Udal Euskaltegian, ikasle kopurua hazi egin da, eta ostalari eta merkatariz osatutako lehenengo taldea sortu dute - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Udal Euskaltegian, ikasle kopurua hazi egin da, eta ostalari eta merkatariz osatutako lehenengo taldea sortu dute

Udal Euskaltegian, ikasle kopurua hazi egin da, eta ostalari eta merkatariz osatutako lehenengo taldea sortu dute

2016/01/20


Primeran hasi da ikasturtea Barakaldoko Udal Euskaltegian. Ikasturte hasieran euskararen ezagutzan sakontzeko udal euskaltegi hau aukeratu zuten ikasleen kopuruak gora egin du (ia ehun lagun gehiago), iazko ikasturtearekin alderatuta. Barakaldarrek udal ekipamendu horretan duten uste ona areagotu egin dute merkatari eta ostalariek, sektorerako berariazko lehenengo taldea sortuz.

Oso berri ona da matrikulazio hazkuntza Barakaldorako. Udal Euskaltegiaren lokala zonaldeko handiena da euskaltegi pribatuekin alderatuta, eta hirugarrena da, berriz, eskaintzen dituen eskola-ordu kopuruari dagokienez: aurten, 14.412 ordu gehiago emango ditu.

Barakaldokoa izan da aurten haztea lortu duen bakarra. Iazko ikasturte hasieran 705 matrikula egin ziren; aurten, berriz, 781. Ikasturtean zehar beste 170 bat matrikula egitea dagoela kontuan hartuz, 955 ikasle bil ditzake Euskaltegiak aurton. “”Oso berri ona da, ez bakarrik herritarrek euskararekiko gero eta interes handiagoa dutela erakusten duelako, baizik eta udal erakundearenganako uste ona erakusten duelako ere” nabarmendu du Hezkuntzako zinegotzi Nerea Canterok.

MERKATARI ETA OSTALARIZ OSATUTAKO LEHENENGO TALDEA

Udalerriko merkatari eta ostalariei zuzendutako ikastaro berriak eskaini zituen Udal Euskaltegiak irailean, euskara hiriko lokaletan sustatzeko. Ezin hobeto erantzun dio sektoreak eskaintza berriari, lehenengo ikastaldea sortuz. Horrela, sektoreko hamar bat langile elkartuko dira Euskaltegi barakaldarrean, euskara hobetu, eta beren bezero euskaldunekin berba egin ahal izateko.

“Merkatari eta ostalariek euskara ahalegin handiegirik egin gabe ikastea zen gure helburua" azaldu du Canterok. “Ikastaro atseginak izatea nahi dugu, mailarik altuenetara iristeak eskatzen duen ahalegina egin beharrik gabekoak” azpimarratu du.

Beste hiru proposamen berri atera dira aurrera: modulu mistoa, batxilergoko taldea eta mintza-taldea. “Guztiek izan dute arrakasta” azaldu du zinegotziak. Modulu mistoan, 52 lagunek hartuko du parte; batxilergokoan, 56 ikasle ahaleginduko dira hizkuntza eskakizunak gainditzen, eta mintza-taldean, 26 ikasle ahaleginduko dira hizketa maila hobetzen.
Iazkoarekin alderatuta, bi orduko moduluek behera egin dute, eta gora, ordea, lau ordukoek. Lehenengo kasuan, 431tik 392ra jaitsi da ikasle kopurua; bigarrenean, berriz, 34tik 46ra igo da.

 

Partekatu:
Twitter Facebook