Udalak Orconerako tunelaren ezkerraldean dagoen horma eraitsiko du erabiltzaileen segurtasuna eta ikuseremua hobetzeko - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Udalak Orconerako tunelaren ezkerraldean dagoen horma eraitsiko du erabiltzaileen segurtasuna eta ikuseremua hobetzeko

Udalak Orconerako tunelaren ezkerraldean dagoen horma eraitsiko du erabiltzaileen segurtasuna eta ikuseremua hobetzeko

2018/07/12


Orconerako tunela Barakaldoko Lutxana auzoan dago, eta hiriko emakumeek segurtasunik gabeko puntutzat jotako gune garrantzitsuenetako bat da. Izan ere, sarbideetako batean, Orconera parkearen ondokoan hain zuzen, bide estua igaro behar dute erabiltzaileek, kutxa batean sartuta bezala. Udalak hurrengo asteotan lizitatuko du ezkerraldeko horma botatzea ahalbidetuko duen obra. Horma eraitsi ondoren, Lutxanako erdigunera iristeko bide hori egiten dutenen ikuseremua hobetu egingo da.


Hiriko segurtasunik gabeko puntuak antzemateko ibilbideak egin zituzten emakumeek egindako eskarietako bat horma eraistea izan zen. Amaia del Campo alkateak ere parte hartu zuen ibilbideotan, eta Udaleko teknikariei eskaera hori aurrera eramateko bidea azter dezatela eskatu zien. “Lurpeko igarobidea ez da Udalarena, beraz, ezin dugu hor jardun, baina egia da hortik pasatzean leku estua dela eta kutxan sartuta bezala sentitzen garela, batez ere emakumeok, horma altuak eta opakuak baitaude” azaldu du Del Campok.


Beraz, ezkerraldeko horma eraitsiko da, eskuinaldekoa lurrei eusteko jarri baitzen. 92,54 metroko bide-tartean jardungo da, eta obra horri esker, “tuneletik igarotzen diren oinezkoak errepidetik ikusi ahal izango dira” azaldu du alkateak.


Eraisketa-lanetan 10.781,31 euroko (BEZik gabe) inbertsioa egingo da.


Kareagako lurpeko tunelak ixtea


Aipatu jarduketarekin batera, Kareagako tunelak behin betiko kentzeko aurreikusita dauden lanak ere egingo dira, dagoeneko Kontratazio Arloan dago jarduketa, eta horri esker, azaleko pasabide seguruak egin ahal izango dira. Barakaldoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko akordioari esker, 235.800 euro inbertituko dira semaforoek araututako hiru pasabide egiteko; bat Kareagan; beste bat, futbol-zelaiaren ondoan; eta azkena, Retuerto auzorako sarbidean. Inguru horretako bide-zoruan dauden kalteak ere konponduko dira.


“Udalerriko emakumeen segurtasuna hobetzeari dagokionez, azken hiru urteotan martxan jarri ditugun jarduketetan pausu bat gehiago eman dugu. Lehenengo, Burtzeñako tunelak behin betiko itxi genituen; gero, Renfekoa (Desertu Berria); eta orain, Kareagari dagokio igarobide horiek baztertzea” azpimarratu du alkateak.

 

Partekatu:
Twitter Facebook