Edukiontzi marroia gelditu gabe ari da Barakaldoko auzoetara zabaltzen. Bizkaiko Foru Aldundiak hiriko zabor bilketa organikoa auzo gehiagotara zabaltzeko diru-laguntza emango diola adierazi dio gobernu taldeari. Oraingoan, zerbitzua Zuhatzu-Arteagabeitia eta Ansio auzoetara iritsiko da.
Bizkaiko Foru Aldundiak 40.293 euroko laguntza emango dio Udalari 37 edukiontzi marroi erosi eta jar ditzan. Horrela agertu zen Bizkaiko Aldizkari Ofizialean joan den ostiralean. Gobernu taldeak hirugarren urtez lortzen du gero eta barakaldar gehiagori eskaintzen dion zerbitzurako laguntza. “Gure erronka oso argia da, edukiontzi marroia urtero auzo gehiagotara iristea da, harik eta hiri osoak izan arte zerbitzua” azaldu du Hirigintza Diziplina eta Ingurumen Arloko zinegotzi Gorka Zubiaurrek. “Diru-laguntzei esker, 154.000 eurotik gora inbertitu dugu gaikako bilketan.
Zuhatzu-Arteagabeitia eta Ansio auzoetan bilketa organikoa martxan jartzeko, 2.200 poltsa biodegradagarri, etxeko 1.100 ontzi eta 1.100 giltza ere erosiko ditugu. Zerbitzua datorren urtarrilean martxan egotea espero dugu.
Gaikako bilketa hamar auzotan
Neurri berriari esker, Barakaldok gaikako bilketa hiriko hamar auzotan jarri du martxan: San Bartolomé, Desertu-Urban, Lutxana, Llano, Retuerto, Gurutzeta, Bakea, Burtzeña, Zuhatzu-Arteagabeitia eta Ansio. “Udalbatzan herritarrekin hartutako konpromisoa da. Izan ere, herritarrek egindako eskariari erantzuteko pausoak ematen ari gara, Barakaldok Europako helburua lortu dezan, hau da, 2020. urtean zabor organikoaren % 50 biltzea” adierazi du Zubiaurrek.
Barakaldarrak oso inplikatuta daude ekimen honetan, eta zabor organikoaren bilketari buruzko datuak hirukoiztu egin dituzte Amaia del Camporen gobernu taldeak edukiontziak auzoetara eramaten diharduen lanari esker. Izan ere, 2013an, Barakaldok 23 edukiontzi baino ez zituen, eta hiru urtetan, 141 edukiontzi marroi edukitzea lortu du.
Edukiontzi marroia gero eta auzo gehiagotan jartzeari esker, 2017. urtean, Barakaldok hirukoiztu egin zuen zabor organikoaren bilketa, hau da, 2016an 15.300 kilo bildu zituen, 2017an berriz, 58.240 kilo.
2018ko lehen hiruhilekoan, Barakaldon handituz doa edukiontzi marroiaren erabilera. 2017ko lehen hiruhilekoan 10.960 kilo bildu ziren, 2018an berriz, 24.240 kilo, beraz, aurten kopuru bikoitza bildu da.
Edukiontzi marroia hiriko gune gehiagotara zabaltzen lagunduko dion finantzazioa bilatzeko, gobernu taldea hasi da Bizkaiko Foru Aldundiari aurkeztuko dion hurrengo proiektua prestatzen.
Partekatu: