Heldu da laugarren San Silbestre lasterketa, solidaritatea helburu duela - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Heldu da laugarren San Silbestre lasterketa, solidaritatea helburu duela

Heldu da laugarren San Silbestre lasterketa, solidaritatea helburu duela

2016/12/21


San Silbestre lasterketako korrikalariak izango ditu urteko azken arratsaldeak protagonista, Barakaldon. Herrian dagoeneko tradizio bihurtu den lasterketa jarri du abian Barakaldoko Elkarte Ziklistak, Udalaren laguntzaz. 16:00etan hasiko da, Herriko Plazatik irtengo diren txikiekin. Helduek, ordea, 17:00etan irtengo dute.

6 kilometroko lasterketan izena emateko epea zabalik da, eta dagoeneko 500 lagunek eman du izena online. OTO Kirol dendan (Foruen pasealeku, 6) zuzenean emandakoak batu behar zaizkio, gainera.

Aurrekoetan bezala, txikienek parte hartzeko moduan egokituko da ibilbidea. Beraz, 500 metroko tarte batzuk egokituko dira, eta partaideek bira bat, bi edo hiru emango dute, adinaren arabera.

LASTERKETA SOLIDARIOAGOA
Ukitu solidarioa eman nahi izan dio Barakaldoko Elkarte Ziklistak aurtengo laugarren lasterketa honi, eta horrenbestez, kilo bat elikagai ez galkor jasoko du parte hartzen duen txiki bakoitzeko. Nork bere borondatez entregatuko ditu elikagaiak dortsala eskuratzerakoan. Ekimenarekin bat egin nahi duten korrikalariek gauza bera egin dezakete.

Geroz eta korrikalari gehiagok ematen du izena proba honetan. Lehenengo lasterketan 400 helduk eta 100 umek hartu zuen parte. Astebete barru egingo den laugarren honetarako, bostehun lagunek eman du izena dagoeneko.

Aurten, dortsala erretiratzearekin batera elastiko teknikoa eta hainbat opari-zozketetan parte hartzeko txartelak jasoko dituzte poltsa batean korrikalariek. Ibilbidea egiten duten umeek, gainera, domina bat jasoko dute probaren oroigarri.

"Urtetik urtera, Gabon Zaharreko giroa geroz eta biziagoa da San Silbestre lasterketari esker. Tradizio bilakatu da urte amaieran kalera irtetea, korritzera edo lasterketa ikustera" esan du Barakaldoko alkate Amaia del Campok, Barakaldoko Elkarte Ziklistako Ander Iguazek lagunduta. "Barakaldar guztiak animatu nahi ditugu jarduera honetan parte hartzera, ez bakarrik kirola sustatzen delako, baizik eta, horren egun seinalatuan, Gabon Zaharrean, alegia, Barakaldo nabarmendu dadin laguntzen duelako ere" esanez amaitu du.

Partekatu:
Twitter Facebook