Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera hobetzeko plana berritu du Barakaldok - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera hobetzeko plana berritu du Barakaldok

Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera hobetzeko plana berritu du Barakaldok

2017/02/09


Barakaldoko Udalak `Zabaldu atea euskarari’ programa berrabiatzea erabaki du euskararen erabilera hiriko merkataritzara, ostalaritzara eta enpresetara hurbiltzeko. Inguralde-garapen agentziaren bitartez, sektoreko profesionalei zuzendutako informazio-kanpaina berri bat garatuko da euskarari atea itxi ez diezaioten eta bezeroekin euskaraz hitz egiten animatu daitezen, zeren eta “saltoki batera edo ostalaritza establezimendu batera joaten diren herritarren artean, gero eta gehiago baitira euskaraz egitea nahiago dutenak” adierazi du Inguraldeko presidente Danel Solak.


Hurrengo egunotan, Inguraldek bezeroei euskarazko arreta eskaintzeko baliagarriak izango diren zenbait baliabideri buruzko informazioa helaraziko die sektoreko profesionalei. Baliabide horien artean, aipagarria da Barakaldoko Udal Euskaltegian beraien neurrira diseinatutako ikastaro bat, bezeroekin elkarrizketa erraza izateko gaitasuna lortu dezaten, eta otsailaren 20an hasiko da.
Halaber, enpresek Udalak argitaratutako gida digitala ere badute, euskaraz egiten duen bezero bati erantzun ahal izateko oinarrizko ezagutzak biltzen dituena. Gidaren barruan, saltoki batean egon daitezkeen egoera ohikoenetan erantzuteko euskarazko adibideak agertzen dira, hala nola produkturen bat daukaten ala ez, zenbakiak, kartelak, nola zenbatu, etab.


`Zabaldu atea euskarari´ programak aipatu gidaz gain, Udaleko euskara zerbitzua ere jartzen du merkataritzaren eta ostalaritzaren eskura, behar izanez gero, karteletarako testu txikitxoak, errotuluak, oharrak euskaratzeko, bai eta egin nahi dituzten kanpaina zehatzetarako aholkua eskatzeko ere.


“Euskararen erabileran aurrera egin ahal izateko laguntza eskaini nahi diegu, baina bakoitzak bere neurrian. Gauzak horrela, sektoreko profesionalak animatu nahi ditut beraien eskura jartzen ditugun baliabideak erabil ditzaten, euskarazko arreta bermatzea zerbitzurako kalitate-plusa izan daitekeelako" azaldu du Inguraldeko presidenteak.


Barakaldoko Udaleko Kultura Sailak sustatu eta Inguralderen bidez hedatutako kanpaina honek mapa digitala egitea ere badu xede, herritarrek ikusgai izan ditzaten euskarazko arretarako `atea zabaltzen´ diharduten hiriko enpresa guztiak.
Kanpainari buruzko informazioa, bai eta sortutako baliabide desberdinak ere udalaren webgunean (http://www.barakaldo.org/portal/eu/web/euskara) edo euskararen sustapenerako web orrian (http://euskara.barakaldo.eus/) eskura daitezke.

 

Partekatu:
Twitter Facebook