Zergen progresibotasuna barne hartzen dituzten egoitza-baliabideen erabilera arautzen duen ordenantza - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ

 

Hasiera > Albisteak > Zergen progresibotasuna barne hartzen dituzten egoitza-baliabideen erabilera arautzen duen ordenantza

Zergen progresibotasuna barne hartzen dituzten egoitza-baliabideen erabilera arautzen duen ordenantza

2018/04/27


Gaur arratsaldeko Udalbatzan, ordenantza berri bat onartu du Barakaldok, Udalak eskaintzen dituen adinekoentzako egoitza-baliabideen erabilera arautzeko. Mendekotasun gradurik ez duten adinekoen edo I. graduko mendekotasuna duten adinekoen egoitza beharrari erantzungo dion zerbitzua abian jartzeko lehenengo urratsa da araudia. Prezio publikoari buruzko araudiaren bidez, eta nobedade modura, zergen progresibotasunaren kontzeptua txertatu da baliabideak ordaintzeari dagokin arloan, eta horrek bide emango du gehien dutenek gehiago ordaintzeko.

Ordenantza prestatzen jardun duten alderdi politiko guztien proposamenak bildu ditu araudiak. Onartutako neurrian artean EAJ-PNV eta Irabazik aurkeztutakoa - Prezio Publikoa arautzari dagokiona – da nabarmentzekoa: zergen progresibotasunaren kontzeptua txertatu dute 3.000 eurotik gorako ondarea daukatenentzat; beraz, plazaren kostua ondarearen arabera banatuko da, % 65etik % 100era bitartean, (3.000 eta 16.135 euroren urkila ezarriko da).


Ordenantzara bilduta daude etxebizitza komunitarioak, tutoretzapeko apartamentuak eta egoitzetako plazak: Eudelekin adostu zen neurria, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta eskualdeko udalerriekin batera.
Besteak beste arautzen ditu, nork izan dezakeen egoitza-plaza iraunkorra, zer beharkizun bete behar diren eskaera egiteko, araubide ekonomikoa, sartzeko administrazio-prozedura, lehentasun irizpideak, egoitza-plazak atxikitzea eta premiazko egoerak. Era berean, aldi-baterako egotaldiak hartu dira kontuan. “Honela, bermea, lasaitasuna eta segurtasuna eskaintzen diegu baliabideok erabili beharra dituzten auzotarrei” adierazi du Gizarte Ekintzako zinegotzi Mikel Antizarrek.


ZIKLISTENTZAKO HIRI SARERA ATXIKITZEA


Ziklistentzako Hiri Sarera atxikitzea ere onartu du Udalbatzak. “Garraiobide jasangarria da bizikleta, eta aintzat hartzen du gainera ingurumena; horregatik komeni da garraiobide horren alde egitea, ez bakarrik aisialdian erabiltzeko, baizik eta ohiko joan-etorrietarako ere” adierazi du Hirigintza Diziplina eta Ingurumeneko zinegotzi Gorka Zubiaurrek. “Sare honetara sartzeak aukera emango die barakaldarrei erraz lortzeko, esate batera, "Bizierregistroa" tresna, bizikletak lapurretatik babesten dituena”


Udal Zerbitzuen Arloak lehendik ere aparkatzeko aldeak sendotu eta segurtasuna areagotzeko egindako ekintzen (lau urkiladun aparkalekuak) osagarria da sarera atxikitzea. Horrez gainera, pixkanaka ari dira hiriko bidegorri tarteak osatzen. Alde horretatik egin den azkeneko jarduketa da Azkueko ingurabideko tartea, La Arena hondartza eta Zuhatzo-Arteagabeitiarekin lotua, eta Lutxanako aldirietara ere iristen dena. Burtzeña Parkea eta BilbaoRía2000 sozietate publikoei eta Bizkaiko Foru Aldundiari ere adierazi zaie beste udalerrietako bidegorriekin lotura egin beharra dagoela.


“Alde horretatik, asmo ederra iruditzen zaigu bizikleta sustatu eta bultzatzearekin zerikusia duen guztia” zehaztu du zinegotziak, eta, bidez batez, barakaldarrak animatu ditu, egiten dituzten joan-etorriak bizikletaz egin ditzaten.


HTS/VSF TRAZATUARI EGINDAKO ALEGAZIOEK, ERANTZUNIK EZ
Maiatzaren 10aren aurretik Hegoaldeko Tren Saihesbideari buruzko lan-mahai baterako deia egiteko akordioa ere lortu du Udalbatzak. “Egungo proiektuaren trazatuari buruzko alegazioak aurkeztu zizkion gobernu taldeak gobernu zentralari, lurperatua izan zedila eskatuz. Oraindik, ordea, ez dugu erantzunik jaso” adierazi du Jon Andoni Uriak. “Nobedadeak izatekotan, mahaia eratzeko deia egingo genuela agindu genuen. Orain arte ez dugu batere erantzunik jaso, eta Euskal Trenbide Saretik ere ez dugu hautabideren baterako proposamenik izan. Alegazioek erantzunik jaso ez dutenez, eta proiektuaren tramitazioak aurrera egin ez duenez, ez dugu biltzeko deirik egin” gogoratu du Uriak.


Egia da ETSk eskatutako lan geoteknikoak egiteko baimena eman dela, ezinbestekoak baitira trazatuaren lurren ezaugarriak ezagutzeko. “Ez dago zertan ezer txarrik susmatu horrengatik, kontrakoa baizik: horrek erakusten du lurperatzeko aukera serio aztertzen ari dela" adierazi du zinegotziak. “Aintzat hartzen dugu mozioaren edukia, eta bidezkoa iruditzen zaigu bertan adierazten den kezka, baina ez da egia herritarrei bizkar emanda ari garelako susmoa. Egingo dugu deialdia, baina, datozen egunotan nobedaderik ez bada, ez diogu ezer berririk erantsiko denok ezagutzen dugunari" zehaztu du.


Jonan Uria bozeramaileak gogorarazi du alkate Amaia del Campok eta Barakaldoko EAJ alderdiak lehengo jarrera berari eusten diotela HTS proiektuari dagokionez. “Manipulazioen bidez besterik erakutsi nahi den arren, alkatea beti egon da eta dago proiektuaren alde, herrialderako onuragarria delako, baina, egungo trazatua astakeria hutsa iruditzen zaio Barakaldorako. Hori zen gure lehengo jarrera, eta hori bera da oraingoa” esanez amaitu du.

 

Partekatu:
Menéame Twitter Facebook




KEXA ZAITEZ!

Adiera zaitez! Bidali zure kexa. Zerk kezkatzen zaituen jakin nahi dugu.

Izena:

Posta elektronikoa:

Testua:

Barakaldoko EAJren Facebook profila Barakaldoko EAJren Google + profila Barakaldoko EAJren Twitter profila Barakaldoko EAJren Youtube kanala Barakaldoko EAJren Flickr kanala Barakaldoko EAJren Instagram kanala