Ortuzar: “40 urte geroago gure konpromisoa berbera da: Euskadiren aitortza nazionala” - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Ortuzar: “40 urte geroago gure konpromisoa berbera da: Euskadiren aitortza nazionala”

Ortuzar: “40 urte geroago gure konpromisoa berbera da: Euskadiren aitortza nazionala”

2017/03/26


 “Hauxe da gaur Euzko Alderdi Jeltzalearen ordezkari garen aldetik egingo dugun zina. Helburu bat dugu: Euskadi askea. Nahi bat daukagu: gaurko eta biharko euskal herritarrentzako etxerik onena eraikitzea. Eta konpromiso bat dugu, Herri honek berak nahi duen mailara eramatea”.

2.100 bertaratuen artean txalo zaparrada beroa eragin duten hitz horiekin amaitu du Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek gaur goizean EAJ-PNVk Barakaldoko BECen egin duen ekitaldi politikoa. EAJ-PNVk 1977an Iruñean ospatu zuen Aberri Batzarraren 40. urteurrena ospatzeko egin duen mitina izan da gaurkoa. Ordukoa izan zen talde jeltzaleak egin izan zuen lehen Aberri Batzarra,1936ko altxamendu militarraren, Guda Zibilaren eta diktadura frankista luzearen ondoren. Hitzordu historiko hartako txostengileek , Xabier Arzalluz, Josu Bergara, Iñigo Agirre eta Kepa Sodupek, Aberri Batzar hartako gertakariak eta gaiak gogora ekartzeko egin den mahai inguruan parte hartu dute. Zalantzarik gabe, orduko ezbaiek eta orduan hartutako erabakiek Euskadiren bizitza politikoa baldintzatu izan dute azken lau hamarkada hauetan.

Iruñeko Aberri Batzarrean parte hartu zuten emakume eta gizonek “pentsatu eta idatzi zuten eta, hori baino garrantzitsuagoa dena, etorkizunerako pentsatu zuten Euskadi hura praktikara eraman zuten, gaurko Euskadi eraiki zuten” aldarrikatu du Ortuzarrek. “Eta, asmatu egin zuten. Benetan asmatu zutela. Orduko agiri haiek erabateko gaurkotasuna dute , bizirik daude berrogei urte geroago. Eta erakusten dute EAJk egin behar dena esateaz gain, egin egiten duela”. Jeltzaleen buruaren esanetan 1977 urtean “Herriak behar zuenaren analisi ona egin zen eta, batez ere, norantz egin behar zen erabaki zen. Diagnosian asmatu zuten, hartu beharreko neurrietan asmatu zuten eta hartu beharreko norabidean asmatu zuten”. Orduan asmatzen jakin zutelako, esan du Ortuzarrek “gaur, berrogei urte geroago, gu gure Herriaren aurrean jarri ahal gara eta gure kudeaketa lanari buruzko azalpenak eman ahal ditugu, lortutakoari buruz, aurrera egindakoari buruz, eraikitakoari buruz, eta oraindik falta denari buruz ere bai. 77 urtean, apurtzaile eta iraultzaile deitzen zirenen aurrean, erreformaren bidea hartu zuten haiekin behar den zuzentasunez jokatzeko, gaur azpimarratu behar dugu batzuek pertsonen ametsekin alferrik jolasteari ekin zioten bitartean, besteok lan egin genuela amets haiek errealitate bihurtzeko”. Horregatik guztiagatik, Ortuzarrek emakume eta gizon haiei guztiei, gure artean daudenei eta joan zaizkigunei, EAJ-PNV osoaren eta euskal gizartearen zati handi baten esker ona adierazi nahi izan die. “EAJ, 122 urteko historian, Euskadi ardazteko eta egituratzeko lanik handiena egin duen alderdia izan da, bere etorkizunean gehien pentsatu duena eta gizarte hau ondoen gidatu duena” aldarrikatu du.

“Orain ere diagnosi zuzena egitea dagokigu, gure Herriak gugandik espero duena jakin behar dugu eta norabide zuzena hartu behar dugu” esan du Ortuzarrek gaur egungo egoeraz hitz egin duenean, zuzentzen duen alderdiaz “inoiz baino erantzukizun instituzional dituela” azpimarratu duelarik. 40 urte igaro dira, bai, baina EAJ-PNV, bere printzipioak eta bere helburuak berberak dira. “Jeltzaleak gara. Euskadi da gure Aberria. Aintzat hartua eta errespetatua izan nahi duen nazioa gara. Europan gure inguruan dauden beste Herriek dutena izan nahi dugu. `Euskal Estatu autonomikoa´ esaten genuen 1977 urtean. Aske izan nahi dugu . Besteak bezain askeak. Gure subiranotasuna besteekin partekatu nahi dugu Agirre Lehendakariarekin batera gure arbasoek amestu zuten Europa federalean. Hori da EAJren doktrina. Juan Ajuriagerrak 77ko diskurtsoan gogora ekarri zuen 1935eko gerra aurreko Aberri Batzar hartakoa; duela berrogei urteko doktrina, Xabierrek, Josuk, Iñigok eta Kepak gaur bertan gogora ekarri digutena; edo, duela ordu bete, hemen, BECen egin dugun Batzarreko doktrina. Zortzi hamarkadetako aldea baina Alderdi berbera, EAJ berbera, konpromiso berbera, Euskadiren askatasuna”. “Gure helburua ez da inorekin borrokatzea, ez Espainiarekin ezta Frantziarekin ere. Gure helburua da Euskadiren nazio aitorpena lortzea” gaineratu du jeltzaleen buruak.

“Oraingo honetan beste maila bat igotzeko aukera dugu” esan du Ortuzarrek. “Norabide onean aurrera egiteko baldintza egokiak ematen dira. Nafarroak aldaketa finkatu du. Lasaitasunez. Gobernu onarekin. Elkarrizketarekin. Inkomunikazioa apurtzea lortu du. Iparraldean, historian lehen aldiz, erakunde batek bere lehen urratsak eman ditu eta oraindik hasi berria eta ahula den arren mugaz bestaldeko euskal herritar guztientzako proiektu baten ilusioa sortarazten du. Eta hegoaldeko beste hiru herrialdeetan gehiengo politiko batek etorkizunari begiratzen dio autogobernua eta subiranotasuna helburutzat hartuta. Eta, zorionez, denbora luzean lehen aldiz etorkizunari begiratzen diogu indarkeriaren zama astunik gabe. Hamarkada luzeetan zamatu gaituen indarkeriari amaiera ordenatu eta zentzuduna eman behar diogu . Amaiera ordenatua, behin betikoa, egiazkoa eta zuzena” . Puntu honetan EBBko presidenteak mezu bat zabaldu nahi izan die oposizioko alderdiei, elkarrengandik antipoda politikoetan bizi direla harro esan arren ez baitute bat egiteko inolako arazorik EAJ-PNVren kontra egiteko bada. “Aste honetan bertan, batzuek leporatu digute Euskadiko areriorik nagusienekin hitzartu dugula, eta hauek aurpegiratu digute ETAren bozeramaileak garela. Beti egin behar izan dugu joeraren kontra. Baina beti egin dugu aurrera” baieztatu du.

Iruñakoa egin eta 40 urte geroago, Ortuzarrek azpimarratu du XXI. mendean jeltzaleek daukaten erronka nagusia dela “masa kritiko oso bat Nazio gisa kohesionatzea euskal herritarrei ahal dugun gizarterik bidezkoena eskain diezaiegun, gure Herria osatzen duten pertsonen oinarrizko beharrak bermatuta egon daitezen. Bizitza kalitateak eta giza garapenak nazio eraikuntzarekin bat egingo den herrialdea egituratzea. Hori da Estatus Berriaren helburua. Emakume eta gizon askeen nazioa. Boterearen aurrean denontzako berdintasuna babestuko duten herritarren eskubideekin. Aukerez betetako herria. Enpleguarekin. Berrikuntzarekin. Prestakuntzarekin. Gazteengan konfiantza izango duen gizartea. Bere nagusiak zaintzen jakingo duena. Familiei konfiantza emango diena. Ongizate estatu jasangarria bermatuko duena. Hori da gaurko Euzko Alderdi Jeltzalearen proposamena” baieztatu du EBBko presidenteak.

Partekatu:
Twitter Facebook