Magallanes kaleko haur-parkea zabalik herritarrentzat - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Magallanes kaleko haur-parkea zabalik herritarrentzat

Magallanes kaleko haur-parkea zabalik herritarrentzat

2017/11/29


Magallanes kaleko haur-parkea dagoeneko prest dago erabiltzeko. Barakaldarrek partaidetzazko aurrekontuen bidez, inguru horretan umeentzako jolasgune berri bat egitea aukeratu zuten, eta Barakaldoko Udalak orain amaitu ditu joan den urrian hasitako lanak.


Magallanes kaleko 18. zenbakiaren parean egin den umeentzako parke berri horretan, 41.757,10 euro inbertitu dira. Haurrentzako gune berriak jokoen plataforma bi ditu eta mugikortasun urriko pertsonak eta umetxoen aulkiak sartu ahal izateko arrapalak ere jarri dira.


Lehenengo plataforman, umeentzako egitura desberdinak daude, hala nola txirristak eta mugikortasun urriko pertsonentzako egokitutako txori-habia erako zabu bat. Gomazko lurzorua jarri da umeen segurtasuna bermatzeko, eta lorategian, txorrota bakarreko edateko ur iturri bat ere bai.


Bigarren egituran, zoru sintetikoaz gain, umeentzako hiru jolasgune ere jarri dira, kulunkak, txikitxoentzako zabu bereziak eta txirrista egiturekin.


Barakaldoko lehenengo partaidetzazko aurrekontuetan, haurrentzako eta gazteentzako ekipamendu eta jarduera gehiago antolatzea izen zen boto gehien jaso zuen proiektua. "Kategoria horretako proposamenetan herritarrek zabuak dituen parke bat eskatu zuten, txikiek segurtasunez jolasteko gune gehiago izan dezaten” azaldu du Amaia del Campo alkateak. “Herritarrentzat gaur zabalduko dugun parke hau bertako bizilagunen emaitza da, beraiek eskatu baitzuten partaidetzazko aurrekontuetan, eta orain, disfrutatzea eta zaintzea dagokigu” esan du.


ESKABIDEAK AURKEZTEKO EPEA AMAITZEAR


Barakaldarrek oraindik bi egun dituzte –gaur eta bihar (azaroak30)- bigarren partaidetzazko aurrekontuetarako proposamenak egiteko. “Oraingoan, 2,2 milioi euroko diru-partida jarri da. 1,1 milioi euro 2018ko proposamenetarako erabiliko da, eta beste 1,1 milioi euro, 2019ko proiektuetarako” gogorarazi du Del Campok.


Herritarrek hirirako ideiak aurkezteko, honako bide hauek erabil ditzakete: Herritarrentzako Arreta Zerbitzuko (HAZ) bulegoetara bertaratuz; udaleko webgunearen bitartez (www.barakaldo.org), edo posta elektronikoz (haurrekontuak@barakaldo.org).


“Bide batez, barakaldarrak proposamenak egitera animatu nahi ditut, zeren eta erakusten ari garenez, herritarren boto gehien dituzten proposamenak hiria hobetzeko egiazko proiektu bilakatuko baititugu” esan du amaitzeko alkateak.

 

Partekatu:
Twitter Facebook