Urteko bigarren seihilekoan hasiko da jardunean Barakaldoko Gurutze Gorriaren egoitza berria - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Urteko bigarren seihilekoan hasiko da jardunean Barakaldoko Gurutze Gorriaren egoitza berria

Urteko bigarren seihilekoan hasiko da jardunean Barakaldoko Gurutze Gorriaren egoitza berria

2018/01/19


Errealitate bihurtu da dagoeneko Gurutze Gorria Barakaldora itzultzea. Gaur goizean sinatu dute alkate Amaia del Campo eta Bizkaiko Gurutze Gorriko lehendakari Javier Zerragak lankidetza hitzarmena, erakundea berriz ere hirian lan egitera bueltatzeko, 17 urte geroago. Horrela, bada, Gurutze Gorriak lehen erabili zuen lokala utziko dio Udalak, eta trukean, birgaitu egingo du erakundeak, bai eta hiriari eskaintzen dizkion zerbitzuak ugarituko ere.

Karrantzairu kaleko 6an tokitutako lokala eraberritzeko lanei ekingo diete datozen hilotan, hitzarmenari esker. Gurutze Gorriaren ustez, urteko bigarren seihilekoan hasi ahal izango dira jardunean. “Oso ona da berria hiriarentzat, beharrizan handienak dituztenen arreta (edadetuena, ekonomia arazoak dituzten familiena, gure txikiena) sendotuko baitu horrela Barakaldok. Gurutze Gorriaren eskarmentua eta lan finak bermaturik datorrenez arreta, oso onuragarria izango da gure udalerriarentzat” esan du Del Campok.

Hitzarmenaren arabera Karrantzairu kaleko lokala – ia 500 metro koadrokoa - 20 urtez lagako zaio erakundeari, Bizkaiko Gurutze Gorriaren Esku-hartzeko Gizarte Plana abiaraz dezan. Gizarte-bazterkeriaren hainbat arlo jorratzeko programak egingo dira egoitzan, ikuspegi integraletik abiatuta, erantzun eraginkorrak eskaintzeko egoera ahulean diren herritarrei, hala nola, edadetuei, gizarte-bazterketako egoeran diren pertsona edo familiei, immigrante eta errefuxiatuei, langabetuei, etxegabetuei, elbarrituei, haurrei eta gizarte-arazoak dituzten familia edo emakumeei.

“Lokala lagatzeren truke bi helburu lortuko ditugu: oso egoera txarrean den udal lokal bat berreskuratzea, Udalarentzat batere kosturik gabe, batetik, eta, bestetik, zaurgarritasun egoeran diren barakaldarrei laguntzea" laburtu du alkateak “Gurutze Gorriaren itzulerak esku-hartzeko gizarte programa berriak edo boluntariotzakoak ekarriko baititu Barakaldora, eta Udalak garatzen duena osatuko du".

LOKALA ERABAT ERABERRITZEA

Bere gain hartuko ditu Gurutze Gorriak lokala eraberritzeko lanak bai eta lanen kostua ere. “Pertsona da gure konpromisoaren ardatza; eta gure helburua, harengandik geroz eta hurbilago egotea. Horregatik, k indartu eta mesedetu egiten du udalerriko herritar zaurgarrienei emango diegun arreta Barakaldon geure espazioa izatea” esan du Zarragak.

“Hirugarren sektoreko erakundeen lana indartzea da gure konpromisoetako bat. Eta pixkanaka goaz egin dugun apustuaren emaitzak ikusten: Gurutze Gorria hirira itzuliko da; etxerik gabekoek zabalik izango dute Eguneko Zentroa urteko egun guztietan, hitzarmenari esker; hirian aterpetxe berria dugu... Bat bera da ekimen horien guztien helburua: gure zerbitzuak hobetzea, beharrizan handienak dituzten herritarrentzat" esanez amaitu du solasa Del Campok.

Partekatu:
Twitter Facebook