegotzi Iratxe Focesek. “Eguneratze honen helburua da kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitzea, eskuragarriak eta iraunkorrak izanik, Udalaren finantza-oreka arriskuan jarri gabe eta etorkizuneko inbertsioak bermatuz”, gaineratu du.
Ordenantza berriak
Hautaketa-prozesuetan parte hartzeko tasa
Lehen aldiz ezarriko da 15 euroko tasa Udalak deitutako hautaketa-prozesuetan parte hartu nahi dutenentzat. Neurri horrek prozesuen antolakuntza-gastuak estaltzen lagunduko du, eta parte-hartze arduratsuagoa sustatuko du. “Tasa hau ez da helburu fiskalarekin ezartzen, baizik eta hautaketa-prozesuak eraginkorragoak izatea bilatzen du, eta izena ematen dutenek benetako konpromisoa izatea. Gainera, egoera berezietan daudenentzat hobariak jasotzen ditu, hala nola guraso bakarreko familientzat”, azaldu du Focesek.
Merchandising instituzionalari buruzko ordenantza
Ordenantza berriak aukera emango du Udalak egokitzat jotzen dituen produktu instituzionalak saltzeko, adibidez: 10 euroko aterkiak edo 3 euroko oihalezko poltsak.
Aldaketa nagusiak
Guraso bakarreko familia eta familia ugarien arteko parekatzea
Parekatze hori dagoeneko udal-zerbitzu batzuetan aplikatzen da, eta orain Kontserbatorioan eta hautaketa-prozesu berrien ordenantzan ere jasoko da. “Neurri hau justizia sozialarekin lotuta dago. Gaur egungo familia-eredu anitzak kontuan hartzen dituen zerga-sistema bidezkoago baterantz aurrera egin nahi dugu”, nabarmendu du zinegotziak.
ICIO (Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga) aldaketak
Zerga-tasa bateratu egiten da: partikularrentzako tasa murriztua ezabatu eta tasa orokor bakarra ezartzen da: %5.
Gainera, hobari berriak sartzen dira:
%50eko hobaria enplegua sortzen duten obretarako (apustu- eta joko-lokalak izan ezik).
%90eko hobaria ibilgailu elektrikoentzako karga-puntuak instalatzeko obretarako.
%50eko hobaria ekonomia zirkularrarekin lotutako jarduera ekonomikoak gauzatzen dituzten obretarako.
“Hobari hauekin jokabide positiboak sustatu nahi ditugu Barakaldorentzat: enplegua sortzen dutenak, mugikortasun jasangarriaren alde egiten dutenak edo ekonomia zirkularrean dihardutenak”, azpimarratu du Focesek.
Lurzoruaren okupazioaren tasa (txurro-dendak, izozki-dendak…) Zamalandara iristen direnak:
Tasa kalkulatzeko modua aldatu da, eta aurrerantzean benetako okupazio-egunetan oinarrituko da, udako edo Gabonetako epe osoko tarifak erabili ordez. Era berean, Zamalandako espazioaren tarifak eguneratu dira; 2026tik aurrera, zerbitzu hori udan zein neguan eskainiko da bertan.
Animalien bilketari buruzko tasa berria:
Ordenantza 2022ko ekainaren 30eko 9/2022 Legeari egokitu zaio, Euskal Autonomia Erkidegoko etxeko animalien babeserako legeari, eta udalaren eskumen eta zerbitzu berriak jasotzen ditu.
Ibilgailu historikoak:
Ibilgailu Atrakzio Mekanikodunen gaineko Zergaren (IAMZ / IVTM) ordenantzan ibilgailu historikoen kategoria berri bat gehitu da, eta ibilgailu horien erabilera errealera egokitzen da zerga, urtean gehienez 96 eguneko zirkulazioarekin.
Proposamena udaleko talde politikoei aurkeztu zaie, eta 7 eguneko epea izango dute zuzenketak aurkezteko. Ondoren, udalbatzan eztabaidatuko da proposamen osoa.
(ITURRIA: Barakaldoko Udala)
Partekatu:
Facebook