Barakaldoko Inauteriak otsailaren 25etik martxoaren 6ra bitartean iraungo du, desfileak mantenduz eta programazioa Covid egoerara egokituz - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldoko Inauteriak otsailaren 25etik martxoaren 6ra bitartean iraungo du, desfileak mantenduz eta programazioa Covid egoerara egokituz

Barakaldoko Inauteriak otsailaren 25etik martxoaren 6ra bitartean iraungo du, desfileak mantenduz eta programazioa Covid egoerara egokituz

2022/02/04


Otsailaren 25etik martxoaren 6ra Barakaldo inauteriez jantziko da. Udalak ekitaldiei eustea erabaki du, jendetsuenak diren edo gastronomiaren inguruan egiten diren jarduerak saihestuz. Horrela, desfileak segurtasun neurri guztiekin mantenduko dira, baina egitarautik kendu egin dira ostiraleko gazteen jaia, Herriko Plazako larunbateko festa, txokolatadak eta Inauterietako postre-lehiaketa tradizionala. "Udaletxetik parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak, mozorrorik onenak erakutsiz, baina baita koronabirusaren aurkako segurtasun-neurri guztiak errespetatuz ere, Olentzero eta Errege Magoen etorrerarekin Gabonetan egin ahal izan dugun bezala.", adierazi du Nerea Cantero Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria arloetako zinegotziak.

Ekitaldiak ostiral arratsaldean hasiko dira, 19:30ean, Herriko Plazan, Euskal Inauteriekin. Bertan Barakaldoko lau dantza taldeetako musikari eta dantzariek parte hartuko dute. Ondoko hauek dira taldeok: Amaia, Erreka-Ortu, Ibarrakaldu eta Laguntasuna. Urtero legez, euria egiten badu, jarduera Barakaldoko pilota-lekura eroango da.

Larunbateko desfileak, bai Barakaldokoa eta bai Gurutzetakoa ere, mantendu egingo dira, baina segurtasun-neurri berriekin. Bi desfileotan, 40 lagun baino gehiago ez izatea eskatzen zaie kuadrillei, errazagoa izan dadin kuadrillen arteko segurtasun-tarteak mantentzea desfilearen barruan. Horrezaz gainera, maskara mozorroaren atal gisa integratzera behartuko da, desfilean modu egokian erabiltzen dela bermatze aldera. Azkenik, desfile nagusian izena ematen duten lehen 25 kuadrillek 100 euroko dieta jasotzeko eskubidea izango dute. Aurten, desfilean 7.250 euro banatuko dira, 12 saritan.

Desfile nagusia ordu erdi aurreratu da beste urteekin alderatuta; horrenbestez, 18:00etan abiatuko da San Bizente parketik. Miranda etorbidea, Gernikako Arbola eta Foruen pasealekua zeharkatuko ditu harik eta Herriko Plazara iritsi arte. "Sariak banatu ondoren egiten den ohiko festa bertan behera geratu da aurten, plazan pilaketak saihesteko, eta, beraz, sariak banatu ondorik programazioa amaitu egingo da", azpimarratu du Canterok.

Beste alde batetik, Gurutzetako Gizarte Etxeak Inauterietako Jaitsiera Handia antolatuko du berriro. Tradizio hori hagitz erroturik dago Gurutzeta auzoan. 18:00etan abiatuko da, eta, nobedade modura, Juan Ramón Jimenez ikastetxe publikoan amaituko da ibilbidea, gune itxi batean jendetzarik ez sortzeko. Lehiaketa honetan 1.300 euro baino gehiago banatuko dira, sei saritan.

Bi desfileotan izena emateko epea otsailaren 14an irekiko da, eta kuadrillak erregistratu ahal izango dira Gurutzetako Jaitsiera Handiaren kasuan, hilaren 23ra arte Gurutzetako Gizarte Etxean bertan, edo 25era arte 12:00ak baino lehen, Kultura-Programen Bulegoan ¿San Bizente kalea, 46, beheko solairua¿ (astelehenetik ostiralera: 9:00etatik 14:00etara) desfile nagusiaren kasuan. "Barakaldarrak parte hartzera animatzeko aprobetxatu nahi dut, Olentzeroren eta Errege Magoen Gabonetako kalejirak egin genituen erantzukizun berarekin, ospakizun horietan ez baitzen inolako arazorik izan", adierazi du zinegotziak.

JAIAREN AMAIERAK SARDINA IZANGO DU NOBEDADE

Ziurrenik, astelehenean, hilak 28, jardunaldi alternatibo bat egingo da, txikienentzako aisialdiko proposamen ugarirekin. Horrela, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara, Herriko Plazan haurrentzako egitarau alaia, puzgarriak eta inauterietako tailerrak izango dira, Barakaldoko aisialdiko kluben eskutik.

Asteartea, hilak 29, inauteriei eta Taranbolori, Barakaldoko inauterietako pertsonaia protagonistari, agur esateko unea izango da. Horretarako, hileta-kalejira egingo da Taranbolo ondoan delarik, Bide Onera plazatik Herriko Plazaraino, Barakaldoko Arimaktore Elkarteak irudikatuko dituen alargunekin batera. "Horiez guztiez gainera, aurten Alacanteko Maracaibo Antzerki konpainiaren hiru hiletari erraldoik osatzen dute hileta-segizioa. Aurtengo nobedade gisa, Herriko Plazako ibilbidearen amaieran sardina erre egingo da algaraz eta olgetaz, eta su artifizialen gaztelu batekin itxiko da arratsaldea. Su handi bat ere egingo da, ekintza txarrak edo pentsamendu negatiboak erretzea sinbolizatuko duena", adierazi du Canterok.

Azkenik, garrantzitsua da azpimarratzea ezen hurrengo asteburuan, martxoaren 5ean eta 6an, herriko dantza taldeek euskal inauterietako hainbat emanaldi eta kalejira antolatuko dituztela beren auzoetan.

 

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook