Sei arrapala mekanikok lotuko dituzte Lutxana eta Gurutzeta, Andikollano kaletik - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Sei arrapala mekanikok lotuko dituzte Lutxana eta Gurutzeta, Andikollano kaletik

Sei arrapala mekanikok lotuko dituzte Lutxana eta Gurutzeta, Andikollano kaletik

2018/07/10


Lutxanak erabat ahaztuko ditu aldapak Gurutzeta auzoarekin lotzeko jarriko diren sei arrapala mekanikori esker. Hurrengo asteotan, Udalak lehiaketara aterako du proiektuaren gauzapena, hirigune biak lotzeko eta Llanoko anbulatoriorako bidea erosoago egiteko proiektua.


Obra konplexua da, bai luzerarengatik, bai Andikollano kalearen aldapagatik. Horrela bada, proiektuak arrapala mekanikoaren sei tarte erabiltzea aurreikusi du, gutxienez 55 metroko luzerakoak. Obra bi ataletan banatuta dago, Lutxanatik Gurutzetara.


Lehenengo arrapala lehenengo zebra-bidearen ondoren jarriko da, ezkerraldean (igotzeko norabidean), “Lutxanako osasun-zentrorako irisbidea errazteko” azaldu du Barakaldoko alkate Amaia del Campok. Egitura jartzeko, bide-tarte horretako berdegunea erabiliko da, anbulatorioaren aurrean dagoen autobusaren markesinaren atzealdean. “Horrela, aparkatzeko toki guztiak mantenduko ditugu, badakigu oso beharrezkoak direla auzoan eta” zehaztu du Del Campok.


Gainerako arrapalak, beste bostak, Texidor kalearen bidegurutzetik aurrera jarriko dira, Gurutzetarantz. Bide-tarte horretan kalearen eskuinaldea okupatuko da, lerroko aparkalekuen espazioa erabiliz. “Aparkatzeko lekurik ez galtzeko, inguru horretako trafikoa berrantolatu eta erdiko erreia kendu egingo da, gaur egun ezkerraldera biratzeko baino ez baita erabiltzen, eta ezkerraldean aparkalekuak egingo dira” zehaztu du Del Campok.


Horrela, 3,40 metroko bi bide geratuko dira, eta ezkerraldean, 2,20 metroko lerroko aparkalekua. “Oso zaila da hiriari erosotasunak ematea oinezkoentzako edo ibilgailuentzako espaziorik galdu gabe. Berrantolaketa honetan ahalegin handia egin da eta aparkatzeko leku guztiak mantentzea lortu da” azpimarratu du alkateak.
Aparkatzeko leku gehiago eta Llanorako espazio publiko berria


Proiektuak mantenduko ditu oraingo espaloiak, baina zabaldu egingo ditu zebra-bideen ondoan, oinezkoen segurtasuna handitzeko. Gainera, eskuinaldean, autobus geltokia eta markesina aldatu egingo dira.


Irisgarritasuna hobetzeko jarduketa hau Justo Pérez de Etxebarria plazako espazio publikoa berrantolatzeko aprobetxatuko da, Andikollano kalearen 42. zenbakiaren parean. “Une honetan, zoladura oso hondatuta dago eta plazaren inguruan lore-ontziak eta jarlekuak daude. Plaza birmoldatu egingo da, aire modernoagoa emango zaio, lore-ontziak kendu eta aparkatzeko 15 toki gehiago sortuko dira” esan du alkateak. “Plazaren barrualdean, jarleku berriak eta zuhaitzak jarriko dira” gehitu du. Zoladura gorria jarriko da, orain dagoenaren bezalakoa.
Amaitzeko, Llano ikastetxearen patioan ere lanak egingo dira. “Argenta kaleko herritar batzuk Udalarekin jarri ziren harremanetan ikastetxeak behealdean hesiz inguratuta duen patioa (oso gutxi erabilia) auzoarentzat zabalik egotea proposatzeko, hau da, Llanorako jolasgune eta atseden-gune berria izatea" azaldu du Del Campok.


Horretarako, patiorako bi sarbide berri egingo dira, bata Argenta kaletik arrapala irisgarria, eta bestea, Cirilo Sagastagoia kaletik eskailerak. Bestalde, patioan dagoen horma bat aprobetxatuko da 2,5 metroko rokodromo bat egiteko, eta kautxuzko zoladura jarri, eta “auzoan, jolaserako eta atsedenerako gune berria sortuko da, orain arte egon ez diren kirol instalazioekin, hala nola rokodromoa” azpimarratu du.


Lizitazioa eta lana gauzatzea


Proiektuaren aurrekontua 2 milioi eurotik gorakoa da, 2,344.215 eurokoa hain zuzen, eta hurrengo asteotan aterako da lizitaziora. Lanak egiteko epea sei hilabetekoa ezarri da.
“Hiru urtetan, barakaldarrek askotan eskatu izan dituzten bi irisbide mekaniko sustatzea lortu dugu, bata, Arrontegin, amaitzear dagoena, eta bestea, Andikollanon, laster errealitate bihurtuko dena. Oso pozik gaude Barakaldo guztiok nahi dugun hiri eroso eta modernoa izateko erritmoa hartzen ari delako” azaldu du alkateak.


“Aurten, hiriko beste leku batzuetako irisgarritasuna hobetzeko azterketa berriak ere abiarazi ditugu, hala nola Eguzkiagirren, Etxatxun eta San Luisen, udal aurrekontuak bide ematen duenean lanak egin ahal izateko” esan du amaitzeko.

 

Partekatu:
Twitter Facebook