Gazte Bulegoa eta Giltzarri gazteen plataformek web orri berria dute gazteei zerbitzuak hurbiltzeko - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Gazte Bulegoa eta Giltzarri gazteen plataformek web orri berria dute gazteei zerbitzuak hurbiltzeko

Gazte Bulegoa eta Giltzarri gazteen plataformek web orri berria dute gazteei zerbitzuak hurbiltzeko

2017/01/18


Gazte Bulegoa eta Giltzarri zerbitzuek web orri berria dute. 8.600 erabiltze inguru dituzten gazteen plataformek orain arte ez dute zerbitzu hori eduki, baina aurrerantzean, Barakaldoko Udaleko Gazteria arloak bultzatutako jarduerak egunero azaltzeko baliatuko dute.

Gazteen informazioa, orain arte, udal web orriko `Gazteak´ atalean jarri izan da. “Neska-mutilek gero eta gehiago erabiltzen dituzte mugikorrak eta tabletak, horregatik, gazteengandik eta beraien ohituretatik hurbilago egoteko bide ematen digun formatu bat sortzea erabaki dugu” azaldu du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok. “Gauzak horrela, zerbitzu bakoitzerako web orri pertsonalizatua sortzea erabaki genuen, eskaintzen dutena bereizita eta mugikorretara eta tabletetara egokitua, edozein unetan erabiltzeko aukera izan dezaten” gehitu du.

Web orri berriak gaurtik hasita bisita daitezke www.giltzarri.info eta www.gaztebulegoa.net helbideetan. Gainera, Udal web orrian (www.barakaldo.org) aipatu orrietarako estekak jarriko dira, orriaren eskuinaldean dagoen `gazteak´ atalean.

“Komunikazio-bide berri honen bidez, udal zerbitzu bietako erabiltzaileekin harreman iraunkorra eta zuzena sortzea, bai eta informazioa eskuratzeko erraztasuna ematea, adinarekin bat datozen hizkera eta komunikabideak erabiltzea eta gazteentzako Udal hurbila bilakatzea ere lortu nahi dugu" zehaztu du Canterok. Web orriak eguneratuta egongo dira eta orain baino informazio dinamikoagoa edukiko dute, gazteek egiten dituzten jardueren argazkiak eta bideoak ere agertuko baitira.

Gazte Bulegoak 6.700 kontsulta inguru jasotzen ditu urtero San Juan kalean duen bulegoan (5.500 kontsulta aurrez aurrekoak izaten dira) eta 1.500 gaztek parte hartzen dute ikastaro eta jardueretan. Giltzarrik ostera, 400 erabiltze inguru ditu urtero. “Neska-mutilen aldarrikapen historikoa dugu hau, baina ez da kontuan hartu izan gu Alkatetzara heldu arte. Horretaz gain, bi zerbitzuotako parte-hartzaileek edukiak igotzeko aukera ere izango dute” azaldu du zinegotziak.

ORDUTEGI BERRIA GAZTEBULEGOAN

Gazte Bulegoak ordutegi berria du hilabete honetatik aurrera. Bulegoak eragin handiagoa izango du gazteentzako programa eta ekimen parte-hartzaileak abiarazterakoan, bai eta emantzipazioa sustatzeko programa berriak bultzatzerakoan ere.

Gazte Bulegoak Kalitatea Kudeatzeko Sistema (ISO 9001) dauka 2010. urtetik, eta horren bitartez, zerbitzuetako datuak bildu, eta erabiltzaile kopurua zenbatzen da, bai osotasunean, bai eskaintzen duen zerbitzu bakoitzekoak. Azterketa horretan bildutako datuak kontuan hartuta, Gazteria Arloko teknikariek gazteen informazio bulegoan zein ordutegitan mugitzen den erabiltzaile kopuru handiena lortu dute. 2017 urtean jarriko da ordutegi berria bulegoan, eta aldaketak asteburuko jardueren eskaintza handitzea ere badakar.

Zerbitzuan esleitutako langile kopuruak (4 hezitzaile, bat bereziki asteburuko proiektuetarako) eta gazteentzako arreta ordu kopuruak ere berdin jarraituko dute. Ordutegia berriz aldatu egingo da, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara irekiko da beste zerbitzu batzuk ere garatu ahal izateko, hala nola orientazioa eta laguntza, aisia, kultura eta elkartasuna sustatzea, edota emantzipaziorako laguntza programak (enplegua, etxebizitza, besteak beste).

“Horrela, Gazte Bulegoak asteburuetan ohiko hezitzailea izango du aisia eta kultur programak garatzeko, Barakaldoko gazteen eskariei aisialdiko espazio desberdinetatik erantzuteko eta ekimenen programazioa bideratzeko, hala nola: tailerrak, ikastaroak edo taldekako jarduerak” azaldu du Canterok.

ARRETA HANDIAGOA GURUTZETAKO TOPALEKUAN

Gurutzetako Zentro Zibikoan dagoen nerabeentzako Topalekuak ere erabiltzaileentzako ordutegi zabalagoa izango du. Orain arte astean bi arratsaldetan baino ez zen zabaltzen, aurrerantzean berriz, astelehenetik ostiralera zabalduko da, ohiko ordutegian (17:00etatik 20:00etara), eta ikasturtearen amaiera arte.
Giltzarriren Topalekua 12 urtetik 18ra arteko nerabeei zuzendutako Gazteria arloaren zerbitzua da. Gazteak egoteko, jolasteko, besteekin geratzeko, lagunekin mintzatzeko eta ekimenak sustatzeko lekua da, begirale batek lagundurik.

 


 

 

Partekatu:
Twitter Facebook