Antzinateko Jokoetan frogarik garrantzitsuenetako bat izan eta 1904an Saint Luisen aro modernoko lehen Jokoetatik diziplina olinpikoa izan arren, kirol borroka nahikoa ezezaguna da gure artean, eta hori gure artean Maider Unda bezalako goi mailako borrokalari bat bat dugula – brontzea Londresen 2012an –. Hori horrela, Aramaioko borrokalaria ohoratzen duen kopak diziplina ikusgarri honetara hurbiltzeko aukera paregabea eskainiko du azaroaren 29an Barakaldon, Espainiako 61 klubetako 460 kirolari baino gehiago eta nazioarteko ordezkaritzak bilduko dituen lehiaketa ikusgarri batekin.
Espainiar Estatuko borroka-egutegian lehiaketa garrantzitsuenetako bat bezala sendotuta, Lasesarre kiroldegiko hitzordua kirol noble hau gozatu eta ezagutarazteko aukera paregabea izango da, lehen mailako parte-hartzaileekin. Nazioartean ere gero eta son handiagoko proba bihurtzen ari da Barakaldokoa eta iaz Poloniako eta Frantziako kirolariak izan baziren, aurten bi selekzio hauetako partaideez gain, Britainia Handiko borrokalariak etorriko dira, txapelketaren maila lehiakorra handituz. Azken izen emateen faltan, Barakaldon izango dira Pau Gimeno eta Elvira Martínez, bi Top-10 emakumezkoetan, Antonio Carmona kataluniarra (7) eta Gonzalo Caparrós galiziarra, greko-erromatarrean Top-12, eta Mykola Tomalchov (3) Aimar Alzon (5), Iñigo Girones (9) eta Fabricio Daniel Reyes (10), borroka librean.
Eta horien guztien artean, aipatzekoa da Barakaldoko Munoa klubeko Aser Ebro bizkaitarra, borroka greko-erromatarreko espainiar rankingean laugarrena, etxekoen aurrean bere mailarik onena eskaintzen saiatuko den borrokalaria. Barakaldoko klubeko kidea 6 urte zituenetik, Ebro 11 urtez izan da Espainiako txapeldun eta Espainiako selekzioko kide ere izana da nazioarteko hainbat txapelketatan.
Aipamen berezia merezi du, halaber, emakumeen parte-hartze zabalak, 110 emakumek ikusi ahal izango baitugu Barakaldon borrokan, kirolean hain desiratua den berdintasunari dagokionez beste aurrerapauso bat emanez.
Horren berri eman dute gaur goizean Iñigo Asensio Barakaldo Kirolakeko presidenteak, Carlos Sergio Achotegui Bizkaiko Foru Aldundiko kirol zuzendariak, Yera Ortiz Borroka Libreko Munoa klubeko presidenteak eta Maider Unda borrokalariak.
"Maider Unda Kopa gure inguruko borrokarako erreferente gisa finkatu da, eta hemen, Barakaldon, egitea benetako harrotasuna da. Gainera, kopa hau hilabete oso esanguratsu batean iristen da beti. Azaroaren 25etik (Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna) gertu ospatzeak, halaber, kirol-arloan emakumeek betetzen duten aparteko papera gogorarazten digu ", adierazi du Asensiok.
Etengabeko hazkuntza
Honekin, 17 urte dira, Bizkaiko Federazioaren laguntzarekin eta Arabakoak logistika lanetan eskainitako babesarekin, Munoa klubak Barakaldon borroka olinpikoko txapelketa hau antolatzen daramala. Hasiera hartan ehun partaide pasatxorekin hasi zen, baina 2019an, Euskadiko Federazioak kirol honetan emakumearen ikusgarritasunari dagokionez bultzada bat ematea erabaki eta Maider Unda Kopa sortu zuenetik, ekitaldi honek etengabeko hazkuntza bat izan du.
Ordutik, Barakaldoko probak gora egin du etengabe, eta aurten 460 kirolari baino gehiago izan dira Maider Undaren babesean antolatutako txapelketan parte hartzea erabaki dutenak. Arabarraren nazioarteko erreferentzialtasunak sona eman dio txapelketari ez ezik, klubari, federazioari eta baita Barakaldoko herriari ere.
Larunbateko lehiaketa goizeko 10etan hasiko da XVII. Barakaldo Kirolak Sari Nagusiarekin. Bertan 6 eta 13 urte bitarteko kirolariak izango ditugu, tartean Munoa eskolako txikiek parte hartuko dutelarik. Hauetariko batzuentzat euren lehen lehiaketa izango da, eguneroko entrenamenduetan jasotzen dituzten ezagutzak probatzeko eta diziplina bera partekatzen duten beste klub batzuetako haurrekin harremanak sortzeko modu ezin hobea.
Maider Unda Nazioarteko Kopa eguerdi inguruan hasiko da, U15, U17, Junior eta senior mailako kirolariekin. Lau tapizetan banatutako 500dik gora borrokaldirekin, Euskadin parekorik ez duen ekitaldi hau aukera paregabea izango da aitzineko kirol honetara gerturatu eta ezagutarazteko..
(ITURRIA: Barakaldoko Udala)
Partekatu:
Facebook