Udalak erkidego-patioetan hiri-ortuak jartzea bultzatzen du - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Udalak erkidego-patioetan hiri-ortuak jartzea bultzatzen du

Udalak erkidego-patioetan hiri-ortuak jartzea bultzatzen du

2022/02/09


Udalak Barakaldoko egoitza-eraikinetan hiri-ortuak jartzea sustatzeko ekimen berritzaile bat aurkeztu du gaur. `Hazi zure patioa' izenburupean, ortu-instalazio horiek jar ditzaketen erkidego-patioak identifikatuko dira.

Udalak azaldu duenez, Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketako Arloak hiri-ortu bat izan dezaketen erkidego-patioen inbentario bat egiten dihardu. Lan hori 2021-2022 Enplegu Planaren bidez kontratatutako pertsona bat ari da burutzen (prestakuntzaz delineatzailea), Arloko langileen laguntzarekin. Eta, orain, lan hori indartuko da, informazio-kanpaina baten bidez.

"Ekimen honen berri eman nahi diegu Barakaldoko herritarrei. Gure bizilagunak inbentarioa prestatzeko fasean inplika daitezela nahi dugu. Gainera, aukera hau aprobetxatuko dugu beren erkidego-patioetan hiri-ortuak jartzeak dituen abantailak zabaltzeko", azaldu du Udalak.

Udalak azpimarratu du hiri -ortuek onura asko dituztela elikagaiak landatzeaz eta jasotzeaz gain. Horrek ahalbidetzen du etxebizitzen eraikinen espazioak (erabiltzen ez direnak edo gutxi erabiltzen direnak) berreskuratzea, erkidegoetako ingurumenaren irudia hobetzea eta gure hiria aireztatzea. Ortu horiek, era beren, balio erantsia ematen diote jaten dugunari, izan ere, guk geuk uztatzen ditugu elikagai horiek. Gainera, bizilagunak elkartzeko eta elkarri eragiteko gune bihurtzen dira, gizarte-harremanak bultzatuz", azpimarratu du Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketako zinegotziak.

Erkidegoetako patioak ortuak jartzeko erabiltzearen beste abantaila bat da herritarrak garapen jasangarri eta osasungarriaren garrantziaz kontzientziatzen laguntzen duela.

"Pisuetan bizi diren barakaldar guztiei eskatu nahi diegu jakinaraz diezagutela beren erkidegoak patio bat duela; hemen agertzen den helbide elektronikora mezu bat bidalita: urbanismo@barakaldo.eus. Inbentario bat izatea lehenengo urratsa da Barakaldoko etxebizitza eraikinetan hiri-ortuak jartzea errazteko", azpimarratu du.

Era berean, zinegotzia Barakaldoko finken administratzaileekin harremanetan jarri da, jabekideen erkidegoekin bitartekari-lanak egin ditzaten eskatzeko eta erkidego-patioen inbentarioa egiten ari den pertsonaren bisita ahalbidetu dezaten, behar diren datuak biltzeko. Asmoa bisitak hilabete honetan abiaraztea da.

ORTU PUBLIKOAK LUTXANTA ETA DESERTU-URBAN EREMUAN
Udalak gaur aurkeztu duen ekimenak bat egiten du Eretza udal hirigintza-sozietateak eta Garapen Jasangarrirako eta Ingurune Naturala Zaintzeko Arloak Barakaldon, zehazki Lutxanan, titulartasun publikoko erkidegoetako lehenengo hiri-ortuak jartzeko hartu duten erabakiarekin.

Hiri-ortu publikoetarako guneak 8.000 metro karratu inguru hartzen ditu, eta Itsasadarreko errepidearen eta Orconerako parkearen artean dago, Lutxanako plaza bezala ezagutzen zena. Era berean, hiri-ortuak jarriko dira Bilbao Ría 2000 sozietateak itsasadarraren ondoan (Desertu-Urban eremuan) prestatuko duen Erribera Parkean.

Partekatu:
Twitter Facebook