Osoko bilkurak 2022ko aurrekontua onetsi du; 123 milioi eurokoa guztira - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Osoko bilkurak 2022ko aurrekontua onetsi du; 123 milioi eurokoa guztira

Osoko bilkurak 2022ko aurrekontua onetsi du; 123 milioi eurokoa guztira

2021/12/30


Barakaldoko osoko bilkurak, berriz ere modu telematikoan egin dena, Udalaren 2022rako Aurrekontua onetsi du gaur arratsaldean. Kontu horiek, EAJ-PNVren eta PSEren aldeko botoekin, 123 milioi euro inguru batuko dituzte, gaur egungo baino % 8 gehiago. Udalak 122,8 milioi euro izango ditu hiru ardatz nagusitan lan egiteko: pertsonak, enplegua eta sustapen ekonomikoa eta auzo moderno eta jasangarriagoetarantz aurrera egitea.

"Aurrekontu indartsu bat izango dugu eta horri esker gaur egun eskaintzen ditugun kalitatezko udal-zerbitzuak mantendu ahalko ditugu, eta aurre egingo diogu zerbitzu edo hornikuntza batzuen garestitzeari; hala nola argi- eta gas-hornikuntzari, nabarmen handitu ahalko baitira", adierazi du Danel Sola Ogasuneko zinegotziak. Era berean, azpimarratu du oposizioko talde politiko desberdinek zuzenketen bidez aurkezturiko proposamenak onartu dituztela.

Gogoratu beharra dago datorren urtera begira Udalak tasak eta prezio publikoak izoztuta mantentzea erabaki zuela. Aurrekontuak hiru ardatz nagusi ditu: pertsonak; enplegua eta sustapen ekonomikoa hirian eta auzo moderno eta jasangarriagoak dituen Barakaldo baterantz aurrera egitea.

Lehenik eta behin pertsonak daude, gure bizilagunak; horregatik, udal-politika honako hauetan ardaztuko da: familiarik zaurgarrienen eskaerei erantzutea, 010 (Herritarren Arretarako Zerbitzuaren telefono-zenbakia) bezalako doako zerbitzuen prestazioa, bizilagunei izapideak online egiteko (Udalera bertaratu gabe) aukera eskaintzen dieten arreta-bulego elektroniko berrien sorrera (arrakala digitalari aurre eginez).

"Barakaldo bizitzeko eta lan egiteko hiri bat izan dadila nahi dugu, eta horretarako, enpresa, merkataritza eta ostalaritza txikiaren alboan jarraitzearen aldeko apustua egingo dugu, kalitatezko enplegua sortzen dutenak baitira. Tokiko kontsumoa bultzatuko duten neurriak sustatuko ditugu; hala nola tokiko jaiak berreskuratzea, ekintzailetza eta industria jasangarri eta adimentsuaren aldeko apustua egitean duten enpresa berriak erakartzea", nabarmendu du Solak.

Azkenik, aurrekontuak Barakaldo auzo moderno eta jasangarriak dituen hiri bilakatzen lagunduko du; inbertsioak egingo dira argiteria publikoan, hobekuntza berriak egingo dira kirol-ekipamenduan, ibilaldiak Barakaldoko historia- eta industria-memorian zehar, Wifi puntu berriak, edo klima-aldaketaren kontra lan egiteko laguntza-ildoak egonkortuko dira. "Barakaldo bigarren gizarte- eta hiri-eraldaketa handia bizitzen ari da, non auzoak eta pertsonak diren protagonista nagusiak. Horregatik jarraitu behar dugu inbertitzen gure auzoak modernizatzen, auzoak beren artean kohesionatzen eta geroz eta hiri berdeago eta jasangarriago bat izaten lagunduko diguten proiektuetan", azpimarratu du Solak.

AURREKONTUKO PUNTURIK NABARMENENAK

Gizarte-kapituluaren aldeko apustua egiten jarraitzen ari da, aurrekontuko baliabideen zati handi bat baita, eta Gizarte Ekintza, Kohesioa, Dibertsitatearen Kudeaketa, Emakume, Hezkuntza edo Gazteria bezalako arloak barne hartzen dira eta 42,4 milioi euroko zuzkidura du. Gizarte-aurrekontuari esker, Barakaldok adineko pertsonentzako eta mendekotasunarentzako kalitatezko zerbitzuak izan ditzake, hala nola Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua eta eguneko zentroak, egoitza-plazak, bakardadeari aurre egiteko arreta eta zahartze aktiborako proiektuak, hala nola Barakaldo Lagunkoia, adineko pertsonentzako atseginagoa den hiri baten alde; horietara 7,6 milioi euro inguru bideratuko dira.

Azpimarratzekoa da baztertzeko arriskua duten pertsonei arreta emateko egindako ahalegina, hala nola aterpetxe edo eguneko zentroek. Horien kasuan, aurrekontu berri honen bidez, zuzkidura 600.000 eurotan handitzea proposatu da, eta gizarteratze-ekintza eta -programetara eta zaurgarritasun-egoeretara bideratuko da milioi bat euro baino gehiagoko aurrekontu batekin. Ahaztu gabe gizarte-laguntzetarako partidak, zeinak 2,2 milioi euroko hasierako zuzkidura izango baitu. Emakumeen Arloak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako laguntza-kontratuen partida sendotzen jarraitzen du, Barakaldoko elkarte feministentzako dirulaguntzak barne. Horrek esan nahi du, emakumeen eta LGTBI+ kolektiboaren ekintza positiboekin batera, 2022an % 11 handituko dela aurrekontua, 2019an agintaldia hasierarekin alderatuta.

Kultura-kapituluak, Kultura, Euskara eta Kirol arloak barne hartzen dituena, 19 milioi euroko aurrekontua izango du. 2022an, Karmenak eta auzoko jai guztiak berreskuratuko dira, kultura-kolektiboen jarduera eta kaleko ekonomia sustatzeko. Gainera, kultura-dirulaguntzak mantenduko dira; Hala Dzipo-rekin batera Euskera Bilgunea jarriko da martxan, familian euskararen erabilera sustatzeko gunea. Aste Santuko udalekuak udako eta Gabonetako udalekuei batuko zaizkie datorren urtean, eta ia 300.000 euroko aurrekontua izango dute, hiru oporraldietan lana eta familia bateratzen laguntzeko, eta, aldi berean, parte hartzen duten haurren ikaskuntza eta gizarte-elkarreragina sustatzeko.

Barakaldo Antzokirako ekarpena nabarmen handituko da, programazio artistikoa, jarduera paraleloak eta antzerkia bera birmoldatzeko lanak sendotzen jarraitzeko. Barakaldo Kirolak zerbitzurako ekarpena handitzeak langileen soldata-igoera estaliko du, kirol-klubentzako eta ikastetxeentzako dirulaguntzak mantenduko ditu eta HGB Ausarta Barakaldo taldearentzako (gaur egun Saskibaloiko liga nazionalean parte hartzen duen emakumeen taldea) dirulaguntza indartuko du.

Hiriko inbertsioaren eta mantentze-lanen kapituluan 42,5 milioi izango dira. Kapitulu honetan Kbus hiri-autobusean erdigunetik urrutiago dauden auzoetara iristeko martxan jarritako linea berriei erantzuten zaie. Horrez gain, ikastetxe eta eraikin publikoen garbiketa indartuko da, eta datorren urterako aurreikusitako argiaren eta gasaren prezio-igoerari aurre egin ahalko zaio.

Usoa Tailerrak Udalaren alde egiten dituen prestazioak milioi bat euro baino gehiagoan handituko dira, udal-esparru osoan 4 milioi baino gehiago lortu arte. Horrek hobekuntza nabarmena ekarriko du honako zerbitzu hauetan: berdeguneak mantentzea, papera digitalizatzea eta suntsitzea, garbiketa-zerbitzu desberdinak... Azkenik, 700.000 euro bideratuko dira argiteria publikoa mantendu eta hobetzeko; horren barruan sartzen da udal-eraikinen eraginkortasun energetikorako azterlan bat egitea.

Alkatetzaren Arloak 3,8 milioi izango ditu. Berrikuntza gisa, bi hobekuntza jasotzen ditu 010 Herritarren Arretarako Zerbitzuan. Alde batetik, arreta indartuko da langile gehiagorekin eta, bestetik, telekomunikazioen kontratu-berri baten bidez, 010era egindako deien doakotasuna mantenduko da, eta Udalak hartuko du bere gain tokiko deiaren kostua. Komunikazioen kontratua ere hedatu egingo da estaldura emateko hezkuntza-zentroetako, kontserbatorioko, gizarte-ekipamenduetako eta adinekoen zentroetako Wifi puntu berriei. Era berean, bi bulego elektroniko berri instalatuko dira.

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook