Hiriko gazte-topalekurik handiena inauguratu du Barakaldok ISZn - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Hiriko gazte-topalekurik handiena inauguratu du Barakaldok ISZn

Hiriko gazte-topalekurik handiena inauguratu du Barakaldok ISZn

2017/11/17


Abian du Barakaldok hiriko topalekurik handiena, hiriaren bihotzean. Gaur arratsaldean inauguratu du gunea Amaia del Campok, 18 urtera artekoentzako Giltzarri Zerbitzuko gazteek antolatutako jaian. Barakaldoko aisia osasungarrirako gune berrian izan dira IKEA Barakaldoko Jessica Lamas zuzendaria eta Jesús Álvarez zuzendariordea. Materiala hornitu du IKEAk bai eta dekorazioa egiten lagundu ere.

Anaien parkean kokatutako Gizarte eta Kultur Integraziorako Zentroko Barakart erakusketa areto ohian sortu dute gune berria. Udan amaitu zuen programazioa aretoak, eta urte berriaren hasieran jarri ziren martxan topalekua egiteko lanak. Prozesu osoan hartu dute parte Giltzarri zerbitzuko gazteek. Horretarako, batzarrak egin dira Udalaren, IKEAren eta gazteen artean, eta horrela lortu da topalekua dagoen moduan egotea.

“Zorionak eman nahi dizkiet gure gazteei, lan eskerga egin baitute. Ikusgai izateko moduko leku bat eskatu zioten Udalari, bai eta lagunekin elkartu, jende berria ezagutu, ondo pasatu eta talde lana ere egitekoa. Oso harro egon gaitezke egin duten lanarekin, esan du alkateak.

Bisitaldia eskaini dute etorkizuneko erabiltzaileek, proiektuan parte hartu duten IKEAko dekoratzaileekin batera, topalekuko txoko bakoitza zertarako erabiliko den azaltzeko. Aretoan gune desberdinak egingo dira eta leku batetik bestera mugi daitezkeen altzariak izango ditu, momentu bakoitzean erabiltzaileek izan ditzaketen beharren arabera. Harrera lekua izango da guneetako bat; beste bat, jolasteko edo sortzeko; eta hirugarrenean, lantaldeak aritu, eskolarako lanak egin eta aisialdirako proiektuak diseinatzeko.

IKEAko boluntarioek eta altzariak jartzen lagundu duten gazteek dekoratu dute topalekua.

ISZko erabiltzaile diren adinekoek hartu dute parte arratsaldeko jaian. Izan ere, belaunaldi arteko gune bihurtzeko asmoz sortu da topalekua, gazte eta adinekoek esperientziak partekatu ditzaten.

Astelehenetik larunbatera zabalduko da topalekua, 17:00etatik 20:00etara. Barakaldoko gazteek beste topaleku bat daukate, gainera, Gurutzetan, zeinak astelehenetik ostiralera zabaltzen dituen ateak, 15:00etatik 20:00etara.

Partekatu:
Twitter Facebook