Ibilbide paregabeak programa europarreko ordezkari talde bat Barakaldon - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Ibilbide paregabeak programa europarreko ordezkari talde bat Barakaldon

Ibilbide paregabeak programa europarreko ordezkari talde bat Barakaldon

2017/02/03


Barakaldon ditugu egunotan `Ibilbide paregabeak´ proiektuaren ordezkariak; zenbait hiri frantziarrekin batera garatzen den lankidetza proiektu honen helburua ondare natural eta kulturalari balio erantsia ematea da garapen iraunkorraren ikuspuntutik. Frantziako Tournefeuille eta Foix hirietako, Iruneko, Kataluniako Sant Just Desven hiriko eta Kreanta fundazioko ordezkariak Barakaldora etorri dira proiektuaren pilotaje-batzordean parte hartu, eta aurrerantzean, udalerriotan nolako jarduketak burutuko diren jakin ahal izateko.


Amaia del Campo alkateak gaur goizean hartu du ordezkari taldea, Imaginarioaren Lurrak proiektua martxan jarri zenetik ari baitira elkarlanean. Espainia, Frantzia eta Andorrak hitzartutako Lurralde Lankidetzarako (POCTEFA) 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan daude aipatu bi proiektuak. “Oso aukera paregabea da Barakaldorentzat proiektuaren topagune izatea, zuzen-zuzenean erakutsi dezakegulako gure ondarea, gure altxorra” azaldu du Del Campok Tournefeuilleko Nazioarteko Harremanetako zinegotzi Danielle Buys-ekin batera azaldu denean.
Proiektuaren ordezkariek `Ibilbide paregabeak 2016´ programaren barruan egin diren jardueren azterketa egiteko baliatu dute Barakaldoko bisita, bai eta 2017rako programatuta dituzten jarduerei azken ukituak emateko ere. “Oso aberasgarria da esperientziak udalen artean trukatzea, zeren eta sormenerako indarrak gehitzen dituen mugaz gaindiko lotura sortzen baitu. Sormena diogunean ez dugu edonolakoa esan nahi, baizik eta kultura egitekoa, baina herritarrentzako aisia eta enpresari eta merkatarientzako negozio aukerak sortzeko kultura izan dadila” adierazi du alkateak kultura hautatuz ekonomia jarduera bultzatzeko.


“Proiektu honetan parte hartzean, turismo kulturala garapen ekonomikoaren ardatz bihurtzea da lortu nahi duguna, horrela, bisitari gehiago erakarriz” azaldu du.
Ordezkari taldeak Portuko Dartsena ere bisitatuko du Barakaldok `Ibilbide paregabeak´ programaren barruan eskaintzen duen itsasadarrean zehar bidaia izeneko jardueraz gozatzeko, bai eta hiriko historia eta industriaren eragina antzerkia baliatuz ezagutzeko ere. “Gustuko esperientzia izango dutelakoan gaude” adierazi du Del Campok.


Ibilbide horiekin batera (leku guztiak betetzen dira beti), 2016. urtean beste ibilbide kultural batzuk ere jarri dira martxan, Munoa Finka protagonista dela. “Eguraldia dela eta, gaurko eta biharko programatuta eduki ditugun bisitak bertan behera utzi behar izan ditugu, baina mantendu egingo dira asteburu honetarako prestatutako bisita botanikoak, historikoak eta antzeztuak" esan du alkateak.


JARDUERA PAREGABE BERRIAK
`Ibilbide paregabeak´ proiektuaren ardatz nagusiarekin bat etorriko diren ekimen berriak izango ditu aurten proiektuak. Espazio publikoa arte sorkuntzari esker eraldatzea da xedea, eta horretarako, sorkuntza iraunkorrak edo aldi baterakoak erabiliko dira hiriko ondareari eta jarduera turistikoari balio erantsia emateko. “Hiriari ezaugarri bereizlea emango dioten proiektu berrien antolaketa amaitzear gaude” esan du Del Campok. “Oraindik ez dugu zehaztasun gehiegi azaldu nahi, baina Munoa Finkaren inguruko interbentzio artistikoa da eta barakaldarren altxorrari balio erantsia emango dio” adierazi du.


Bestalde, Barakaldo Foto Festival (Baffest) ekimenaren bigarren edizioa ere programa honen barruan sartuko da eta hiria zerupeko museo bilakatuko da, gainera, familiei ez ezik, argazkilaritzako profesionalei ere zuzenduriko jarduerak antolatuko dira. Munoarako bisitak eta ibai ibilbideak ere mantenduko dira. “Oso arrakasta handia izan duten ekimenak dira, beraz, aurrerantzean ere horien alde egiten jarraitu nahi du” esan du amaitzeko Del Campok.

 

Partekatu:
Twitter Facebook