Munoa finka eta jauregia argazki-erakusketan sartu, eta zerupeko museo bilakatuko dira - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Munoa finka eta jauregia argazki-erakusketan sartu, eta zerupeko museo bilakatuko dira

Munoa finka eta jauregia argazki-erakusketan sartu, eta zerupeko museo bilakatuko dira

2017/09/12


Munoa finka eta jauregia erakusketa toki bilakatuko dira lehen aldiz. Udalak, Barakaldo Foto Festival (Baffest) jaialdiarekin batera, `Révélations´ izeneko erakusketa inauguratuko du datorren igandean, irailak 17. Iragan otsailean, monumentu multzo izendatutako hiriko altxor honetan berrikuntza gisa sartu da erakusketa hau.


Ekimenak Pariseko La Salpêtrére erietxe psikiatrikoko argazki-artxiboko zenbait argazki bildu ditu, psikiatria klinikoaren alorrean egiten den lehen erakusketa da. Ospitaleak eta Munoa jauregiak estilo arkitektoniko bera dute, bigarren inperioko estilokoa, beraz, berezitasun horrek ekimen honetarako leku aproposa bilakatu du Munoa.


Munoaren fatxadan eta inguruan 12 argazki txertatzen dira modu apartan eta “batez ere, bai eraikinaren fatxada, bai gainerako elementu naturalak errespetatzen, horietan eraginik izan ez dezaten” azaldu du Barakaldoko alkate Amaia del Campok, Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunen Prebentzio Alorreko zinegotzi Nerea Canterorekin, Fotopop-eko arduradun David de Haro eta erakusketako protagonista Javier Viver artistarekin batera.


Lanak Javier Viver argazkilari, eskultore eta diseinatzaile madrildarraren sinadura darama, bere `Révélations´ liburuaren egokitzapena egin du, eta horretarako, ospitale psikiatrikoaren ikonografiaren ikuspegi pertsonala egin, eta zenbait egileren 4.000 argazki eta 1875etik 1918ra bitartean argitaratutako 32 liburuki aztertu ditu. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak 2015eko Arte Libururik Onenaren saria eman dio duela gutxi. ‘Rèvèlations’ da hiriko ondare arkitektonikoak eta argazkilari batek elkarri eraginez egiten den lehen erakusketa.


“Baffest-ekin batera aurkezten dugun proposamen honek lana Munoaren ingurunean txertatzea du xede, bi kontzeptu hauek elkartuz: XIX. mendean egindako argazkiak eta estilo frantziarreko eraikina, bai eta garai hartako jatorrizko elementu eta bolumenak ere. Eta azkenean lortu du, La Salpêtriéreko gaixoen argazkiak modu desberdinean jarri baititu ikusgai” azaldu du Del Campok.


“Munoa jauregian eta bertako lorategietan jardutea oso esperientzia itzela izan da. Lehenengo eta behin, eraikinaren ingurunearen kalitateagatik, eskultura edo argazki-instalazioa balitz bezala lan egin ahal izan dudalako jauregian. Eta beste aldetik, harrigarria bada ere, jauregiak eta La Salpetrierek, bi eraikinek dutelako estilo frantziarra; izan ere, horkoak dira erabiliko diren argazkiak. Azken batean, horrelako lanetan, norabide berean doazen zenbait ezaugarri elkartzen dira” azaldu du Viverrek.


Baffest jaialdiaren barruan kokatutako ekimena da, eta horren sustatzaileek udal ondareak eta lanak elkarri eragiten dioten erakusketa eskaini nahi izan dute. Gainera, `Ibilbide paregabeak´ proiektu europarraren barruko jarduera bat ere bada, ondarea eta turismo jarduera baloratzea xede duen proiektua baita.


“2016an egin zen jaialdiaren lehen edizioaren ostean, Barakaldoko gune eta leku enblematikoetan esku-hartu behar genuela pentsatu genuen Fotopop-en, eta gure ustez, Munoa horrelako bat da, dudarik gabe. Aldi berean, Javier Viverren lana ezagutu genuen, eta jauregiarekin eta bertako lorategiekin ezin hobeto elkarreragin dezakeela pentsatu genuen. Javierrekin harremanetan jarri ginen, eta hortik aurrera, dena izan zen oso erraza. Horren guztiaren emaitza, oso bateratze zoragarria dela uste dugu” adierazi du De Harok.


“Révélations lanak finka ezagutzeko eta gozatzeko modu desberdina eskaintzen digu. Azken hilabeteotan, Munoa finka oso ekimen ugaritara egokitu daitekeen agerlekua dela ikusi dugu, eta Udalean eremu horren erabilera publikoa sustatzeko lanean dihardugu, denbora gehiegi eman baitu ezkutuan, barakaldarrek ikusi gabe” esan du amaitzeko Del Campok.


`Révélations´ erakusketa datorren igandean, irailak 17, 12:30ean inauguratuko da jendaurrean egingo den ekitaldian, bertan, Roberto Villalonek (clavoardiendo-magazine.com aldizkariko zuzendaria) erakusketaren ikuspegi zabala azalduko du, eta harizko laukotekoak girotuko du ekitaldia. Erakusketa urriaren 19ra arte egongo da ikusgai.

 

Partekatu:
Twitter Facebook