Nerea Cantero Kultura zinegotziak BAFFEST Emakume Argazkilarien Lehiaketaren aurtengo berrikuntzak aurkeztu dituzte.
Lehiaketak 700 euroko sari bi emango ditu bat estatuko argazkilarientzat eta bestea euskal argazkilarientzat, Espainiako Estatuko zeinahi lekutan jaio edo bizi diren adinez nagusiko argazkilarientzat.
Lanak gaurtik ekainaren 29ra aurkez ahalko dira eta oinarriak festibalaren webgunean agertzen dira. Gaiak eta ikuspegia libreak dira eta argazkilari hasiberriek nahiz entzutetsuek parte har dezakete lehiaketan. Parte-hartzea doakoa da.
Lehiaketan parte hartu nahi izanez gero, mezu bat bidali behar da, 12 MBtik beherako pisua duena, PDF formatuan gordetako DOSIER edo txostena barruan duela, certamen@baffest.com helbidera, GAIA eremuan, LEHIAKETA 2025 adierazita. Fitxategiak honako hauek barruratu behar ditu:
• Biografia edo CV laburra (gehienez ere, 1.500 karaktere).
• Proiektuaren titulua eta deskribapena (gehienez ere, 1.500 karaktere),
• Proiektuaren irudiak (gehienez ere, 10 irudi).
• Argazkilariaren datuak (izena, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta webgunea, Instagram kontua edo antzekoa).
• Euskal kategorian ere lehiatzen diren argazkilariek (hau da, Euskadin edo Nafarroan jaiotakoek edo gaur bizi direnek) hori adierazi beharko dute argazkilariaren datuekin batera.
• Proiektuak web formatuko material gehigarria badu, esteka idatzi ahalko da PDF fitxategian.
BAFFEST Lehiaketaren epaimahaia eta sariak
Carmen Dalmau komisario, idazle eta Arte historialariak, Elisa Miralles argazkilari eta hezitzaileak eta Nagore Legarreta argazkilariak osatuko dute epaimahaia, hirurek ere festibal nahiz lehiaketarekiko lotura historikoa dutelarik.
Uztailaren 15ean, lehiaketaren 9 finalistak ezagutzera emango dira, eta urriaren 18an Barakaldora etorriko dira nork bere proiektua defendatzera Argazki Egunean (festibalaren egun nagusian). Hautatuek 250 eurorainoko bidaia-saria jasoko dute. Finalistetan, hiru, gutxienez, euskal kategoriakoak izango dira, ondoko bi sariok eskuratzeko hautagai:
• BAFFEST saria (estatukoa): 700 eurokoa, Espainian jaio edo bizi diren argazkilarientzat.
• BARAKALDO saria (tokikoa): 700 eurokoa, Euskadin edo Nafarroan jaio edo bizi diren argazkilarientzat.
Festibalaren lehen edizioa 2016an egin zen eta, handik hona, besteak beste, ondokoek irabazi dute: Helena Goñi, Teresa del Romero, Ura Iturralde, Aitziber Orkolaga, María Azkarate, Cris P. Lareo, Rocio Bueno, Meritxell Ahicart, Tania Barrenetxea, Carolina Diego, Malu Reigal eta Fernanda del Barrio.
Zerrenda horretan islatzen dira, besteak beste, emakume argazkilariek argakilaritza ulertzeko darabilten askotariko ikuspegi, gai, teknika eta moldeak, bai eta Baffest Lehiaketa irabazteak eskaintzen dizkien etorkizun-aukerak ere. Aurreko edizioetako epaimahaikideen artean, Cristina de Middel Magnum Agentziako zuzendaria, Miren Pastor (Fiebre fotoliburuen jaialdiko zuzendaria), Itziar Bastarrika, Ixone Sábada eta Eneka Fernández euskal argazkilariak eta Roberto Villalón Clavoariendo aldizkariaren zuzendaria nabarmendu behar ditugu.
Barakaldora irudiz irudi
Programazioaren ardatz nagusietako bat Maied Urrutia argazkilariak zuzentzen duen proiektua izango da. Urrutiak Barakaldoko argazkilari-taldea lanean jarriko du datozen hilabeteetan hiriko irudiak ateratzeko.
«Proiektu honen helbururik behinena Barakaldo emakume-begiradaz irudikatzea, emakumeari darion argiz eta xarmaz jantzita», azaldu du Urrutiak. «Barakaldoko emakume argazkilarien talde bat sortuko dugu, eta hiriko argazkiak aterako dituzte uda honetan. Gero, emaitzen jarraipena eta berrikuspena eginda, hiriaren iruditeria poetikoa landuko dugu».
Amaierako lana Barakaldoko kaleetan erakutsiko da festibalak irauten duen bitartean.
Ospakizunaren irudia
Ekitaldian, Barakaldoko diseinatzaile grafiko Sara Prietok, sortu zenetik bertatik festibalaren irudiaz arduratzen denak, BAFFESTen irudi berria eta urrian kaleak apainduko dituen kartela aurkeztu ditu, artearen arloan berdintasunarekiko konpromisoaren hamarkada betearen erakusgarri.
Barakaldoko banderaren koloreak (beltza eta horia) dira elementu nagusiak, baina aurreko edizioetako irudiaren omenaldi sotila ere igar daiteke.
«BAFFEST emakume argazkilariei eskainitako jaialdia da, eta lehen mailako artistentzako erakusgune garrantzitsu bilakatu da. Urteetan, harreman iraunkorrak sor daitezen ahalbidetu du, Barakaldo argazkilaritzaren munduan dihardutenen elkargune eta elkarlanerako toki bihurtuta», azaldu du Sara Prietok.
«Edizio honetako irudiak hamar urteko esperientzia islatzen du, eta, horretarako, diseinu minimalista erabili dut, non aurreko bederatzi edizioetako kartelak denbora-lerro gisa irudikaturik ageri diren. Gainera, Barakaldoko koloreak erabili ditut atzeko planoan, herriak eta festibalak duten lotura berezia nabarmentzeko. Artearen eta komunitatearen hamarkada beteko ikus-omenaldia da».
BAFFEST jaialdia, sendo finkatuta
BAFFEST festibala Barakaldoko Udalari esker antolatzen da, Fotopop kultur ekoizpenen agentziaren laguntzaz eta Eusko Jaurlaritzaren nahiz Bizkaiko Foru Aldundiaren babesaz. Jaialdia 2016an sortu zen, eta emakumeek landutako argazkilaritzari buruzko jaialdi bakarra da estatuan. Emakume argazkilarien talentua ikusarazteko eta profesionalei laguntzeko asmoz sortu zen festibala, emakume argazkilariek askotan ez baitute ondo merezitako aintzatespena jasotzen. Emakumeek gizartean, artean eta, bereziki, argazkilaritzan jasaten duten ikusezintasuna konpentsatzeko ekimena da.
Lehen edizio horretan, Cristina García Roderok eta Cristina de Middelek parte hartu zuten Cristina de Middelek Argazkilaritzako Sari Nazionala irabazi zuen 2017an, eta urte horretan ere Magnum Agentzian sartzeko hautatu zuten (gaur egun, berak zuzentzen du agentzia), bai eta Miren Pastor euskal argazkilariak ere (gaur egun, Fiebre fotoliburuen jaialdia zuzentzen du eta BAFFEST festibalaren komisarioa izan da hainbat ediziotan).
BAFFEST festibalari esker, Barakaldoko kaleetan emakume argazkilari handien lanak ikusteko aukera izan dute herritarrek, hala nola 8lehen esandakoez gain, honako hauenak: Ester Ferrer, Estela de Castro, Bego Anton, Elisa Miralles, Mar Sáez, Pauline Fague, Colita, Deneb Martos, Tatjana Schlör edo Lurdes Basolí.
Jakina denez, Emakume Argazkilarien Lehiaketa oso esanguratsua izan zen horientzat guztientzat; izan ere, lanak erakusteko aukera eman die makina bat finalistari horietako askorentzat, lehen aldiz, edizio bakoitzean, emakume argazkilarien komunitatea sortzeko eta irabazleei funtsezko bultzada profesionala eskaintzeko.
Hitzaldiak, tailerrak, bisita gidatuak, familia egunak, herri-bazkariak... BAFFEST jaialdiak herritarren parte-hartzea sustatu nahi du, berdintasunaren eta bizikidetzaren balioak sendotuz eta artea nahiz argazkilaritza hori lortzeko bitarteko gisa bultzatuz, emakumeek munduaren zer-nolako ikuskera duten erakutsita.
(ITURRIA: Barakaldoko Udala)
Partekatu:
Facebook