Gurasoen Eskolak gatazkak konpontzera eta emozioak kontrolatzera bideratu du aurtengo edizioa - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Gurasoen Eskolak gatazkak konpontzera eta emozioak kontrolatzera bideratu du aurtengo edizioa

Gurasoen Eskolak gatazkak konpontzera eta emozioak kontrolatzera bideratu du aurtengo edizioa

2018/01/15


Barakaldoko Udalak Gurasoen Eskolaren edizio berria abiarazi du, eta oraingoan, gatazkak konpontzeari eta emozioak kontrolatzeari buruzko gaiak bultzatuko ditu. Udal ekimen horrek xede du familiei laguntzea seme-alaben heziketan sor daitezkeen arazoei aurre egiteko orduan. Hemendik eta martxora bitartean, doako hamabost bat ikastaro eta tailer programatu dira eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan emango dira.

“Hiruhileko bakoitzeko gaiak bertaratutakoek hautatuko dituzte, egunerokoan antzematen dituzten beharren arabera” azaldu du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok. Gainera, gatazkak familia barruan konpontzeari, autoestimua hobetzeari, emozioen kontrolari eta estresa bideratzeari buruzko gaiak lantzeko sei tailer programatu dira.


Seme-alabekin nola mintzatu sexualitateaz gaia lantzeko ikastaroak ere egingo dira, hiru saio daude programatuta, bai eta ikasteko ohiturak, teknikak eta metodoak lortzeko aholkuei eta eskola-arrakasta lortzeko estrategiei buruzko gaiak lantzeko bi tailer ere.


Martxora arteko programazioaren barruan, hiruhileko honetan, hiru saiotan landuko dira gurasoentzako psikologiari eta zigorrik gabe hezten ikasteko teknikei buruzko gaiak.
Lehenengo tailerrak gaur hasiko dira eta Hezi zigorrik gabe gaiari (Juan Ramón Jiménez ikastetxea) eta Nola hobetu familiaren autoestimua gaiari (San Juan Bosco ikastetxea - Salesiarrak) buruzkoak izango dira.


Tailer guztiak doan dira. Tailer bakoitzaren iraupena bi-bost saiotakoa da, eta astelehen, astearte eta asteazkenetan egiten dira. Hiruhileko honetako programazioa honako ikastetxe hauetan garatuko da: Juan Ramón Jiménez, San Juan Bosco (Salesiarrak), Begoñako Andra Mari, Mukusuluba, Santa Teresa-Bagatza, Errosarioko Gure Ama (Dominikarrak), Arrontegi, Gurutzeta, El Pilar, Zuhatzu, Arteagabeitia, Alazne, Alkartu eta Nolako San Paulino.


Gurasoen Eskolak antolatutako tailer bakoitzera zuzenean joan daiteke, edo bestela, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuko (HAZ) bulegoetan informatu eta izena emateko aukera ere badago, bai telefonoz (010 Barakaldotik deituz gero, 944 789 200 beste udalerri batetik), bai bertaratuz. Ikastaroei buruzko informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, whatsapp bat bidal daiteke 625 783 411 zenbakira.
“Guraso guztiak animatu nahi ditugu ekimen honetan parte hartzera, urtero 400 bat lagunengana iristen den ekimena baita” azaldu du Canterok. “Kezkatzen dituzten arazoetan laguntza emateaz gain, ekimen honek familien parte hartze handiagoa ere sustatzen du IGEren barruan, eta hori oso positiboa dela esan dezakegu” esan du amaitzeko Canterok.

Partekatu:
Twitter Facebook