Miranda Fundazioak La Milagrosak proposatutako alokairua onartzeko alkateak egindako proposamena baztertu du - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Miranda Fundazioak La Milagrosak proposatutako alokairua onartzeko alkateak egindako proposamena baztertu du

Miranda Fundazioak La Milagrosak proposatutako alokairua onartzeko alkateak egindako proposamena baztertu du

2017/03/24


Amaia del Campo Barakaldoko alkateak egiaztatu ahal izan zuen atzo Miranda Fundazioak La Milagrosak egindako alokairu proposamena aho batez baztertzen zuela. Patronatuak atzo arratsaldean egindako ohiko bileran Del Campok La Milagrosa hezkuntza proiektuaren kudeatzaileekin akordio ekonomikoa lortzeko aukera mahaigaineratu zuen. Gaur goizean Udalean egin den Bozeramaileen Batzordean alderdi politiko guztiei eman zaie erabakiaren berri. Del Campok La Milagrosa ikastetxearen guraso elkarteari ere jakinarazi dio.


Patronatuak atzo aztertu zuen La Milagrosak egindako proposamena. Alkateak, ordea, birritan aldarrikatu zuen ezohiko kontseilu baten beharra, hain zuzen ere, ikastetxeko familiek erantzuna lehenbailehen izan zezaten. Eskaintza, ordea, patronatukide gehienek baztertu zuten, aldeko bi boto bakarrik jaso zirelarik, bata Barakaldoko alkatearena berarena.


Del Campok La Milagrosa ikastetxearen proposamena irmo babestu du, alde batetik zentroak egiten duen heziketa-lanagatik eta bestetik, bere ustetan, Miranda Fundazioaren helburu soziala ere bermatuko lukeelako. “Denok egongo gara ados La Milagrosak gizarte lan garrantzitsua garatzen duela eta beronek, pertsona helduei zuzenduta egon ez arren, Miranda Fundazioaren helburu sozialarekin bat egiten duela”
Patronatuaren ezetzaren ostean, Barakaldoko alkateak jakin nahi izan zuen zertara bideratuko den eraikina, ikastetxea mantentzea fundazioaren jasangarritasunarentzat ere lagungarria izan daiteke eta.


Gogoan izan behar da patronatuak abenduan tasen igoera onetsi zuela eta igoera hau, kasuan kasu, %35 edo %50ekoa izan daitekeela. “Tasen igoerari buruzko eztabaidak, berriz, ez zuen estatutuek jasotzen duten prozedura aintzat izan; izan ere, informazioa 7 eguneko aurrerapenaz bidali behar den arren, patronatukideek bilera baino ordubete lehenago jaso zuten. Erabakia, beraz, txostenak aztertu ahal izateko behar besteko astirik izan gabe eta arineketan hartu zen” azaldu du alkateak.


Hau guztia aintzat hartuta, Del Campok eta beste lau patronatukidek joan den otsailean ezohiko kontseilua eskatu zuten eta bertan, fundazioaren estatutuek xedatzen dutenari jarraiki, hartutako neurria bertan behera uzteko eskatu zuten. Proposamena, aldiz, patronatukide gehienek baztertu zuten.


Patronatu berean beste proposamen bat ere egin zen, alegia, kanpoko enpresa objektibo batek fundazioaren bideragarritasun plana egin zezala. “Gizarte-egoera aldatu egin da, baita helduei eskaini beharreko arreta ere, erakundeok lanbide horretan inplikazio maila altua baitugu. Helburu sozialari eustea funtsezkoa da, hau da, baliabide ekonomiko urriak dituzten barakaldar helduei laguntzea” adierazi du alkateak “Ikusiko dugu Miranda Fundazioak instalazio hauetarako aurkezten duen proiektu berrian elkartasunak zer-nolako pisua duen” gaineratu du.

 

Partekatu:
Twitter Facebook