Bizkaiak, Barakaldok eta ATECE elkarteak Hartutako Kalte Zerebralaren Eguna ospatzeko gonbidapena luzatu die bizkaitarrei - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Bizkaiak, Barakaldok eta ATECE elkarteak Hartutako Kalte Zerebralaren Eguna ospatzeko gonbidapena luzatu die bizkaitarrei

Bizkaiak, Barakaldok eta ATECE elkarteak Hartutako Kalte Zerebralaren Eguna ospatzeko gonbidapena luzatu die bizkaitarrei

2017/10/19


Hartutako Kalte Zerebrala (HKZ) duten pertsonek hurrengo urriaren 26an, ostegunean, sentsibilizazio-jardunaldi batean parte hartuko dute Hartutako Kalte Zerebralaren Eguna dela-eta. Jardunaldia Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu du Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) bitartez, eta bertan parte hartuko du Barakaldoko Udalak, udalerri horretan gauzatuko baitira aurten egun hau ospatzeko ekintzak.


Gizarte Ekintzako foru diputatuak, Isabel Sánchez Roblesek, programa aurkeztu du Barakaldoko alkatearekin, Amaia del Camporekin, eta Hartutako Kalte Zerebralaren Bizkaiko Elkartearen presidentearekin, José Luis Estebanekin, batera.


Isabel Sánchez Roblesek gertaera bidezko garuneko kaltea duten pertsonen errealitatea ezagutarazteko sentsibilizazio-ekintzak sustatzeko dagoen beharra nabarmendu du, eta Bizkaiko Foru Aldundiak bizitza-proiektu guztiak errealitate bihurtzeko duen konpromisoa azpimarratu du. Horrez gain, adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiak konpromisoa duela “errealitate hori agerian uzteko, Hartutako Kalte Zerebrala duten pertsonek eskubidez izan behar dutena aldarrikatzeko, aniztasun funtzionala nabarmentzeko eta Bizkaia inklusibo baten alde apustua egiteko, gaitasunak albo batera utzita proiektu guztiek bere lekua duten Bizkaia, alegia”.


ATECE Bizkaiko presidenteak ildo bereari jarraitu dio. José Luis Estebanek nabarmendu du Hartutako Kalte Zerebralaren Eguna aukera paregabea eta erronka handia dela beraientzat, “gauzatzen dugun jarduera guztia erakusteko aukera baita, sentsibilizazio sozialean aurrera egiteko eta geroz eta urrutiago iristeko laguntzak gehitzen joateko”.


Amaia del Campo alkateak esker onez hartu du aurten Barakaldon izatea Hartutako Kalte Zerebralaren Eguna, ziur baitago barakaldarrek deiari erantzungo diotela: “Barakaldo konprometituta dagoen herria da; bizilagunak kalera ateratzen dira eta hau bezalako ekimen inklusiboak babesten dituzte”, azpimarratu du.


Hartutako Kalte Zerebralaren Eguneko ekimenak Barakaldoko bi lekutan antolatuko dira: Goizean Herriko Plazan eta arratsaldean Barakaldo Antzokian.

Gizarte Ekintza Sailak eta GUFEk goiza girotzeko jarduerak antolatu dituzte, eta hala, bertaratzen direnek kirol egokituko hainbat jardueretan parte hartu ahal izango dute. Horretarako, Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioaren laguntza izango dute txirrindularitzan, boccia-n eta mahai-tenisean, eta Bidaideak Bilbao BSR gurpildun aulkiko saskibaloi taldeko partaideek saski eramangarria jarriko dute saskibaloian aritzeko. Eguerdian, Hartutako Kalte Zerebrala duten eta Foru Aldundiko Bekoetxe (Bilbo) eta Lurgorri (Gernika) eguneko zentroen erabiltzaile diren pertsonek jakinarazpen bat irakurriko dute aurretik adierazitako "Salbatutako biziak bizitzea merezi du" lemarekin. Goizeko programarekin bukatzeko, Sokole taldeak perkusio afrikarreko tailerra emango du.


Arratsalderako, Hirugarren Elkartasun Topaketa antolatu du ATECE Bizkaiak, erakundearen helburuak eta ezintasun hori jasaten duten pertsonen beharrizanak ikusarazte aldera. Jardunaldi horrek Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Barakaldoko Udalaren laguntza jaso du; horretaz gainera, honako hauek dira egun horretan laguntzaile desinteresatu izango ditugunak: "Travellin´ Brothers" Soul Banda (2015ean Europako Soul bandarik onena eta munduko 8 banden artean finalista) Sol Maguna aktorea eta Oliver & Eva Magoa. Topaketa horretan, Hartutako Kalte Zerebrala duten pertsonen kolektiboko ordezkari ugari izango dira, bai eta Bizkaian HKZrekin loturik dauden eragile guztiak ere.


Ekitaldi horretarako sarrera doakoa izango da, harik eta aretoaren edukiera bete arte; hala ere, 10 euroko elkartasun-sarrera bat erosiz kolaboratzera gonbidatzen dute jende guztia antolatzaileek, txartel horrek eserlekua erreserbatzea bermatzen baitu. 0 ilarako 5 euroko ekarpena ere egin daiteke, sarreraren erreserbarik gabe. Sarrerak eta ekarpenak ATECE Bizkaiaren webgunean eskura daitezke: http://www.atecebizkaia.org.


Hartutako Kalte Zerebrala


Kalte zerebralaren kausa nagusiak iktusak eta garezur eta garuneko traumatismoak izaten dira; izan ere, horien eragile nagusiak trafiko-istripuak izaten dira, mahiz eta lan eta kirol arloetako istripuak ere eragileetako batzuk izan. Euskadin, egun, 19.000 pertsonak baino gehiagok dute HKZren ziozko ezintasunen bat. Kalte zerebral baten arrastoak askotarikoak izaten dira eta, kaltearen larritasuna edo kaltea duen garuneko gunea zein den, honako arazo hauek sorraraz ditzake eri horrek: mugikortasun-nahasmenduak, komunikazio arloko arazoak, ments kognitiboak, gorabehera emozionalak eta jokabidearen alorreko gorabeherak. Kasuen ehuneko hirurogeian, arrastoen konbinazio horrek galarazi egiten du eguneroko bizitzan oinarrizko jardueraren bat gauzatzea; ezintasun larriak edo osoak, berriz, % 45ean murrizten du gaitasun hori.


Bizkaiko Foru Aldundiak, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen bidez, 2 zentro berezi ditu Hartutako Kalte Zerebrala jasaten duten pertsonentzat: Bekoetxe (Bilbo) eta Lurgorri (Gernika). Zentro horietan, guztira, 69 plaza daude.

Partekatu:
Twitter Facebook