Hamar bat gunetan esku-hartu du Udalak, eta zigorrak iragarri ditu, Barakaldo hondakindegi bihurtu nahi dituztenentzat - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Hamar bat gunetan esku-hartu du Udalak, eta zigorrak iragarri ditu, Barakaldo hondakindegi bihurtu nahi dituztenentzat

Hamar bat gunetan esku-hartu du Udalak, eta zigorrak iragarri ditu, Barakaldo hondakindegi bihurtu nahi dituztenentzat

2017/06/06


Azken hilotan, hiriko hamar bat hondakindegi kentzen aritu da Barakaldoko Udala. Udalerrian egon daitezkeen hondakindegiak antzeman eta esku-hartzeko plan bat prestatzeko eskatu duen azterlana jaso bitartean, Babes Zibilarekin dihardu lanean, dagoeneko antzemandako aldeak garbitzen. Azken asteotan, gainera, zehapen prozesuak abiarazi ditu, era horretako jokaeratan jardun duten pertsona eta enpresak zigortzeko. “Ez dugu onartuko Barakaldo hondakindegi bihurtzea” esan du Hirigintza Diziplina eta Ingurumeneko zinegotzi Gorka Zubiaurrek.


Landa-lur portzentaje handia dauka Barakaldok, eta beti dago hondakinak metatzea dagoen lekuen bila ibili beharra, bai eta titulartasuna edo ezar daitezkeen neurri zuzentzaileak zehaztu beharra ere. Eskatutako azterlanean, horrelako leku bakoitzak ingurumenari eragiten dion inpaktua ez ezik haiek desagerrarazteko kudeaketa modurik egokiena ere zehaztuko da, eta txostena uda ostean jasoko duela uste du Udalak.


“Lan zaila da, hiria oso zabala delako. Hala ere, lekuan bertan egin beharreko lana burutua da dagoeneko, eta, orain, ondorioak Udalari azaltzea baino ez da falta" ziurtatu du Zubiaurrek.
Lana bukatu bitartean, Babes Zibilarekin dihardu Udalak lanean. Orain arte, hamar bat hondakindegi garbitu dituzte, eta errekerimendua bidali zaie beste hiruri, garbiketa lanari ekin diezaioten.


Zehazki, honako guneetan esku-hartu du Udalak: Elefanteen Haitzuloan, Errekatxorako oinezkoentzako bidean, Haitz Zurietan; Errekatxotik Castañoserako bidean; Errekatxoko eliza atzean eta aparkalekuko zelaietan; Uragarako errepidean; Haitz Beltzetara igotzeko bidean, eta Arrontegi mendian, Aterpearen aldamenean. “Eskerrak eman nahi dizkiegu, bide batez, gune horiek garbitzen laguntza eman duten Babes Zibileko boluntarioei” adierazi du Zubiaurrek. 300dik gora zabor poltsa bildu dituzte garbiketa-lan horietan.


Udalarenak ez diren lurrei dagokienez, Burtzeña Parkea enpresari eskatu zaio garbiketa lanak egiteko. Apirilean aurkeztu zion Udalari lur horiek behar ez bezala erabiltzea eragozteko proiektu bat, ibilgailuei sarrera debekatzeko murru eta langa bat jartzean datzana. “Datozen egunotan aurkeztuko dute, seguruenera, lan horiek egiteko lizentzia eskaera" aurreratu du Zubiaurrek.


Siebeko lurren jabeen hartzekodunen batzarrari beren lurrak garbi eduki ditzatela eskatu zaio , bai eta gauza bera, Llanoko garabia aparkatzeko lurraren jabe den kontzertazio batzarrari ere.


NEURRI ZUZENTZAILEAK ETA ZEHAPENAK
Hirigintza Diziplina eta Ingurumen Arloak eskatutako azterlana burutu bitartean, Ondare Arloa aztertzen ari da nola eragotzi gune ahulenetara sarrera ibilgailuei. Hasteko, “Ibilgailuek debekatua dute zirkulatzea” seinalea jarriko da hiriko 7 bidetan, “azken hilotan agertu diren hondakinak botatzea ekiditeko”. “Badakigu seinale batek ez dituela arau-hausleak kikilduko, baina Udaltzaingoak errazago izango du zehatzea, bi izango liratekeelako arau-hausteak: ingurua zikintzea eta ibilgailuaz zirkulatzea (errazagoa baita hori egiaztatzea).
Duela hilabete bat, gutxi gorabehera, jarri zuen martxan Barakaldok hiria garbi mantentzeko barakaldarren konplizitatea erakartzeko kanpaina bat. “Mendiak eta ibaiak ere Barakaldo direla gogorarazi nahi dugu, eta haiek hiria bezain garbi edukitzeko obligazioa daukagula” adierazi du zinegotziak. “Gure erantzukizuna da, barakaldar garenez, gure ingurua aintzat hartu, eta garbi edukitzea, denok hartaz baldintza onetan gozatzeko aukera dezagun”.


Azken asteotan, hondakinak bota dituztenen aurkako zehapen tramiteak abiarazi ditu Udalak. “Oso argi dugu, Barakaldo zikintzen ari denari, berriz ere horretan aritzeko gogoa kenduko diogula” baieztatu du Zubiaurrek. Alde horretatik, laguntza eskatu die herritarrei zinegotziak, horrelako egintzak egiten dituztenak salatzeko.


Gogoan izan, azkenik, Udalak baduela Altzariak eta Tresnak Biltzeko Zerbitzua, eta hara eska dezaketela herritarrek hondakinak komunitateko atarian uzteko eguna eta ordua. Zerbitzuko langileek jaso eta dagokion lekura eramango dituzte, birziklatzeko. Zerbitzua doan da, eta altzariak, etxeko-tresnak, eta tamaina handiko objektuak biltzen ditu. Zerbitzua eskatzeko, 944 370 838 telefono zenbakira deitzea besterik ez dago. “Bitartekoak baditugu; izan gaitezen, beraz, arduratsu, eta zain dezagun denon artean Barakaldo” esanez bukatu du zinegotziak.

Partekatu:
Twitter Facebook