Barakaldoko hiri-autobusa auzo gehiagotara helduko da kontratu berriarekin. Gobernu taldeak hartutako konpromiso hau aurrera eramateko, udal garraioa urrutien dauden auzoetara hurbiltzeko egon daitezkeen modu desberdinak zehazten dituen laguntza teknikoa kontratatu du.
Udala mugikortasun plana garatzen ari da. Plan honen barruan hirian garraio publikoz mugitzeari buruzko atal orokor bat ere badago “baina zehatz-mehatz zehaztu behar da Kbusaren ibilbidea zabaltzeko eta auzoetara heltzeko egon daitezkeen aukera, ordutegiak, etab." Azaldu du Hirigintza, Azpiegiturak eta Udal Zerbitzu Arloko zinegotzi Jon Andoni Uriak.
Aipatu guztia da kontratatutako laguntzak egin beharrekoa, bai eta 1. linearen ibilbidea amaitzeko aukera zehaztea ere, ibilbide zirkular bilakatuz eta autobusen zirkulazioa norabide bietan mantenduz.“Aukera horri esker, itxaronaldia eta ibilbidea laburragoak izan daitezke, eta gainera, Larrea, El Castañal edota Sefanitroko hirigintza-zabalkunde berrira (Lutxana) ere iritsi daiteke Kbus zerbitzua" adierazi du zinegotziak.
Kontratatutako xehetasunezko azterketak zerbitzu publiko hau Kastrexana, Zubileta, La Constancia eta Kadagua auzoetara eramateko gaur egun dauden aukerez gain, Burtzeña auzora zabaltzeko aukera ere eskainiko du. “Hauteskunde programan hartu genuen konpromisoa da eta, laguntza teknikoari esker, Kbusaren kontratu berrian sartu ahal izango ditugu aldaketa guztiak” gogorarazi du Uriak.
Zubileta, Urgozo, La Dinamita, Kadagua eta Burtzeña auzoetan hiri garraioa jartzeko bide ematen duten aukera posibleak aztertzeko eta zehazteko urratsak egitea eskatzen zuen mozioa onartu zen 2015eko abenduko Udalbatzan. Gainera, aukerarik onena zehaztu eta kontratua amaitutakoan, zerbitzua egokitzeko behar diren aldaketak sartuko zirela ere jasotzen zuen mozioak.
“Laguntza teknikoa amaitzear dago, beraz, uste dugu laster izango ditugula Kbus zerbitzuaren prestazio berriak kontratuan behar bezala sartzeko beharrezko datu guztiak” esan du Uriak.
Partekatu: